Hainbat liburu eskaini dizkio Juanjo Olasagarrek euskal gatazkari, eta Mamu eratortzeko moduak (Elkar) horietako azkena izango dela uste du. Premisa bitxia baliatu du honetarako. Bilboko Guggenheim museoaren parean hesteak sabeletik zintzilika dauzkala esnatzen den emakume baten ikuspuntutik abiatu du eleberria. Itziar Amezaga du izena, eta ez daki hilda dagoela. ETAren bonba batek hil zuen, eta erakundea desagertu ostean esnatu da, mutil lagun ohiari eta hil zuen etakideari agertzeko. Mamuen mundutik irudikatu du gatazkaren osteko gizartea Olasagarrek, eta fantasia puntu batekin heldu dio gaiari.
Olasagarrek adierazi du ez duela «biktimen barrunbeez» idatzi, biktima izate hutsaz baizik. Ezagutzen ez duten mundu eta errealitate bat esploratu behar dute Olasagarreren mamuek, eta, zenbait kasutan, beren buruari galdetzen diote ea zergatik hil diren. Diskurtso politikoa baino gehiago, literarioa eta etikoa erabili ditu. Lana eskatu dio nobelak; batik bat, mamuei buruz hausnartzea. Erabaki behar izan du noraino ziren errealitatea ikusteko gai; nork ikusten zituen eta nork ez.
Bere obran zehar, poesia eta antzerkigintza landu ditu, baina azkenaldian eleberriekin aritu da. Liburuak balio izan dio hainbat teknika literario erabiltzeko, eta haiekin jolasteko. «Dibertimendua» izan dira berarentzat. Lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak baliatu ditu; orainaldian eta iraganean kontatu ditu pasarteak; EAEko aldizkari ofiziala txertatu du; kazetaritza elkarrizketak sartu ditu, baina baita narrazio hutsezko zatiak, konfesio bat eta ipuin bat ere. Ez du trabak ipintzeko egin. «Nire helburuetako bat izan da istorioa puxkekin kontatzea eta irakurlea bidean ez galtzea», adierazi du Olasagarrek.Itun batekin alderatu du irakurleak idazleari eskaintzen dion konfiantza. Liburuan zehar behin eta berriro berritzen den itun bat. «Espero dut ez garela dibortziatuko».
Bilbon abiatu du nobela, baina Euskal Herriko hainbat parajetatik barreiatu ditu pertsonaiak. «Geografia bat» sortu du bere liburuetan Olasagarrek, eta Lekunberri-Aranaz ipini zion izena Nafarroa iparraldean asmatutako herriari. Oraingo liburuan ereeraman du Bilboko pertsonaiaharaino, bere «geografia» hori bisitatzera.
Dokumentazio lana eskatu dio liburuak. Hainbat biktimaren biografiak eta memoriak irakurri ditu, baita damututako zenbait etakiderenak ere. Dokumentalek, filmek eta antzerki obrek aberastu dute haren ikuspegia. Euskal gatazkari buruzkoek ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetan jazotakoen gainekoek ere. Gogora ekarri du Hegoafrikan egon zenean bizi izan zituela apartheid osteko amnistia eta sistemaren garbiketa, eta gertakari horiek «markatu» zutela esan du. Haren ustez, ez zen antzeko prozesurik egon ETAren amaieran, krisi ekonomikoaren ondorioz. Baina euskal gizartea etxeko lan horiek berrartzen ari dela uste du: «Oraindik ere min asko dago, eta min hori azalarazteak arindu egiten du».
Olasagarrek adierazi du bere Lekunberri-Aranaz ez dela William Faulknerren Yoknapatawpha, ezta Bernardo Atxagaren Obaba ere. «Gauza askoz xumeagoa da, baina erosoa da geografia propio bat sortzea, beti bueltatu zaitezkeelako horra».
Gaitik askatzeko beharra
Olasagarrek bere egin du Jokin Muñoz idazlearen gogoeta bat: hain zuzen ere, euskal literaturak eskaini zezakeen gehientsuena euskal gatazka kontatzea zela. Gaiak eragin handia izan du Olasagarreren obran, baina, orain, nekea nabari duela adierazi du. «Oso gure belaunaldiko gaia izan da». Ez du uste berriro horretaz idatziko duenik, baina gaiak hausnarketak egiteko balio izan duela uste du, eta neurri batean norberak bere burua «etikoki eta politikoki irakurtzeko».
Olasagarreren iritziz, liburuak badu mingostasunetik: «Iruditzen zait badagoela min bat, eta berez agertzen dela. Behar dugu katarsi moduko bat». Hala ere, azaldu du ez dela bere asmoa gatazkari buruzko eleberri definitiboa idaztea. Bere kezketatik abiatu den nobela bat besterik ez dela azaldu du. Biktimak irudikatzeko eta errealitate hori «beste nonbaitetik» jorratzeko asmoarekin. Fernando Aranbururen Patria aipatu du Olasagarrek horren harira, eta adierazi du bere helburua ez dela izan gatazkari buruzko «azken hitz katartikoa» idaztea: «Neurri batean, euskal literaturari Patria-k lapurtu dio euskal gatazka kontatzeko eskubidea».
Joseba Jaka beka eskuratu zuen 2020an, 23 hautagairen artean, eleberria idatzi ahal izateko. Berba goxoak izan ditu epaimahaikideentzat. Maialen Berasategik, Iratxe Retolazak eta Iban Zalduak osatu zuten. Hartu-emana izan du haiekin, eta eman dizkiote gomendioak eta aholkuak. Proposatutako aldaketak hasieran amorru puntu batez hartu zituela onartu du. «Gero ohartzen zara hiru iritzi direla, adituak direla, eta hobe beharrez ari direla». Prozesu horrek asko hobetu du liburua, Olasagarreren aburuz.
Gatazkaren mamuak
Hilda dagoela ez dakien mamu bat hartu du Juanjo Olasagarrek aitzakia euskal gatazkari buruzko eleberri bat idazteko: 'Mamu eratortzeko moduak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu