Gastronomia ere, arte plastiko

Zazpi urteren ostean, 'Mahaira' erakusketarekin itzuli da Euskal Herrira Mari Puri Herrero.Gastronomia gai duten haren lanak ikusgai daude Donostiako Artekon, igandera bitarte

Atzean, eskuinaldean, Mari Puri Herrerok erakusketarako amaitutako Comedor lana. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Urte asko daramatza Cristina De la Fuente Donostiako Gros auzoko Arteko galeriako zuzendariak Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942) artistarekin lanean, eta haren lana Artekora ekartzea «ezinbestekoa» iruditu zaio. 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburu izango dela eta, galeriak ere parte hartu nahi izan du egitasmoan. Horretarako, Artekok XX. urteurrena duela aprobetxatu eta proiektu berriari ekin zion De la Fuentek 2012. urte amaieran: gastronomical.art delakoari.

Proiektu horretako protagonistak gastronomia eta artea dira, eta 2013. urtetik, artearen eta gastronomiaren arteko loturak biltzen dituzten hainbat erakusketa egin ditu. Horietako bat daetzi arte ikusgai dagoena:Herreroren Mahaira. Erakusketan ikusgai dauden lanetan, gastronomical.art-ek bilatzen dituen elementuak azaltzen ditu Herrerok, eta erakusketarako «funtsezko» lanak direla azaldu du galeriako zuzendariak. Horrekin batera, artistak Donostiara bueltatzeko gogoa bazuela azaldu du: «2007an egin zuen Artekon azken erakusketa, Antzekorik ez, eta, urte hauetan Madrilen egin ditu erakusketak, han mugitzen baita gehien. Euskal Herrira itzultzeak, beraz, ilusioa egin dio».

Erakusketan, margolanez gain, grabatu, litografia eta eskulturak daude ikusgai, eta, jantokiak, bazkalondoak eta afalondoak, mahaikideak... dira horien funtsezko osagaiak. Margolanei dagokionez, hainbat formatutako 26 koadro daude ikusgai, eta, erakusketako komisarioak azaldu duenez, «errealitatea eta irrealitatea nahasten dituen mundu kezkagarri bat azaltzen dute Herreroren kalitatezko obrek». Bestalde, lan horien artean, Herreroren «lanaren garapena» ikus daitekeela nabarmendu nahi izan du De la Fuentek. Izan ere, 70eko hamarkadatik hasi, eta gaur egun arte, gastronomia gaiaren inguruan landu dituen obrak azaltzen ditu erakusketan. Horietako batek, gainera, erakusketa izan du helburu. «Aspaldi hasia zuen lan hau, duela bi hamarkada, baina erakusketa egiteko proposatu ziotenean bakarrik ekin zion zion berriro lanari erakusgarri jartzeko asmoz».Comedor da lan hori. Aretoan nagusi den formatu handiko oihal gaineko olioa, eta trilogia baten azken lana da. «70eko hamarkadan, izen bereko koadro bat egin eta Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai. Hamar urte geroago, izen bera jarri zion Durangoko museoan dagoen lan bati, eta, berriki, Comedor hirugarren lana amaitu du. Bere margolanen ezaugarri den aurpegi gabeko pertsonek dute protagonismo osoa».

Margolan guztiak pigmentu naturalez landu ditu Herrerok,eta lanorduan «antzinako teknikak» darabiltzala adierazi du De la Fuentek. «Konposizioak egiteko orduan oso zehatza da, eta beti du enigma presente bere lanean, hala, pertsonaiak izaki mistiko gisa azaltzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.