Munduko zaporeek bat egingo dute, beste urte batez, Donostiako Zinemaldiko Culinary Zinema sailean. Basque Culinary Centerrek antolatuta, bost film izango dira aurten; horietako bat, lehiaz kanpo. Zinema eta gastronomia uztartzen dituen sail horrek, gainera, hamabost sukaldarik prestatutako bost afari tematiko hartuko ditu barne. Sarrerak bihar egongo dira salgai, Zinemaldiaren webgunean.
Mugaritz. Sin Pan ni Postre dokumentalak irekiko du saila, irailaren 23an, Viktoria Eugenia antzokian. Paco Plazak zuzendu du lan hori, eta Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxearen lan prozesua aztertzen du. «Ikuslea sukaldean gertatzen den berrasmatze prozesuaren lekuko izango da», aitortu du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak. Proiekzioaren ostean, Mugaritzen parte diren eta izan diren hainbat sukaldarik menu bat kozinatuko dute bi Michelin izarreko jatetxe hori omentzeko.
Tribecako zinema jaialdiko (New York) dokumentalen sailean hautatua izan ondoren, Shelf Life Culinary Zineman izango da. Ian Cheney zuzendariak hausnarketa aurkeztuko du: gazta lantzen dutenen zahartzearen eta gazta urteetan zehar lantzearen artekoa. Gazta izango da, hain zuzen ere, proiekzioaren ondoren emango den afariko protagonista. «Dokumentalean ageri diren lau gazta izango dira afarian, eta gure artzainen lana goraipatzeko xedearekin, Euskal Herriko beste gazta batzuk ere bai», azaldu du Aizeagak.
Japonia bidelagun
Donostiako Zinemaldian aurkeztu ziren lehen film japoniarrak gastronomia sailean aurkeztu zituzten; harrezkero, Japonia presente egon da gainerako sailetan ere. Aurtengo Culinary Zinema sailean, Asiako herrialde horren inguruko bi film aurkeztuko dituzte. Alde batetik, Ayuko Tsukahararen Grand Maison Paris lanak Japoniatik Parisera bizitzera joandako sukaldari baten gorabeherak izango ditu ardatz, Obanarenak; eta, bestetik, Tetsuya Uesugiren Kita no syokukei ez-fikziozko lanak Japonia iparraldeko gastronomia «ezezagunaren» inguruan jardungo du. Paulo Airaudo eta Takeshi Takahashi izango dira, hurrenez hurren, afarien arduradunak.
El hoyo 2 filmak emango dio amaiera sailari, lehiaz kanpo. Milena Smit eta Hovik Keuchkerian ditu protagonista filmak. Hartan, arauak aldatzen saiatuko den lider baten aurka altxatuko dira herritarrak. Filmean inspiratutako eszenografian oinarrituta, Culinary Zinemaren azken afaria Aitor Suak eta Jorge Sastrek eskainiko dute, besteak beste. «Aurkezpen ezohikoa izango da hau, eta afariak sukaldari gazteen alde egingo du», adierazi du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak.