Zertarako garaipenak? Zer zentzu dute? Zer ondorio? Merezi ahal du garaipenak, hura lortzeko hartu beharreko arriskua gerra bat eragitea bada? Galdera horiexek eta gehiago izango dira Eta bihar... zer? ikuskizunaren ardatzak. Gaitzerdi, Hortzmuga eta Traspasos konpainiek ondu dute «biolentziaren kontrako eta giza eskubideen aldeko» lana, eta hilaren 26an eta 27an estreinatuko dute Bilbo Arena pabiloian, Eusko Jaurlaritzaren Bakearen eta Askatasunaren Kulturen Urtearen egitarauaren barruan.
Formatu handiko obra izango da, asmo handikoa. Ehundik gora profesionalek parte hartuko dute oholtzan zein handik kanpo. Antzerkia, musika eta ikus-entzunezkoak tartekatuko dituzte. Baita lirika ere, Gernikako Gaudeamus abesbatzarekin. Ikuskizunerako beren beregi sortutako piezak izango dira denak, abestiak (Shanti Basauri), giroak (David Otaegi) eta argazkiak (Oier Ituarte) barne.
Lau pertsonaia eta beste horrenbeste atal izango ditu ikuskizunak, Raul Cancelo Gaitzerdiko kideak azaldu duenez. «Apokalipsiko lau zaldunak izango ditugu: garaipena, gerra, gosea eta heriotza. Eta horiekin batera lau tarte eszeniko, lau poema aurkeztuko ditugu, hiru konpainietako aktoreekin».
«Sinbolismo handiko objektuekin» indarkeria zuzenak zein estrukturalak sorrarazten dituen egoerak aurkeztuko dituzte. Garaipenari eskainitako atalean, banderak izango dituzte elementu nagusi. «Azkenean haizeak eramango ditu, eta mastak bakarrik geratuko dira. Zer dira azkenean banderak, oihal zatiak?». Gosea ardatz izango duen atalean, arrainontzitik kanpo igerian dabilen arrain baten inguruan harilkatuko dute gidoia.
Baina atal bakoitzari bide eman aurretik, «kontrapuntu gisa», egiazko testigantzak emango dituzte zuzenean lau gerra berriemailek: Mikel Aiestaranek, Maite Carrascok, Jon Sistiagak eta Hernan Zinek. «Beren kontakizunetan gerra zer den azalduko dute ikuspegi neutro batetik, kazetariaren narrazio objektibotik, gertakarien aipamen hutsa eginez; eta horren ondotik irekiko diren espazio eszenikoetan gerren zentzugabetasuna nabarmenduko dute aktoreek. Aurka azalduko dira, diskurtso bien artean dikotomia planteatuz».
Eszenografia «ikusgarria»
Eszenografia «ikusgarria» izango dela ziurtatu du Cancelok. Tamaina handiko zaldi bat sortu dute ikuskizunerako propio, eta aurreko egunetan Bilbon zenbait ekinbidetan izango dela aurreratu du. «Gerra badatorrela iragarriko du, zerbait izugarria hastera doala». Gogoetarako gaiak jarri nahi dituzte, eta herritarrei zer pentsatua eman. «Izan ere, ikuskizunaren izenburuaren ildoari erreparatuz, indarkeria horrek guztiak zer ekarriko digu bihar? Eta, zer egin dezakegu horren aurrean? Gure esku dago egoera aldatzea?».
Testu gutxiko ikuskizuna izango da, «oso bisuala baita», baina berriemaileek euskara zein espainiera tartekatuko dituzte, Cancelok azaldu duenez.
Eta bihar... zer? ikuskizunaren «balio erantsia» nabarmendu du Gaitzerdiko kideak. «Arlo ekonomikoan bizi dugun krisiaren erdian horren ibilbide desberdina duten hiru konpainia elkarlanean aritzea, eta zuzenean eta zeharka kulturaren esparruko hainbeste jenderi lana ematea gauza handia da».
Garaipenaren argi-ilunak
«Indarkeria salatzeko» ikuskizuna estreinatuko dute hileon Hortzmuga, Gaitzerdi eta Traspasos taldeek: 'Eta bihar... zer?'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu