Garikoitz Mendizabal eta Euskadiko Orkestra 'Gutizia' grabatzen ari dira

Jatorri askotariko konpositoreek txistu eta orkestrarentzat idatzitako zortzi obra bilduko ditu diskoak. Txisturako errepertorioa areagotzea eta nazioartean hedapen nabarmenago bat lortzea dute xede

Garikoitz Mendizabal txistularia eta Euskadiko Orkestrako musikariak, atzo arratsaldean, Donostian, Jaume Santojaren gidaritzapean. GORKA RUBIO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Denbora darama Garikoitz Mendizabalek (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) txistuaren sustapen azkengabean. «XXI. mendean, proposamen zabal bat egin behar du txistuak», zioen duela hilabete batzuk egunkari honetan. Norabide baten berri ematen zuen adierazpenak, eta, hari segika, disko berri baten grabaketa betean dabil egunotan: Euskadiko Orkestrarekin batera, txistu eta orkestrarentzat idatzitako zortzi obrako lan bat burutzen: Gutizia.

Orkestrak proiektua bere egin izana «opari bat» izan dela aitortu du Mendizabalek, baina argi du ez dela gauetik goizera sortutako zerbait izan. 2011n kokatu du abiapuntua, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin Txistu Symphonic grabatu zuen sasoian. «Orduan osatu zen lehenengoz programa oso bat txistu eta orkestra elkartuta, eta, horri esker, hainbat orkestrarekin jo ahal izan dut azken urteetan; Euskal Herrian zein atzerrian».

Jasotako harrera beroak bultzada eman arren, sumatzen zuen ez zela nahikoa. «Ikusten nuen txistuak behar zuela gehiago, eta nik ere bai». Ordura arte orkestrekin interpretatutako obra guztiak egokitzapenak izan zirenez, propio txistu eta orkestrarako sortutako musika idatzi beharra antzeman zuen. «Bi helbururekin: batetik, aurkezpen gutun bat izateko munduko orkestrentzat, euskal instrumentu tradizionala beste formatu batean emana; eta, bestetik, txistuari lotutako literatura areagotzeko».

Azken asmo horrek ere lagunduko luke musika tresnaren nazioarteko zabalkundean Mendizabalentzat, baina batik bat hurrengo belaunaldiei begira aipatu du errepertorioa zabaltzearen garrantzia. «Dantza, protokoloak, kale animazioa... txistularion oinarri horrek hor jarraituko du, baina ate asko oraindik irekitzeko daude, eta ez dakigu noraino eramango gaituzten. Nik honekin frogatu dut hori; ikusi dut bide luzea izan dezakeela. Hurrengo txistulariek ere eduki behar dute aukera, orkestra handi batez lagunduta, material berria jotzeko».

Jakitun da bi inguru oso ezberdinen arteko gurutzaketa ikusiko dutela askok diskoaren sakonean. «Izan ere, hala da», aitortza Mendizabalek, «oso mundu ezberdinetatik dator bakoitza». Baina aurreiritziak egon daitezkeela ere aipatu du, eta «sinplea» da beretzat azalpena: «Txistuak, zorionez, frogatu du teknikoki oso prestatuta dagoela goi mailako musika egiteko; instrumentistak behar dira onak, baina instrumentuak eman ematen du. Nik etiketak kendu eta beste instrumentu bat bezala hartzen dut, eta, horrela hartzen duzunean, gertuago zaude orkestrarekiko».

«Harrituko dira batzuk»

Zortzi obrak osatuko dute Gutizia, eta iraupen, tonu eta giro askotarikoek ezaugarrituko dute. Hasieratik nahi izan du Mendizabalek hala izatea: ugaria. «Denetarik egotea nahi nuen, jendeak ez dezala pentsa txistu eta orkestrako disko bat izateagatik zerbait hotza izango denik. Hori zaindu dugun gauza bat da: edozeinek entzuteko musika izatea. Segur aski, harrituko dira batzuk».

Ugaritasun horren erakusle dira konpositoreen jatorriak eta egiteko moduak ere. Bakoitzari beretik sortzeko eskatu zien Mendizabalek, eta hala egin du, esaterako, Eduardo Moreno arabarrak, ohi duen «estilo erromantiko eta melodiazalean» ondu baitu Leyenda, diskoko lanik luzeenetako bat.

Luzeena, ia ordu erdiko iraupena duena, David Johnstone ingelesak sortutako Symphony-Concerto izango da, eta lan osoko piezarik «solemneena» izango dela ere aurreratu du Mendizabalek. «Tristura, gogoeta, alaitasuna eta beste lantzen ditu; denak modu klasiko eta ganbera estilokoan».

Eta oso bestelako bi pieza: Grigoras Dinicusen Hora stacatto laburra, Iñaki Urkizuk moldatua—«postal txiki bat da, errumaniarra baina mundu guztian ezaguna, bizi-bizia»; eta Karibu Peponi, Kenyako flauta batek inspiratuta, Javier Martinez Camposek sortu duen pieza.

Egunotan Miramongo egoitzan ibili den Nahi Hakim libanoarrak ere hartu du parte proiektuan, Txistu eta orkestrako kontzertua lanarekin. «Organista da bera, formazio klasikokoa, baina harmonia oso gaurkoak egiten ditu; hori egin du hemen ere, Pablo Sorozabalen Gernika sartuta erdian, beste bi parteen artean».

Euskal doinutegitik Fandango Zaharra, Atzo ttun ttun eta Iruten ari nuzu bilduko ditu diskoak, azken biak Kepa de Miguelek egindako orkestrazioarekin. Eta berezitzat du hori Mendizabalek: «Naizenetik zerbait inportantea zor diot irakasle izan nuen Kepa de Migueli; emozionalki asko betetzen nau horregatik». Naroa Intxausti sopranoak eta Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatzak ere hartuko dute parte kantu horietan. Denak batera jarrita, txistuaren aurpegi ugariak agerian geratuko direlakoan da Mendizabal: «Txalapartak, trikitiak, albokak... azken urteetan oso ondo saldu dute euren burua, eta agian guk ez dugu asmatu. Baina berdin, txistuak ere aurpegi asko izan ditzake. Gure tresna egunerokoa izan da eta da, bainaduen potentzialitate interpretatiboa ez da hainbeste ezagutzen. Horren froga da disko hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.