Artea

Gasteizko Artiumek gordeko ditu Rafael Lafuenteren dokumentuak

Museoa zenbait artistaren artxibo funtsak digitalizatzen ari da, webgunean kontsultagai jartzeko

Ramiro Gonzalez, Elena Roseras, Gorka Lafuente eta Beatriz Herraez, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko otsailaren 20a
18:47
Entzun

Rafael Lafuenteren artxibo pertsonala katalogatu eta sailkatzen aritu dira artistaren senitartekoak azken urteetan, eta prozesu horretan bidelagun izan dute Gasteizko Artium museoa ere. Konposaketak erakusketa da horren emaitzetako bat, eta maiatzaren 14ra arte ikusgai dago A3 aretoan. Lafuentek hil aurreko lau hamarkadetan ondutako lanak biltzen ditu erakusketak, baina baita haren dokumentuek eta bestelako materialak ere. Bada, museoak iragarri du horietako batzuk bere dokumentazio zentroan gordeko dituela aurrerantzean.

Argazkiak, zirriborroak, ilustrazio lanak, artelanei buruzko oharrak, prentsa artikuluak... Milaka dokumentu dira familiak museoari dohaintzan eman dizkionak. «Informazio hori eskura izatea garrantzitsua izan daiteke ikerlarientzat edo beste edozeinentzat. Arlo pribatuan, familiarentzat hori guztia gordeta eta ondo sailkatuta izatea ondo dago, baina balio handiagoa izan dezake Artiumen, batez ere, haren obra ulertzeko», adierazi du Gorka Lafuentek, artistaren semeak.

Balio historiko eta artistiko handia duten dokumentuak dira. Baliagarri izan baitaitezke, ez soilik artistaren lan jarduna ezagutzeko, baita gainerako euskal artisten praktikarekin eta testuinguruarekin alderatzeko ere, eta, ondorioz, ikerketa lanerako. Azpimarra hori egin du, hain justu, Arabako ahaldun nagusi eta Artium fundazioko presidente Ramiro Gonzalezek. «Funts artistikoa funtsezkoa eta ordezkaezina da gure inguruko azken 70 urteetako artearen historia ikertzeko orduan, eta, zergatik ez esan, baita gure historia ere, modu orokorrago batean bada ere».

Izan ere, euskal artisten lanak erakusteaz gain, Artiumen egiteko bat da hori ere, hau da, museoaren bildumari eta programei loturiko artisten dokumentu ondarea babestea eta dagokion balioa ematea. Eta horretaz arduratzen den dokumentazio zentroaren lana sendotu du azken urteetan museoak.

Edonoren eskura

Lafuenterena da Artiumeko dokumentazio zentroak eskuratu duen azken funtsa, baina lehenago ere beste artista batzuen milaka dokumentu jaso izan ditu dohaintzan. Horien artean daude, besteak beste, Juncal Ballestin, Juana Cima, Joaquin Fraile, Gerardo Armesto eta Nestor Basterretxea. Horiek guztiak digitalizatzen dihardute, hain zuzen ere. Artium museoko zuzendari Beatriz Herraezek azaldu duenez, helburua da Interneten edonoren eskura jartzea. «Publiko orokorraren eskura jarri nahi ditugu, edonork izan dezan informazio hori eskuratzeko aukera, balio baitute ulertzeko, besteak beste, artisten sorkuntza prozesuak, eta zein den haien rola kulturaren eta arte garaikidearen esparruan».

Dokumentu asko eta asko Internet bidez kontsultatu daitezke jada Artiumen webgunean, baina oraindik lan handia dago egiteko, Elena Roseras dokumentazio zentroko arduradunaren hitzetan: «Proiektu honek praktika artistikoei lotutako artxiboak garatzea eta inplementatzea eskatzen du, gaur egun eskuragarri dagoen informazioa bateratu, sistematizatu, osatu eta aberastu ahal izateko».

Izan ere, Roserasek azaldu du nazioartean erreferentzia izango den zentro bat sortzea dela helburua, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan XX. eta XXI. mendeetan garatu diren praktika artistikoak ulertu eta testuinguruan kokatzen laguntzeko. Horretarako, «erabiltzeko erraza izango den tresna bat» izatea nahi dute, euskal artisten artxiboaren garapenean «funtsezko pieza» izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.