Gariren borroka Gariren aurka

Bakarka egindako hiru hamarkadako ibilbidea bilduko duen zuzeneko disko bat grabatu nahi du Garik ekainean. Lazkaon, Bilbon, Getxon eta Bergaran emango ditu kontzertuak

Iñaki Igon Garitaonandia Gari musikariak laukote formatuan berreskuratuko ditu bere ibilbideko abestiak zuzeneko diskorako. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Bake prozesu bat balitz bezala». Hitzez hitz, halaxe bizi du Iñaki Igon Garitaonandia Gari musikariak ekainean grabatu asmo duen zuzeneko diskoa. «Abeslariok beti izan dugu tara bera: ez dugu inoiz onartu gure ahotsa. Horrek bereizten ditu zuzeneko lanak eta estudioko lanak; estudioan beti sentitu izan naiz musikariago abeslari baino, eta zuzenean, alderantziz, beti sentitu izan naiz gehiago abeslari musikari baino». Hertzainak desegin ostean, 1995ean hasi zuen bakarkako bidea Garik, eta ia hiru hamarkadako ibilbide hori berregingo du orain, lehenik oholtzan, eta gero diskoan. Lazkaoko Areria antzokian (Gipuzkoa) izango da ekainaren 3an, Bilboko Arriaga antzokian 7an, Getxoko Muxikeberri antzokian (Bizkaia) 10ean, eta Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa) 17an. Lau saioak grabatu, abestiak hautatu, eta Elkar diskoetxeak emango du argitara udazkenean.

Bere ahotsarekiko ezinegona aipatu du musikariak, baina ez da hori. Edo ez hori bakarrik. «Inoiz ez ditut ondo orekatu iragana eta gaur egungoa», onartu du Garik. Eta aitortza giro horretan egin du proiektuaren aurkezpen osoa musikariak, ezer ezkutatzeko lan handirik hartu gabe. Garirentzat mamuz beteta baitago Gariren diskografia. «Inoiz ez dut %100 eman estudioan, ez dakit zergatik, baina beti utzi diet urgentziei agintzen, klase guztietako urgentziei. Material zaharra entzutean konturatu naiz nire orain arteko lan dinamika guztien parte garrantzitsu bat izan dela hori. Zorionez, atzean geratu da hori dena, eta lan amaituago batek uzten duen sentsazio hori sentitu nahi dut orain. Niretzat garrantzitsua da bake prozesuaren ideia hori. Bake horretatik hobeki transmititu ahal izango dut, ze uste dut estudioko diskoek ez dutela islatzen errepertorioan benetan dagoena».

Lehen diskoen arazoa

Uneren batean, abesti bilduma bat egiteko ideia ere izan zuten mahai gainean Elkar diskoetxeak eta Garik, baina musikariak argi zuen lehen lanetako ahotsak berriz grabatzeko moduren bat bilatu beharko zela hori egitekotan. Zuzenekoekin gustura sentitzen dela dio, ordea, eta hala berregingo ditu abesti zaharrak. Eta, beraz, egungo sentsibilitatetik berregingo ditu iraganekoak.

Gariren lehenengo zuzeneko diskoa izango da —2002an ateratako Gari ta Otoitz Gure Alde izenburuko lana kontuan hartu gabe—, baina musikariak aspalditik zerabilen ideia buruan. Bai, behintzat, taldea egituratu xamar zegoela sentitzen hasi zenetik, zehazki. Duela hamahiru urte inguru elkartu zen Gari Miguel Moyano gitarra jotzailearekin, eta, musikariak dioenez, bikote horretatik abiatuta joan dira hurrengo urteetan ondoan izan duten taldea osatzen. «Oso eroso sentitzen gara, eta, horregatik, mahai gainean zegoen zuzeneko disko bat egiteko ideia, taldea sendotu delako, eta finkatu garelako esparru berezi batean».

Laukote formatuan izango da oholtzan Gari. Alex Alonso izango da baterian eta programazioekin, Oier Aldekoa baxuarekin, teklatuekin eta kantuan, Moyano gitarrarekin, teklatuekin, programazioekin eta kantuan. Diskoa grabatzeaz Unai Mimenza arduratuko da, eta John Luhman arduratuko da argiez.

Egungo taldekideekin batera hautatu du emanaldietarako 26 abestiko zerrenda Garik, baina lehen diskoetan ondoan izan zuen Fran Iturbe gitarra jotzailearen laguntza ere jaso du. «Azkeneko hilabete hauetan oso harreman estua izan dugu, eta kapazak izan gara lehen disko haietako maketak elkarrekin entzuteko, eta horrek bai mugitu dizkidala barneko hainbat emozio».

Eta jarraitu du azalpenak gero. «Kostatu egiten zait lehen diskoko eta, are, baita bigarren diskoko abestiak ere jotzea. Lirikoki zein musikalki. Emozionalki oso gogorra izan zen maketak entzutea, eta pott eginda gelditu nintzen egun oso batez. 24 egun pasatu nituen lur jota. Zergatik? Bada, ispilu aurrean proiektatzen zidatelako sasoi hartan zer zegoen, eta, zorionez, oso urrun geratu diren pasarteak dira, baina oraindik ere barruak mugitzeko gaitasuna dute».

Harreraren bakea

Bere bakarkako lanak izan duen harreraz aritzean bakarrik aritu da min eta oinaze arrastorik batere gabe Gari. «Hertzainak-en itzulera bira egin genuenean, Josu Zabalak eta biok publikoaren sari bat jaso genuen, eta hori da musikari batek jaso dezakeen saririk handiena, baina hori beste liga bat da, eta ni, nire bakarkako proiektuarekin, ez nago hor; maila apalagoan gabiltza, baina oso eroso nago. Denbora bat daramagu erregulartasunez jotzen, eta publikoaren harrera ona izaten da. Asko gustatzen zait herri txikietan jotzea, formatu txikietan jotzea, horrelakoetan izaten den bat-egite sentsazioak ez duelako zerikusirik areto edo festa handietan gertatzen denarekin. Halakoetan zerbait garrantzitsua egiten ari naizela sentitzen dut, neure herriaren tradizioa elikatzen dudala edo halakoren bat. Besteak gehiago dira espektakuluak, eta herrietan ez dago espektakulurik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.