ETA erakundearen sorrera eta amaiera, «edo sorrera eta amaiera bana», Burgosko Prozesuak josiak, eta bizipen eta gogoeta pertsonalen bitartez osatuak. Eta lerro artean, arroz urez idatziak, «ikusezin gorde behar izan diren» hamaika kontu. Horiek Mikel Antzaren (Donostia, 1961) Arroz urez liburuaren osagaiak. Txalapartarekin eman du argitara, eta atzo aurkeztu zuen, Iruñean. «Sailkatu beharraren ondorioz» saiakera literario gisa aurkeztu dute, baina «testigantzatik, memoriatik edo kronikatik» ere baduela zehaztuta.
Antzak hiru epetan banatzen du bere literaturgintza: lehenengoa, 1985ean Euskal Herritik ihes egin aurretik idatzitakoa; bigarrena, 2004tik 2019ra arte kartzelan izandako garaikoa; eta hirugarrena, 2019an Euskal Herrira bueltatu ondorengoa. «Eta itzuli nintzenetik aurrerakoa ez nekien nolakoa izango zen», adierazi du.
Hirugarren epeko lehen liburua, orain aurkeztu duena, ez zuen aurretik pentsatua, eta abiapuntua ez zen beretik sortu; Gara egunkariak duela urtebete egindako proposamen batetik baizik. Burgosko Auzia. Iraultza eta Bizi! eleberri grafikoa izango zenaren gidoia eta eranskin bat idazteko proposatu zioten, auzi hori zer izan zen azalduz. «Eranskina egitean ohartu nintzen nire biografiak harreman berezia duela Burgosko auziarekin». Eranskina idaztean, hainbeste loditu zen, ez zela sartzen, eta liburu bihurtzea erabaki zuen.
Garazi Arrula Ruiz editorearen arabera, euskal gatazkari buruzko kontakizun bat da, baina «Mikelen buru-gorputzetik iragazia». «Hainbeste, non esan daitekeen ematen duela parekatzen dela ETAren sorrera, Mikelen gurasoek elkar ezagutzearekin». Hala, introspekzio ariketa baten bidez, testua «Txabi Etxebarrietarekin hasi eta tia Luzirekin bukatu» du, tartean beste hamaika izen «esanguratsu, oihartzunezko edo ezezaguni» lekua eginda.
Antzak azpimarratu duenez, hala ere, ez du «gatazkaren generoan aditu bihurtzeko gogorik», ez eta gatazkaren kontakizunaren tirabiretan sartzeko asmorik ere, pertsonalki ez baitu osasungarri ikusten. Liburua ez da, beraz, «bataila baterako munizioa». «Nik bizitakoa kontatu dut, ahal izan dudanera arte», zehaztu du. Izan ere, ezin izan du den-dena kontatu. Baina, autozentsurarik egon al den galdetuta, ezetz erantzun du. «Ez da autozentsura, arroz urez idatzitako zerbait baizik. Gauza batzuk ezin dira esan; beste egoera batean posible litzateke guztiaz hitz egitea».
Lana ez da kontakizun jarraitu bat, ez eta narrazio bat ere, baizik eta «puska askok osatutako collage moduko bat»; eta emaitza, egilearen hitzetan, bitxia baino gehiago, «arraroa» da. «Nik ez dut inoiz halakorik irakurri».
Hasieran, liburuan eskaintza bat jarri zuen, baina kentzea erabaki zuen, ulertuta irakurriz gero argi geldituko zela nori eskaintzen dion. Halaber, aipu bat sartu zuen, eta hori ere kendu zuen. Baina irakurri egin du. Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua liburutik ateratakoa da: «Baina min guztiak ez dira fisikoak eta bizitzaren saminak hor dira pilatuta, iragan eta orain baten zentinelarik krudelenak. Neure egiten ditut, bizimina ikasbide. Nire bizi eskarmentuaren puskekin, onak zein txarrak, collage erraldoi bat egin nahi dut».
Egilearen arabera, liburua trilogia baten azken alea izango da: Adur Larrearekin sortutako Burgosko Auzia. Iraultza eta Bizi!liburuarekin eta hilaren 18an Loraldian aurkeztuko duen Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia antzezlanarekin batera osatuko du.
Bizipoza berreskuratzeko
Sortze prozesua «oso bizia eta organikoa» izan dela kontatu dute idazleak eta editoreak, «intuizio batetik abiatutakoa», eta denborak aurrera egin ahala, «gertakizunekin, halabeharrekin, enkontruekin» forma hartuz joan zena. Horregatik, aldaketa ugari izan ditu bidean; esaterako, izenburua eta azala hasieran beste batzuk ziren. Pandemia betean sortu du, eta sorkuntzak izurriaren ondorioz «galdutako bizipoza neurri handi batean berreskuratzen» lagundu diola ziurtatu du.
Gatazkari buruz, norberetik igarota
Mikel Antzak 'Arroz urez' liburua aurkeztu du, Txalaparta etxearekin. Euskal gatazkaren inguruko kontakizun pertsonal bat da, Burgosko Prozesua atze-oihalean jarrita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu