Iaz egin bezala, Getariako Udalak (Gipuzkoa) hiru idazketa egonaldi antolatu ditu aurten ere. Herriko ostatuetan egingo dira, ostalarien zerbitzuak euskal idazleen eskura jarriz. Oraingo honetan, aurkeztutako zazpi proiektuen artetik, sormen prozesuan dauden hiru lan aukeratu dituzte epaimahaikideek, eta Garazi Arrula, Jon Artano eta Miren Agur Meabe idazleen proiektuak hautatu ditu epaimahaiak.
Artanoren kazetaritza literarioko lanak Hegoaldean du behin-behineko izena, eta Herritarte apartamentuan izango da hori ontzen. Anderik Ande proiektuaren bigarren alea izango da, duela bi urte Juana izeneko lehen alea argitaratu ostean. Andeetan hegoaldetik iparraldera egindako bidaian bildu dituen istorioak lantzen ari da, eta bigarren alean Argentinan eta Txilen ikertu dituen gaiak plazaratuko ditu.
Poematan idatzitako nobela bat
Meaberen lana poema sorta baten bidez osaturiko nobela bat da, thriller kutsua duena. Jubilazioaren atarian dagoen Agurtzane narratzailea atezaina da Bilboko DBHko ikastetxe batean. Ikasle baten heriotza du abiapuntu lanak, eta narratzailea heriotza ikertzen hasten da.
Urtarrilean izango dira Getarian bai Artano eta bai Meabe, eta Arrula, berriz, martxoan. San Prudentzio hotelean, nobela proiektu bat garatzen izango da egilea. Bertan, protagonistaren biografiari segika, hainbat gai jorratuko dira eleberrian. Besteak beste, sektak, fedea eta sinesmenak, emakumeen kontrako indarkeria askotarikoa.
Egitasmoa 2023an aurkeztu zutenean, bi urtetarako proiektua aurkeztu zuten antolatzaileek. Baina datorren urtean hirugarren aldi bat ere egingo dutela bermatu dute. Hasi berri den urte honen amaieran adieraziko dute zer hiru autorek izango duten idazketa egonaldietan parte hartzeko aukera.