Bilbo matxinatuen esku gelditu zenean gerran, 1937an, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Jose Antonio Agirrek enkargu bat egin zion Gabriel Olaizola abeslariari: ihes egin zuten euskaldunekin abesbatza bat sortzea, gerra artearen bidez borrokatzeko, eta, aldi berean, munduari helarazteko inbaditzen ari ziren euskal identitate baten defentsa. Hala sortu zuten Eresoinka, 110 euskal kantari, artista plastiko eta instrumentu jotzaileren baino gehiagoren artean. Europako hainbathiriburutan egin zituzten ikuskizunak, 1939an II. Mundu Gerra hasi arte, orduan taldea desegin baitzen.
Eresoinkaren itzalak ikuskizun garaikidea Agirreren ideiari segituz sortu dute, Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendariak azaldu duenez: «Gaur egun, garai hartan bezala, gatazkaz josirik gaude, eta ihes egin behar duen jende asko dago. Horri aurre egin nahi diogu artearekin eta kulturarekin, herriak sormena landu dezan eta bizirik manten dezan gure kultura; orain badirudi ez duela ezertarako balio». Urriaren 22an egingodute emanaldia Angeluko (Lapurdi) Quintaou antzokian, 20:30ean.
Donostia 2016 Europako kultur hiriburuak egin zion eskaria Dantzaz konpainiari, Corale egitasmoaren barruan, eta konpainiak hasieratik egin zuen proiektuaren alde. Ikuskizunak, ordea, ez dauka iraganeko Eresoinkarekin zerikusirik. Kontzeptuan edo ideian soilik egiten dute bat. Dantzaz-ek orainaldiko Eresoinkatzat du bere burua, «garai honetara egokitua».
Hamabi eszena ditu ikuskizunak. Identitate eta bizitzako uneak islatuko dituzte. Lurra utzi eszenarekin hasiko dira, eta Itzulera deritzonarekin amaituko dute, hainbat bizi esperientzia irudikatuko dituzten eszenetatik iraganez: Irteera, Agurra, Bidaia eta etorrera zaila, Espazio berri batean ezartzea, Mugarik gabeko emozioak, eta Memoria, besteak beste.
Arbaso euskaldunak dituen Martin Inthamoussu Uruguaikoko koreografoak sortu du dantza: «Pieza honek identitatearen gaian sakondu nahi du, eta nola eragiten duen jendearen jarrerak. Publikoa errealitate gordinaren lekuko izan dadin saiatzen da». Ikusleek jatorrian hausnartu dezaten nahi du, hark egin duen bezala, haren erroetara hurbildu baita sortu duen lanaren bitartez. Haren aitonak Itsasutik (Lapurdi) Uruguaira bidaiatu zuen. «Identitatea eraikitzen duten egoerak oso pertsonalak dira eta harreman estua dute bizitako esperientzia guztiekin, egoerekin eta bidaiatzen duzun lekuekin».
Koreografia sortzeko ideian inspirazio iturri izan zuen Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoa. «Identitatearen eraikuntzan beti dago nolabaiteko harreman bat jatorrizko lurrarekin». Hortik abiatuz sortu zituen ikuskizuneko dantzak. «Norbaitek haren sorlekuari uko egiten dionean ere, harreman bat sortzen du lur horrekin».
Dantza garaikideari KEA abesbatzak jarriko dio ahotsa. Musika garaikidea jorratzen duen taldea da, Enrique Azurzaren gidaritzapean. Ibilbide luzeko talde bat da, 1997an sortua, eta 12 kantarik osatzen dute. XX. eta XXI. mendeko musikak zabaltzeko sortu zuten. Inesfera bideo egileek agertokia sortzeko mapping deritzon teknika erabiliko dute. Artista bisualak dira, eta sona handiko areto eta festibaletan lan egin dute. Aintzane Gamiz Donostia 2016ko ordezkariak tradizioari helduko zion horrelako proiektu bat sortzeko beharra azpimarratu du. Memoria hasi dira lantzen aurten, eta erakusketa bat egin zuten arren, emanaldi bat sortzea garrantzitsutzat jo zuten.
Emanaldi nagusia aitzin, Eresoinkaren itzalak ikuskizunaren errepika publiko bat eginen dute, urriaren 21ean, 17:00etan. Han izanen da Philippe Regnier historialaria eta Eresoinka, de Sara à Paris (2013, Iru Errege) liburuaren idazlea, taldea osatu zuten iheslarien istorioa kontatzen duena. Jean Ospital dantzari ohia ere izanen da.
Ikuskizun sorta baten parte
Eresoinka omentzeko hiru ikuskizunen artean emanen duten lehena da Eresoinkaren itzalak, eta XXI. mendeko enbaxada kultural gisa aurkeztu dute.
Beste bi ikuskizunak Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak antolatu ditu. Lehenegoa urriaren 29an izanen da, Donostiako Musikeneko Auditoriumean.
Bigarren emanaldia, musika erlijiosoan oinarrituko dena, Donostiako Santa Maria Basilikan izanen da azaroaren 5ean. Bilboko Koral Elkarteak, Easo Araoz Gazte Abesbatzak, Easo Eskolaniak eta Santa Maria Kaperako Instrumentalak parte hartuko dute.
Gatazkari, arteaz erantzun
'Eresoinkaren itzalak' ikuskizun garaikidea eskainiko du Dantzaz konpainiak, urriaren 22an Angelun, Donostia 2016ren enkarguz. Eresoinka abesbatza omentzeko hiru emanaldien arteko lehena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu