«Garaiotan ETAri buruzko zerbait originala egiteak badu meritua»

Angel Amigok idatzi du 'Dragoi ehiztaria' filmaren gidoia. Etzi estreinatuko da inoizko aurrekontu handiena duen euskarazko lanaBiolentziaren erabilerak gizabanakoarengan uzten duen arrastoa izan du aztergai, oro har

Dragoi ehiztaria-ren parte handi bat Kuban filmatu dute. IMANOL MAGRO.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Prozesu luze bat osatu osteko sentipen gozoarekin da Angel Amigo (Errenteria, 1952), «pozik eta egindakoarekin harro». Filmaketa lanak hasi zituztenetik hiru urtetara, etzi, helduko da Dragoi ehiztaria zinema aretoetara, aurreikusitakoa baino nabarmen beranduago. Kurioski, atzerapena mesede izan da filmarentzat, Amigoren irudiko, azkenaldian Euskal Herrian izan den testuinguru aldaketak «giro hobea» sortu baitu «biolentziaz» eztabaidatzeko. «Orain bi urte aurkeztu izan bagenu, zailago zitzaigukeen jendeak filma bere horretan onartzea. ETAk armak uzteko hartutako erabakia arlo guztietan izan da ona, eta kulturan, zer esanik ez», zehaztu du.

Izan ere, ETApm-ko militante baten barne gatazken berri ematen du pelikulak, kontraesanen eta paradoxen inguruan etengabe nola erantzun pentsatzera behartzen duten egoeren bidez. Patxi Barkok zuzendu du lana, eta Asier Hormaza eta Itziar Ituño izan dira aktore nagusiak. Istorioa, zera: Gorka hiru urtez aritu zen poli-mili-etan, amnistiatik su-etena bitarteko borroka armatuaren garai hartan, trantsizio deiturikoan. Iruditzen zitzaion erakundeak biolentzia erabiltzen segitzeak ez zuela zentzurik aurrerantzean. Hala ere, «justiziazko arantza» moduko bat geratu zitzaion barnean, eta Latinoamerikako gerrillei laguntzera alde egin zuen, lehenik El Salvadorko Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea (FMLN) taldeari, eta segidan NikaraguakoHerri Armada Sandinistari (EPS). ETA militarreko kide ohiekin topo egin zuen han, eta orduan hasi ziren lehen estutasunak. «Euskal Herrian traidore bazen, han iraultzailea; terrorista zena on bihurtzen zen, zirkunstantzien arabera. Hor kontatzen dira toki batean biolentziari uko egin eta beste batean onartzeak dituen kontraesan horiek guztiak, eta horrek gizabanakoari uzten dizkion zauriak. Gainera, gaia gehiago aldrebesteko, gidoia osatzen ari nintzelarik, FMLN-k hauteskundeak irabazi zituen El Salvadorren».

Orain, gaztetan zertan aritu zen galdetzen dio semeak Gorkari. Eta horixe da filma, «semeari hurrengo goizean kontatuko dion errelatoaren entsegua, edo hobeto esanda, kontatzen saiatuko denarena, bai baitaki badirela esango ez dizkion zenbait kontu, bere buruari ere kontatzeko lanak izango lituzkeenak». Une batez, indigena batek zera esaten dio: inoiz semeari konta ezin diozun ezer egin baduzu, zure bizitzan zerbait gaizki dabilen seinale. Alde horretatik, pertsonaia «kritiko» da garai harekin, baina «bere parte» sentitzen du, aldi berean. «Ordukoari buruz egun entzuten diren azalpen mordo horien atzean egongo da kritikoa ez den jendea, guztia arbuiatzen duena, alzheimerra daukana... baina aztertzeke dagoen mosaiko bateko pieza da, eta niri bereziki interesatzen zait».

Halako batean, Amigo ohartu zen biolentzia praktikatu duten askok arazo bat topatzen dutela familiakoei azalpenak eman behar dizkietenean, ez baita erraz digeritzen den auzia. Hortik tiraka osatu zuen filmeko gidoia. «Azken 50 urteetan, klandestinitaterik zorrotzenean, asko izan dira egoera horri aurre egin behar izan diotenak. Milaka familiari eragiten dion auzia da, eta bakoitzak ahal duen moduan konpontzen du». Eta gaineratu du: «Esango nuke gai hau lantzen den lehen aldia dela. Akaso neure buruari loreak botatzea izango da, baina garaiotan ETAri buruzko zerbait originala egiteak badu meritua. Eraginkortasun politikoa lortzeko, punturik deigarri eta definigarrienetara murriztu dira argumentuak, eta bidean galdu dira ñabardura guztiak».

Erdi Aroko alegoria

«Justiziazko espiritua» barnean zeramaten borrokalariak ziren dragoi ehiztariak Erdi Aroko literaturan. Dragoia, gaizkiaren irudikapena, hiltzen zuten, ondoren dontzeila, libertatearen sinboloa, dorretik jaisteko. Amigo hor oinarritu da filmari titulua jartzerakoan; haren ustez, Gorkak ere sindrome hori nozitzen duelako.Argumentu politikoen faltan —nahiz eta izan badituen—, justiziazko espiritu horrek gidatzen du. Hemengo dragoiak amaitzen direnean, lehen dragoitzat zituenak jada ez direla konturatzen denean, Latinoamerikara joaten da ehizara, dragoiz bete-betea begitantzen zaio eta. Hango diktadore militarren aurka borrokatzeko zuribidea duelakoan dago oraindik. «Kontua da azkenerako dragoi ehiztariak dragoi bilakatu ohi direla. Dragoia hiltzen obsesionatzen dira, hori dute helburu, edozein delarik metodoa ere, eta, ezinbestean, beren etikaren kontra egiten amaitzen dute. Gorkari ere gauza bera gertatzen zaio». Film guztian, El Salvadorko armadaren helikoptero bati paralelismo keinuak egiten zaizkio. Dragoi bat du ikur, alegoria moduan.

Film errepikaezina

Euskarazko film batek inoiz izan duen aurrekonturik handiena du Dragoi ehiztaria-k: 2,5 milioi eurokoa. Amigok oroitzen duenez, modu naturalean sortu zen proiektua: «Garai hartan, TVE zinema euskaraz egitearen aldekoa zen, eta ETB ere bai. Kubatarrek, berriz, gauza normaltzat ikusten zuten hizkuntzarena. Orain arteko ekoizpenik garestiena izatea ona ala txarra den ez dakit. Hori bai, errepikaezina izango da, zirkunstantziek ez baituteahalbidetuko ostera ere tamaina horretako euskarazko film bat egiterik». Amigok Kubako Zinema Institutuarekin zuen harremanak ere baldintzatu du emaitza. «Urte askotan aritu gara elkarlanean, eta eskertzen diet proiektu honetarako halako gogo eta baliabideak jartzea». Dena dela, Kubako zinemagintza ziklo baten amaieran da, eta hango laguntzaile gehienak erretiratzeko bidean dira. «Egun, ezinezkoa litzateke halako proiektu batean sartzeko eskatzea».

Prozesu luzeen alde txarrak ere ezagutu behar izan ditu Amigok, eta, azkenerako, «milaka arrazoi medio», Patxi Barko zuzendariarekin zuen harremana mikatz bihurtu da. «Lehen genuen konplizitate hori desagertu egin da, eta elkarrengandik nahiko urrun gaude une honetan. Hala ere, oso artisau ona iruditzen zait, eta film honetan ere lan ona egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.