Zeru izartsu bat lehenik, eta, bat-batean tiro bat: «Blam!». Gehiago helduko dira berehala. «Blam, blam!». «Ratatata». «Tum-tum». «Boom». «Blam». Garip izeneko miliziano kurduak, Kobanetik kilometro eskasera dagoen herrixkako babeslekuko teilatura igota, pazientziaz azaltzen dio Italiatik laguntza brigadan joandako komikigileari iluntasuna zartatzen duen onomatopeia horietako bakoitzak zehatz zer esan nahi duen. «Ratata entzuten duzunean ISISekoak dira. Tum-tum-tum entzuten duzunean, gu gara». Tiro eta izar arteko sekuentzia horrekin abiatzen du Zerocalcare komikigileak nazioarteko arrakastaren ateak ireki zizkion Kobane calling komikia. Egileak 2015ean eta 2016ean Kurdistanera egindako bisitetan ikusitakoak biltzen ditu lanak, eta euskaraz argitaratu du orainFarmazia Beltza argitaletxeak. Koldo Izagirrek euskaratu du,eta Maite Caballerok maketatu; Zerocalcarek azken urteotan Kurdistani buruz sortutako beste bi kontakizun ere gehitu dizkiote edizioari. Salgai dago jada sarean—www.ereiten.eus webgunean—, eta itxialdi ostean izango da liburu dendetan jasotzeko aukera.
Azalkeriarik ez. Komikiak azaltzen ditu Kurdistango historia, herrialdearen muga bihurriak, Turkiako Gobernuaren errepresioa, Estatu Islamikoak egiten duen izuaren erabilera, konfederalismo demokratikoa, bonbak, hildakoak, Siriako eta Irakeko ezegonkortasuna, gizateriaren eta basakeriaren arteko borroka, YPG eta YPJ gerrillen funtzionamendua eta haien bizimodua, baina guztia, betiere, egilearen ikuspuntuak eta umoreak zeharo blaituta; beti autoironia dosi handiekin, eta barne gatazka eta mamuak sekula ezkutatu gabe. Zerocalcarek komikian esaten duenez, «ludi globalaren kontrakar eta gatazka guztien gorringoa» baita Kurdistan, baina, hain zuzen ere, «gorringo» hori kontatzeko duen modu kontzientziatu eta, aldi berean, nasai hori da liburuaren ezaugarri nagusietako bat.
Aurrez ere autore ezaguna zen Italian, baina, David Zapirain Farmazia Beltza argitaletxeko kideak dioenez, Kobane Calling-ek nazioartekotu zuen. Haren hitzetan, Kurdistangoa esperientzia garrantzitsua izan zen egilearentzat, eta horren lekuko dira komikian kontatzen dituenak. «Zerocalcarek sentitzen du han bizitakoak eta han ikusitako gizarte ereduak merezi dutela, eta marka sakona utzi zion han bizitakoak».
Ez da Farmazia Beltzak Zerocalcarerekin duen lehen harremana. Aurrez, Hondamuinean izeneko lana argitaratu zuten 2018an, eta haren bigarren atala ere kaleratu zuten gero: Hondamuinean, sei hilabete geroago. Prekaritateak irentsitako bere lagunartearen gorabeherak kontatzen ditu bi lan horietan, eta, orduan ere, Izagirrek egin zituen itzultzaile lanak. Eta hartu-eman horiek guztiek utzitako aho zapore onak animatu ditu orain Kobane calling ere ateratzera.
Zapirainek aitortu du kolaborazioa oso aberasgarria izan dela, baina aberasgarria, betiere, artistikoki. «Ekonomikoki ez du inolako zentzurik», onartu du. «Hau egin dezakegu argitaletxea babesten duen enpresa ekimen sozialeko enpresa bat delako».
Sarean doan irakurtzeko
Bere liburuak aurkezten eta komikigintza tailerrak eskaintzen ere izan zen Zerocalcare Euskal Herrian iaz, eta, bisita hartan, Sustrai Colina bertsolaria aritu zitzaion gidari eta itzultzaile lanetan. Horregatik, komikigilearekin izandako solasaldiak hartu ditu oinarri Kobane calling libururako hitzaurrea idazteko, eta egilearen robot-irudi gisako bat egiten du bertan. Hitzaurrean kontatzen denez, adibidez, egileak urtean sei hilabete ematen ditu etxean komikiak sortzen, eta beste sei promozio lanetan; argitaletxeen zirkuituetan lehenik, eta gaztetxez gaztetxe ere bai ondoren. Bere sonaz nazkatutako sortzaile baten erretratua egiten du Colinak, baina baita bere konpromiso politikoei fidel jarraitzeko borrokan dabilen egile batena ere: erretxin antza, jakin-minak jota, bere pertsonaiak erdi irentsita, eta, halere, hezur haragizko.
Bestalde, liburu dendak berriz ireki aurretik ere egilearen lanaz gozatzeko aukera eskaini nahi izan du Farmazia Beltzak, eta, itxialdiak iraun bitartean, doan irakurtzeko moduan jarri dituzte Hondamuinean osatzen duten bi liburuak.
Gatazka guztien gorringotik
Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare komikigilearen 'Kobane calling' lan sonatua euskaratu du. Kurdistanen ikusitakoak kontatzen ditu egileak, bere ohiko umorearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu