Gasteizko Jazzaldia

Gasteizko aurtengo Jazzaldiak ateak ireki nahi dizkie gazteei

Artista ezagunekin batera, Chelsea Carmichael, Samora Pinderhughes eta Immanuel Wilkins musikariek hartuko dute oholtza

Brad Mehldau hirukoteak Mallorcan (Balearrak, Espainia) emandako kontzertua, 2023ko otsailean. DAVID ARQUIMBAU SINTES / EFE
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 21a
15:08
Entzun

«Musikaren kalitatea» eta «publikoaren konexioa» izan dira Gasteizko 46. Jazzaldia antolatzeko kontuan hartu dituzten ildoak. Uztailaren 3tik 8ra iraungo du festibalak, eta musikari hasiberriek berebiziko garrantzia hartuko dute oraingoan. Chelsea Carmichael, Samora Pinderhughes eta Immanuel Wilkins arituko dira, esaterako, oholtza gainean. «Gazteen alde egin nahi dugu apustua. Oraindik ospe handirik ez dute, baina, zalantzarik gabe, etorkizuneko musikariak izango dira. Jazzaldian izan nahi ditugu beste inon baino lehen», adierazi du Iñigo Zarate Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak, gaur egin duten aurkezpenean.

Aurkeztu dituzten berrikuntzen artean dago I. Herri Jazz Ibiltaria. SGAE fundazioaren ekimenak jazz talde berriei eman nahi die bultzada, eta, aitzakia horrekin, Eira & Band Musikeneko ikasleek sortutako boskotea aurkeztuko dute uztailaren 1ean. Euskal Herriko hainbat herritan jotzeko aukera ere izango dute horren ostean gazteek. Jazzaldiarekiko «elkarlanerako bidea» irekiko duen emanaldi bat izatea espero du Oskar Castaño Garbitxu EAEko SGAEko presidenteak.

Uztailaren 1ean egingo dute, hain zuzen, «giroa berotzen hasteko» Jazza Parkean ekitaldia, Prado parkean (Gasteiz). Doako 50 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte hamabi orduan, eta Rumba & Porcel DJak itxiko du eguna, Funk Experience Live emanaldiarekin. Ruben Cuevas Violadores Del Verso rap taldeko kide ohiaren proiektua da, eta jazza, funka eta hip-hopa nahasten ditu. «Ez da jazzaldiko ohiko estiloa, baina horrelako eskaintzak egitea beharrezkoa da Jazzaldiak biziraun dezan eta gazteak erakar ditzagun», aitortu du Zaratek.

Perez Cruz, Schneider eta Mehldau, izen handiak

Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian bilduko dira uztailaren 3tik aurrera Jazzaldiko artistarik entzutetsuenak. 20:30ean hasiko dira bertako kontzertu guztiak, eta joko duten musikarien artean daude Silvia Perez Cruz, Maria Schneider eta Brad Mehldau.

Balantzea egiteko astirik izan ez badute ere, Zaratek aurreratu du aurtengo irabaziak aurreko urteetakoak baino hobeak direla, eta gogorarazi du oraindik badirela sarrerak salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.