Garun elektronikoen batura

Anita Parker taldeak doinu elektronikoagoak bildu ditu bere bigarren diskoan: 'Anita Parker!!'

Ezker-eskuin, Anita Parker musika taldeko kideak: Olatz Andueza, Ane Martinez, Jon Zubiaga eta Iñaki Bengoa. L.J. / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
«Laborategi banda bat gara». Hala deskribatu du Jon Zubiaga gitarra jotzaileak Anita Parker musika taldea, umorez. «Laborategian jardungo bagina bezala sortzen ditugu kantuak; ez gara erromantikoegiak». Bakoitza bere osagaiekin eta bere osagaietan oinarrituta aritzen dela azaldu du Ane Martinez abeslariak ere, aldamenetik. Elektronika eta swinga nahasteagatik egin da banda ezagun, eta estilo berberetik jo dute kaleratu berri duten Anita Parker!! bigarren diskoan. «Nahasketa bat da. Gutako bakoitzak duena batu, eta fusio horretatik ateratzen dena gara». Urtebete da Anita Parker taldea sortu zutela, eta 60 emanaldi baino gehiago egin dituzte ordutik. Taldekideen arabera, egitasmoak harrera ona izan duela erakusten du emanaldi kopuruak, eta bidea urratzen jarraitu nahi dute bigarren lanarekin ere.

Aurreko lana baino «askotarikoagoa» da kaleratu berri dutena, Martinezen hitzetan. «Kontraste handiagoa du, eta ez da lehen diskoa bezain laua». Bat egin du Zubiagak horretan. Azaldu duenez, elektro swingaren etiketa jarri zitzaion taldeari sortu zenean, eta musika estilo horretatik harago jo nahi izan dute oraingoan. «Hotzetik berora eta berotik hotzera egiten du bigarren disko honek. Gure asmoa da inor epel ez uztea, dela erritmoekin edo dela hitzekin».

Aitortu duenez, doinu elektronikoak dira taldearen bihotza. «Burmuin elektronikoa dugu, eta, gerora, bakoitzak bere ukitua ematen dio oinarri horri». Izan ere, musika ibilbide luzea dute taldea osatzen duten lau musikariek: Zubiaga eta Iñaki Bengoa Gose taldeko kide izan ziren, Olatz Andueza Skalariak taldean aritua da, eta Martinez Pentatonix Folk-en aritu zen. «Talka horren ondorio da Anita Parker».

Zortzi abesti bildu dituzte diskoan, eta batetik bestera dagoen kontrastea azpimarratu du Zubiagak. «Elektronikatik abiatzen gara, eta oinarri horretatik saiatzen gara lan akustikoagoak ala gogorragoak egiten». Gezurtero kantuan, adibidez, boleroa eta elektronika uztartu dituzte; eta Herio dance abestian, berriz, askoz erritmo gogorragoak sortu dituzte. «Esperimentuak egin ditugu, hori delako gure espezialitatea. Disko pluralak eta arraroak atera ditugu hortik abiatuta». Bat egin du Martinezek ere. «Gutako bakoitza punta batetik dator, eta aniztasun hori islatu egiten da diskoan». Ikuspuntu aniztasun hori areagotu egin dute bigarren lanean izan dituzten kolaborazioek: Nerea Loron La furia trap abeslari nafarraren, Arkaitz Biain Anger musika taldeko abeslariaren eta Esne Beltzako taldekide Zigor Dz eta Javi Perezen laguntza izan dute.

Aurreko lanaren hariari jarraitu diote hitzei dagokienez. Hala azaldu du Zubiagak. «Gure egiak azaltzen eta salaketak egiten saiatu gara». Emakumeen orgasmoari buruzko Le Petite Mort abestia jarri du adibide gisa. «Esan beharrik ez dago gizonen plazera gailentzen den gizarte batean bizi garela. Guk emakumeena aldarrikatu nahi genuen». Idiota kantuan, berriz, barrenak arindu dituztela azaldu du. «Hustu egin gara. Saiatu gara ahalik eta irain gehien biltzen». Ez du argitu nori zuzendutako kantua den, ordea. «Bakoitzak imajinatu edo eraiki dezala bere diana», jaurti du, irriz, gitarra jotzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.