Gariren ibiliak ilunpeetatik argirantz

Bakarka egindako 27 urteko ibilbidea biltzen duen zuzeneko diskoa kaleratu du Iñaki Garitaonandia 'Gari'-k: 'Zuzenean 2022'

Iñaki Garitaonandia Gari eta Miguel Moyano musikariak, Zuzenean 2022 diskoa aurkezten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Zuzenean grabatutako album honetan, azken urteetan idatzitako kantak errepasatu ditut, eta nire bizitza aurkezteko modu bat da: gorabeheraz beteriko bizitza, une argitsuekin eta une ilunagoekin». Idatziz utzi nahi izan du aitortza hori Iñaki Igon Garitaonandia Gari musikariak. Bakarkako ibilbidean egindako 27 urteak errepasatzeko, lau kontzertuko bira bat egin zuen ekainean, Maldanbera taldearekin, eta zuzeneko diskoa kaleratu du orain, saio haietan grabatutako hamabost kantarekin: Zuzenean 2022 (Elkar). Eta disko horren liburuxkako lehen orrialdean dator musikariaren aitorpena. Autobiografia musikal moduko bat ere badelako lana, haren hitzetan. Amets abestia sortu zuen «desesperaziotik» hasi, eta Berlin abestiko «argitasunera» egindako hamabost kantako ibilbide bat.

Zor moduko baten ordaina ere bada zuzenekoa, Garik azaldu duenez. «Urteak dira Gasteiztik Bilbora etorri nintzela; luzera begira, hemen inguruan talde baten sarea sortzea zen nire asmoa, gehienbat musikari gisa eta artista gisa hazteko, behar hori nuelako. Miguel [Moyano] eta biok hasi ginen horretan, taldea egonkortu dugu, sonoritate berezi bat landu dugu, eta musikari gisa halako egonkortasun bat lortzen duzunean, mentala, fisikoa eta baita artistikoa ere, zor bat sortzen da hor, eta hori erregistratzeko beharra nuen».

Lazkaoko Areria aretoan (Gipuzkoa), Bilboko Arriaga antzokian, Getxoko Muxikebarrin (Bizkaia) eta Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa) egin zituzten ekaineko emanaldiak, eta, horietan, Alex Alonso, Oier Aldekoa eta Miguel Moyano musikariak izan zituen alboan. Unai Mimenza aritu zen soinu teknikari, eta John Luhman arduratu zen argiztapenaz. Lehenik, diskoan sartu beharreko kanten zerrenda zehaztu zuten, eta, gero, Moyanok eta Victor Sanchez teknikariak egin dute lau grabazioetako kantarik onenen hautaketa, Elkar estudioetan. Gari «oso gustura» geratu da emaitzarekin. «Garbi genuen kantak ongi geratzeko tranpak egin behar baziren, egingo genituela, eta prest geunden jatorrizko horren gainean grabazio gehiago egiteko ere, baina ez da beharrik izan».

Hertzainak-en ispiluan

Kanten hautaketa egiteko orduan, «atzera begirako bat» egitea izan da asmoa, Garik azaldu duenez. «Ez bakarrik sonoritatean eta hitzetan oinarrituta, baizik eta kontuan hartuz kanta hori idaztean nola sentitzen nintzen ere; fisikoki eta mentalki nola bizi izan nuen une hura, eta inguruan zer-nolako babesa sentitu nuen. Hasierako desesperazioetatik azkeneko heldutasun eta itxaropen momentu argietara. Eta ibilbide horretan ikus daiteke 27 urte horietan zein izan den Gari musikariaren nondik norakoa».

Hertzainak taldea desegin ostean hasi zuen bakarkako ibilbidea Garik, 1995. urtean, Gari izeneko diskoarekin, eta lan hartako lehen abestiarekin hasi du zuzeneko diskoa ere. «Sasoi iluna» izan zela aitortu du, ordea, eta behin baino gehiagotan aipatu du «desesperazio» hitza hari erreferentzia egiteko. «Desesperaziotik idatzitako kanta bat da [Amets]».

Paradoxikoki, Hertzainak taldearekin hiru kontzertuko agur bira prestatzen ari dela aurkeztu du musikariak bere bakarkakoaren nondik norakoa biltzen duen lana. Eta, nolabait ere, onartu du bi proiektuek ispilu lana egiten diotela elkarri.

Azaldu duenez, adibidez, «txikia» da bakarkako proiektuarekin sentitzen duen «motxila», eta aitortu du «funtsezkoa» zaiola horrek ematen dion «malgutasuna». Alabaina, «erraldoia» iruditzen zaio Hertzainaken despedidarekin gertatzen ari dena. «Disparate hutsa da». Zehaztu duenez, guztira 40.000 edo 50.000 ikusle inguru bilduko ditu taldeak urtarrilean Gasteizen eta abenduaren 16an eta 17an Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaian) emango dituen hiru kontzertuekin. «Oso gustura» dago jasotako berotasun horrekin, baina onartu du ez zuela espero.

Eta oharra ere utzi nahi izan du. «Jakizue musikaren munduko jende gehien-gehienak ez zuela apusturik egin Hertzainak-en proiektuaren alde, emango ez ditudan izen gutxi batzuek salbu, ez Euskaldunakoa egin zenean [duela hiru urte], ez orain ere. Baina ez ditut epaitu nahi, oso zaila baitzen pentsatzea duela hainbeste urte hildako proiektu batek horrela funtziona zezakeenik».

Bakarkakoan segitzeko

Azaldu duenez, Josu Zabalaren osasun egoera ahulak bultzatuta hasi ziren berriz ere elkarrekin lehen saio laburrak egiten. Erantzun ona igarrita, jarraitu egin zuten. Proiektua handitzen ikusi ahala, Zabalaren osasuna ere hobera joan dela esan du Garik.

Bakarkako ibilbidean jarraitzea da haren asmoa, halere. Eta esan du zuzeneko diskoaren ideia eta Hertzainak-en agurra heldu aurretik kanta berriak sortzen zebilela. Pozik dagoela dio. «Sentitzen naiz... gazte esatea gehiegi da, baina, musikari gisa, artista gisa, pil-pilean sentitzen naiz».

Onartu du nekea ere, bi proiektuei aldi berean zutik eutsi behar izateagatik. «Bolada oso gogorra da». Amaitu da bakarkako ibilbidearen zuzeneko diskoa aurkezteko prentsaurrekoa, atera dituzte albistea zabaltzeko argazkiak, eta, Moyanorekin batera, zuzenean joan da Hertzainak taldearen agurra prestatzeko entseguetara.

ZUZENEAN

Azaroaren 18an. Andoainen(Gipuzkoa), Bastero kulturgunean, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.