Bertigoa izan liteke hitz egokia. «Beldurra dago oraindik», aitortu du Itziar Elias antzerkigile eta aktoreak. «Eta gu geu ere behin baino gehiagotan asaldatu gaitu beldur sentsazio horrek sortze prozesuan; gauza batzuk esan,eta pentsatzen baituzu: non sartzen ari gara?». Gatazka armatuak eragindako mina hartu du gaitzat oraingoan Bizimiñak antzezlanean, eta horregatik izan ditu zalantza horiek. Baina listo. Urtebete pasatxo eman du gaia lantzen, bildu ditu zuzeneko lekukotzak, osatu du taldea, eta bihar estreinatuko du Azpeitian (Gipuzkoa). Teatroa, musika eta artea uztartuz kontatuko ditu minaren ertzak, eta Maddi Irazoki margolari eta aktorearen eta Dani Irazoki musikariaren laguntza izango du horretarako.
Eliasek gainean zeraman gaia aspalditik, baina 2016. urteko abenduan zerbaitek klak egin zion barruan. Jon Maia bertsolariaren Kanta bat gara poema entzuterakoan izan zen. Egun haietan, Arnaldo Otegi espetxetik atera berria zen, eta ekitaldia antolatu zioten hari ongi etorria egiteko. Han irakurri zuen testua Maiak, eta oihartzun handia izan zuen. Hor izan zen. «Garaia zela iruditu zitzaidan», aitortu du antzerkigileak. «Oihartzun potolo hark jende pila bat mugitu zuen. Ikusi nuen hemen bazegoela kontatu behar bat eta memoria egin behar bat, eta ez zela nirea bakarrik».
Horregatik, antzezlan hau gatazkaren erretratu koral moduko bat da. «Gure memoriaren batura bat eskainiko duten esketx txikiak izango dira», azaldu du. «Iruditzen zitzaigun minak ezberdinak zirela; kontakizun txiki pilo bat genuen esku artean, eta kontatu egin nahi genituen». Aipatzen dira, esate baterako, presoak, torturak, ETAren biktimak, mugak eta euskara, besteak beste. «Argi geneukan minaren gaia ezin zela landu ertz guztiak aipatu gabe, eta beti pertsonengandik abiatuta aritu gara, errespetutik, panfletorik gabe».
Zuzeneko testigantzak ere bildu dituzte, eta audio bidez txertatuko dituzte emanaldian. «Pentsatu genuen hobe zela zenbait istorio zuzenean entzutea, eta, horregatik, hiru testigantza ditugu». Preso baten alabaren testigantza da bata, ETAk hil zuen pertsona baten semearena da bestea, eta hirugarrena da preso egon zen ETAko kide ohi baten testigantza. Orduak pasatu dituzte horietako bakoitzarekin hizketan, baina solasaldi horien puska txiki bat soilik entzungo da eszenan.
Bestela, Elias izango da antzezlaneko ahots nagusia. Haren ahotsetik arituko da zati batzuetan, eta pertsonaiak ere baliatuko ditu beste batzuetan. «Xume» jokatu nahi izan dutela dio aktoreak, eta ia eszenografiarik ere ez dute erabili: hiru aulki baino ez.
Maddi Irazoki, margotzen
Sorkuntza prozesua «polita» egin zaio Eliasi.«Hartu gaituzten guztiek hartu gaituzte beti irribarre handi batekin. Gatazka bertatik bertara ezagutu dutenek ikasi egin behar izaten dute horrekin bizitzen, eta naturaltasun handiarekin eta irribarre handi batekin kontatu digute dena. Inork ez digu kontakizuna saminetik egin, nahiz eta esaten zizkigutenak oso gogorrak izan. Kanpotik ikusita, hori da ukitzen zaituzten gauzetako bat: nola egokitu gaitezkeen bizi baldintza gogorrenetara ere».
Eliasekin batera antzezle lanetan aritzeaz gain, Maddi Irazoki zuzenean margotzen ere arituko da oholtzan. Gainera, ezberdina izango da saio bakoitzeansortuko duen irudia. «Urtebete inguru daramagu lanean, eta, azkenerako, gaia barneratua duzu. Badut bizkarrezur bezalako bat buruan, eta hortik inprobisatu egiten dut».
Mugaldekoak taldearen abesti batengatik salbu, emanaldirako propio sortutakoa da Dani Irazokik joko duen musika gehiena ere. «Eszenen arteko tarteak egiten ditut, batez ere, gitarra akustikoarekin, xumeki». Tarteka, ikusleakeuskal kantutegiko doinu ezagun batzuk ere identifikatu ahal izango ditu.
Eliasek beste bi antzezlan ere baditu aurrez. Harrerako haurrei buruzko Maddi eta Antton lana sortu zuen lehenik; bere aitona-amonen amodio istorioa kontatu zuen Eskutitzak antzezlanarekin, eta gatazka landu du orain Bizimiñak lanean. Elias: «Nik antzerkiarekin egiten dut aurrera guztian».
ESTREINALDIA
Bihar. Azpeitian (Gipuzkoa), Soreasu antzokian, 22:00etan.
Gatazkak sortutako minak
Gatazka armatuak zuzenean eragin dien pertsona batzuen lekukotzak tartekatu ditu Itziar Elias antzerkigileak 'Bizimiñak' antzezlana sortzeko. Antzerkiaz gainera, emanaldiak zuzeneko musika eta pintura ere izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu