Garazi Kamio Anduaga (Andoain, Gipuzkoa, 1979) kazetari, irakasle eta idazlearen Bikini nobelak irabazi du 2023ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Maribel Aiertzak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak. 3.000 euroko saria emango diote, eta Elkar argitaletxeak plazaratuko du liburua.
Bullying istorio bat kontatzen du liburuak, baina ez biktimaren edo erasotzailearen ikuspegitik, ikusle hutsa den ikaslearen begiradatik baizik.
Hamasei lan lehiatu dira guztira. Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak abiatu zuten sariketa, euskal kulturako sortzaile eta sustatzaile izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamahirugarren aldia bete du aurten. Karmele Mitxelenak irabazi zuen iaz, Marrubizko uda lanarekin.