Donostiako Zinemaldiko sail irekiena izan ohi da Zabaltegi-Tabakalera, eta aurten ere iraupen eta genero ugaritako filmek izango dute tokia. Guztira, hemeretzi film arituko dira lehian: hamar luze eta bederatzi labur. Horietako batzuk Berlingo zinema jaialdian sarituak izan dira, eta Cannesen parte hartzekoak ere baziren. Philippe Garrel, Hong Sang-soo, Tsai Ming-Liang eta Peter Strickland zuzendarien azken lanak daude horien artean, besteak beste. Aurretik iragarri zenez, Juan Cavestanyren Un efecto óptico film luzea, Carla Simon eta Dominga Sotomayorren Correspondencia, Marina Palacioren Ya no duermo eta Laida Lertxundiren Autoficciónfilm laburrak ere lehiatuko dira sailean.
Hong Sang-sook (Seul, 1961) Zuzendari Onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlingo zinema jaialdian Domangchin yeoja / The Woman Who Ran filmarekin, eta Zinemaldian aurkeztuko du orain. Lehenago izana da jaialdian: 2016an, Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours filmarekin, eta, 2017an, Geu-hu / The Day After aurkeztu zuen Zabaltegi - Tabakalera sailean. Izen handia da, halaber, Garrelena (Paris, 1948); Le Sel des larmes filmarekin dator, Berlingo jaialdiko sail ofizialean aurkeztu eta gero. Landaguneko gazte baten eta Parisko hainbat emakumeren arteko harreman gorabeheratsuak kontatzen ditu filmak. Hirugarren aldiz lehiatuko da sail honetan zuzendari hori; 2008an, La frontière de l'aube aurkeztu zuen, eta, 2017an, L'amant d'un jour.
Tsai Ming-Liang (Kuching, Malaysia, 1957) behin baino gehiagotan izan da saritua Veneziako zinema jaialdian. 1994an, Urrezko Lehoia irabazi zuen Aqing wan sui / Vive l'amour filmarekin, eta, 2013an, Jiao You / Stray Dogs lanarekin Epaimahairen Sari Berezi Nagusia eskuratu zuen. Donostiara Rizi / Days filmarekin dator, zeinarekin Epaimahaiaren Teddy saria irabazi berri duen Berlinen. Bakarrik sentitzen direlako elkarrekin denbora igarotzen duten bi gizonen istorioa kontatzen du filmak.
Camilo Restrepok (Medellin, Kolonbia, 1975) Los conductos filma aurkeztuko du. Sekta erlijioso batetik ihes egiten duen gizon baten abentura du oinarri filmak, eta saritua izan da Berlinen, Encounters atalean. Sail berean, Catarina Vasconcelos zuzendariak (Lisboa, 1986) Fripesci saria irabazi du A metamorfose dos pássaros lanarekin, eta bere familiaren iraganean oinarritutako filma aurkeztuko du Zinemaldian. Sandra Wollner (Leoben, Austria, 1983) The Trouble with Being Born filmarekin ariko da lehian; bigarren lana du, eta Berlingo Encounters sailean, Epaimahaiaren Sari Berezia lortu du. Neskato itxura duen androide bat du protagonista filmak.
Song Fangek (Nanjing, Txina) Ping Jing / The Calming lana aurkeztuko du. Berlinen saritu diote, eta 30 urteko dokumental zuzendari baten istorioa kontatzen du.
Fauna filmaren nazioarteko estreinaldia ere izango da sailean. Nicolas Peredak (Mexiko Hiria, 1982) zuzendutako lana da. Zuzendaria Horizontes Latinos sailean lehiatu zen 2009an, Perpetuum mobile filmarekin, eta, iaz Sail Ofizialean izan eta gero, Zinemaldira itzuliko da. Adilkhan Yerzhanovek (Djezkazgan, Kazakhstan, 1982) iragan kriminala atzean utzi eta zinema areto bat eraiki nahi duten bikote bati buruzko istorioa erakutsiko du, Zheltaya koshka / Yellow Cat filmarekin. Veneziako Mostran hartu du parte filmak. Zabaltegi-Tabakalerak aurten hartuko duen azkeneko film luzea Juan Cavestanyk (Madril, Espainia) zuzendutako Un efecto óptico da, eta Pepon Nieto eta Carmen Machi ditu protagonista.
Beste bederatzi labur
Peter Strickland (Reading, Erresuma Batua, 1973) film luze asko egindakoa da, baina Cold Meridian film laburrarekin dator aurten jaialdira: dantza eta onirismoa lantzen dituen sei minutuko lana. 2018an izan zen azken aldiz Donostian, In fabric filmarekin, Sail Ofizialean. Leonardo van Dijl ere (Kortrijk, Belgika, 1991) labur batekin helduko da: Stephanie filmarekin, hain zuzen. 2017an, proiektu horrekin hartu zuen parte Ikusmira Berriak programan, eta lanaren azken emaitza da filma. 2015ean, Umpire lanarekin aipamen berezia lortu zuen Nest sailean. Cannesko zinema jaialdiko film laburren hautaketa ofizialean zegoen filma —pandemiaren ondorioz, aurtengo edizioa ez da egin—. Presio handia jasan behar duen 11 urteko gimnasta bati buruzko istorioa kontatzen du.
I am Afraid to Forget Your Face Sameh Alaaren (Kairo, 1987) lana ere erakutsiko du Zinemaldiak. Cannesen lehiatzekoa zen film hori ere. Gizon batek bere maitalearekin elkartzeko egin beharko duen bide sigi-sagatsua kontatzen du. Naila Guiget, berriz (Vitry-sur-seine, Frantzia, 1988), Dustin izeneko film laburrarekin izango da lehian. Cannesko Kritikaren Astean hautatu zuten lana, eta techno musika emanaldi batean grabatua da. Pedro Peraltak (Lisboa, 1986) Noche perpetua aurkeztuko du, eta 1939an Espainiako gerraostean gertatutako benetako istorio batean oinarritua dago. Bestalde, Bell Zhong zuzendariak (Shanghai, Txina, 1991) Huan le shi guang / Having a Good Timekin hartuko du parte, Dia Yinan eta Bi Gan zuzendarien gidaritzapean laguntzaile gisa aritu eta gero.
Carla Simon (Bartzelona, 1986) eta Dominga Sotomayor (Santiago, 1985) zinemagileek elkarri bidalitako gutunei buruzko film bat aurkeztuko dute: Correspondencia. Marina Palaciok (Donostia, 1996) Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan hautatu zuten Ya no duermo filmarekin egingo du debuta. Lana Elias Kerejeta Zine Eskolan graduatu ondoren filmatua da. Laida Lertxundik (Bilbo, 1981), berriz, Autoficción lan esperimentala erakutsiko du.
Donostiako Zinemaldia
Garrel eta Strickland Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko dira
Hemeretzi film bilduko ditu sailak; horietatik bederatzi, laburrak. Tsai Ming-Liang, Hong Sang-soo, Lertxundi eta Cavestanyren filmak ere ikusi ahal izango dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu