Gasteiztik Bilborainoko zirkua

'Lurrak' zirku ikuskizuna bultzatu dute Gasteizko Kaldearte eta Bilboko Kalealdia jaialdiek

Lurrak ikuskizunean parte hartzen duten artistetariko batzuk, emanaldiaren lagin bat eskaintzen. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Berdin dira astea eta jaia, lana bihurtu dute zirkurako gaia. Izan ere, lan mundua da Gasteizko Kaldearte eta Bilboko Kalealdia kale arteen jaialdiek ekoiztutako Lurrak zirku ikuskizunaren ardatza. Lanerako arropak jantzita, bost artista eta lau musikari oholtzan, oreka jokoetan, soka ariketetan eta baskulan jauzika. Zirkuko lanetan, alegia. Adrian Schvarzstein clown eta zirku eta antzerki zuzendaria du gidari proiektuak, eta Gasteizko eta Bilboko udalek bultzatu dute. Ekainaren 10ean estreinatuko dute lana lehenik Gasteizko jaialdian, eta 27an Bilbokoan. Azaroan, aretorako bertsioa ere moldatuko dute, eta pieza nazioarteko jaialdi eta zirkuituetan mugitzea da udal ordezkarien asmoa. Eta ez da hori bakarrik, etorkizunerako elkarlan eredu bat ere ikusten baitute bi udalek ikuskizuna sortzeko hautatutako bidearen atzean. «Herri proiektu bat da hau, eta jarraipena izango duen abiapuntu bat».

40 minuturen bueltako zirku garaikideko pieza bat da ikuskizuna, baina «ia-ia antzezlan bat» dela azaldu du Jon Ariño zuzendari laguntzaileak. Gidoi asko duelako dio hori. «Lantoki baten istorioa kontatzen du emanaldiak, lantoki hori zein izan daitekeen gehiegi zehaztu gabe. Izan daitezke Labe Garaiak, izan liteke ontziola bat edo beste edozein fabrika. Gure lurra oso presente dago, eta giro horretan kokatzen dira ez soilik zirku ikuskizunak, baizik eta baita pertsonaia bakoitzaren kontakizunak ere. Musikariak aktore bilakatzen gabiltza, eta aktoreak pixka bat ekilibrista bihurtzen ere bai».

Hutsetik sortu dute konpainia emanaldirako. Elkarrekin arituak ziren batzuk aurrez, baina Lurrak izango da artista taldeak talde gisa egiten duen lehen emanaldia. Poliki jo behar izan zuten horregatik entseguekin. Lehen aste bat, elkar ezagutu eta ideiak partekatzeko. Bi aste otsailean, entseguekin hasi, gidoia findu eta emanaldia abiatzeko, eta astelehenetik larunbatera arteko entseguko bost aste, azkenik, dena zehatz ixteko eta estreinaldi aurreko probak egiteko. Azken fase horretan daude orain. «Lorpen handia da izan dugun denbora gutxian egin dugun guztia egin ahal izatea», azaldu du Ariñok.

Badira taldean ibilbide luzeko artistak. Ortzi Akosta gasteiztarra, adibidez. Kirolari gisa, lau aldiz izan da Espainiako txapelduna, uztaietan, eta, artista modura, 1.500 emanaldi baino gehiago egin ditu Cirque du Soleil konpainiarekin. Akrobazia da Gaizka Chamizo antzezle, pailazo eta clown-aren espezialitatea, eta Izaskun Agirresarobe mundakarra ere zirku artista da. Elkarrekin aritu ohi diren Marc Muñoz eta Nuria Puig artistak ere izango dira oholtzan haiekin, eta baskula ikuskizuna eskainiko dute. Bost artista, beraz, eta haiekin batera emanaldirako propio sortutako doinuak joko dituzten lau musikari. Roberto Castro alboka, gaita eta txirula jotzailea, Unai Laso trikitilaria eta Mikel Urrutia eta Anai Gambra txalapartariak.

Txalaparta, ikuskizun

Ohol berria topatu behar izan dio txalapartari Nafarroako bikoteak. Beren tresna jotzeko asmoz joan ziren lehen entseguetara, baina, ohartzerako, zuzendariak antzezten ere jarri zituen berehala, Urrutiak azaldu duenez. «Proiektuan sartu ginenean, uste genuen txalaparta musikan bakarrik egongo zela, baina heldu ginen entseguetara, eta zuzendariak bakoitzari bere ikuskizuna eskatzen zion. 'Orain soka ikuskizuna'. 'Orain baskula ikuskizuna', eta bat-batean esan zuen: 'Orain txalaparta ikuskizuna'. Erdian jarri gintuen. Bere momentua izango du tresnak saioan. Une horretan, txalaparta ez da zirku eta ez da musika, ez dakigu zer den».

Formatu handiko produkzioa da Lurrak, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak eta Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu dutenez. Handia, formatuagatik, eta baita parte hartzen duten artista kopuruagatik ere. Orain urtebete bi hirietan egindako casting bat izan zen proiektuaren hazia, eta garatuz joan da denborarekin ideia. Gasteizez eta Bilboz harago jarri du begia Alonsok: «Kalitate handiko lana izango da, eta Espainiara, Europara eta beste herrialde batzuetara ere biran eramatea da asmoa».

Aretorako moldaketa

Horregatik aretorako formatuarena ere. «Nazioarteko banaketa lortzeko ideiarekin sortu da ikuskizuna, eta, Espainiako estatuan oraindik ere arraroa den arren, Europan normalak dira areto zirkuko programak. Suedia, Finlandia eta Norvegian, esaterako, badaude gisa honetako emanaldiak soilik programatzen dituzten antzokiak». Eta horiek dituzte jomuga bi udalek. Azaroan estreinatuko dute Lurrak aretoan, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdian, eta Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdian aurre estreinaldia egingo dute.

Udalen arteko lankidetza eredua goratu du Gasteizko Kultura zinegotziak. «Jarraipena eduki eta Euskal Herriko hainbat erakundetara zabaldu behar lukeen zerbaiti hasiera ematen ari gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.