Hilaren amaiera arte Gasteizko edozein unetan poesiarekin topo egiteko aukera izango da Poetak Maiatzean nazioarteko jaialdia dela eta: unibertsitatean, eskolan, liburutegietan, museoetan, kaleetan, etxarteetan, hedabideetan, tabernetan, dendetan… Aurten bigarren ekitaldia du jaialdiak, eta iazkoan baino ugariagoak izango dira euskarazko poesia errezitalak: Gerardo Markuleta eta Jabier Muguruzaren Denbora bere lekura, Angel Erro eta Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Poesia enGAYatua, Manex Agirre eta Gaizka Amondarainen Berrarmatzea. Celosamente gordea, Castillo Suarezen Urtebetetze festa —Borja Estankonaren musikarekin eta Ainara Lasaren irudiekin lagundua— eta Xabier Olasoren haurrentzako poema irakurraldia, besteak beste. Jaialdia maiatzaren 8an hasi zen, eta atzo euskarazko beste hiru emanaldi izan ziren: Nerea Gallastegiren Lauzpabost poema eta ipuin bat, Edu Zelaietaren Zu, hura eta ni; eta Paloma Rodriguez-Miñambresen Desoseguaren gorazarrea.
Ruiz de Zarateri omenaldia
Orotara, 300 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute jaialdiaren aurtengo ekitaldian, dela poesia errezitatzen, dela musikari moduan, dela irudiak lantzen… Gasteizen «poesia hedatzea» da jaialdiaren helburua, Elisa Ruedajaialdiaren zuzendariak, adierazi duenez. «Asmoa poesia kanpora ateratzea da, aretoetatik at eramatea. Ohituta gaude poesia oso modu formalean ikustera eta helburua da kalera ateratzea eta espero ez duzun lekuan poema bat entzutea». Horrez gain, Rafa Ruiz de Zarate poeta omenduko dute. «Rafa Ruiz de Zaratek lan handia egin zuen Gasteizko Alde Zaharraren alde eta egoki iruditu zitzaigun omenaldia egitea», azaldu du Ruedak. Maiatzaren 17an ibilbide poetiko bat egingo dute haren omenez Alde Zaharreko etxarteetan.
Jaialdiarentzat «hiriaren esku-hartzea» funtsezkoa izango da, Ruedak azaldu duenez. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babestu dute jaialdia.
Gasteiz poesiaz beteko du Poetak Maiatzean jaialdiak
Gerardo Markuleta, Jabier Muguruza, Castillo Suarez, Angel Erro eta Rikardo Arregi ariko dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu