PIERS FACCINI & BALLAKE SISSOKO
'Our Calling'
Diskoetxea: No Format.
Ez da harrigarria jatorri ezberdineko musikariak elkarlanean aritzea: europarrak eta afrikarrak, asiarrak eta amerikarrak... Ez da kontu korapilatsua haien kode musikalak antzekoak direnean. Nori axola dio nongoa den, orain, puntan dabilen talde horretako baxu jotzailea, denak musika mota bera egiten ari badira? Baina kontua aldatu egiten da musikari horiek, jatorri geografiko hutsaz gain, hizkuntza musikal edo erro kultural ezberdinak uztartzeko anbizioa badute. Adibidez, kantu hitza aipatuta zer ulertuko du kantautore europar sofistikatu batek, eta zer Maliko kora jotzaile trebeenetakoa denak? Oso gauza ezberdinak izanda, posible al da bi ikuskera horien arteko elkarlan kitzikagarririk izatea? Ala garai batean hain modan egon zen fusio gatz eta piperrik gabekoaren kutxan gorde beharreko beste lan bat izango da emaitza posible bakarra? Bada, inoiz, antzeko galderaren bat etorri bazaizu kaskora (a ze friki puska) Piers Faccini eta Ballake Sissokoren diskoan duzu erantzuna.
Egia da bere bideari egoskor eutsi dion kantautore horietako bat dela ingeles-italiarra. Sekula ez du arrakasta izugarririk lortu, baina entzule fidel kopuru esanguratsu bat bildu du 2000ko hamarkadatik hona kaleratu dituen 11 disko luzeekin. Ez da lehenengo aldia Ballake Sissokorekin aritzen dena, Label Bleu diskoetxean egin zuten topo duela hogei urte. Orduz geroztik, harremanetan jarraitu dute, eta azkenean, nola ez ba, horrelako nahasketentzat etxe bikaina (ala bakarra?) bilakatu den No Format diskoetxean eduki dute bien arteko elkarlana kantu-bilduma bilakatzeko aukera. Hortik sortu da Our Calling hau.
Eta benetako elkarrizketa da. Kantuen oinarrian Facciniren folk ikuskera nagusitzen da, bere gitarra akustikoak markatzen du bidea. Baina kora jotzaileak beste nonbaitera daramatza kantuok; zenbat leiho zabaltzen dizkien Faccinik ohikoak dituen melodia gozo eta argitsuei. Eta gerta zitekeen gitarra eta kora borroka betean aritu beharra, nor baino nor gehiago. Baina, zorionez, ez da halakorik gertatzen, bakoitzak badaki zein den bere lekua, eta bestela hortxe dago Vincent Segalen txeloa (bien aspaldiko beste lagun bat) gauzak bideratzeko.
Emaitza bikaina da, bai. Ez dago garailerik, ez dago galtzailerik, kantu bikain sorta bat da emaitza. Eta esango nuke hortxe dagoela arrakastaren gakoa: bi artistek beren gaitasun guztiak kantuen mesedetan erabili dituzte, eta ez alderantziz. Agian, pentsatu baino hurbilago daude elkarrengandik europar kantautore baten eta kora maisu baten ikuskera musikalak. Hain erraza dirudi disko hau entzunda.