Garaiaren tekletan

Kantuak bideo deigarriekin batera landu, eta sarean banan jartzen joan: hedatuz doa musika hala ekoitzi eta eszenara agertzeko modu hori, elektronikaren bueltan nabarmenen akaso. Halaxe ari dira Chill Mafia, J Martina eta Merina Gris.

J Martina. Mundu zahar-en bideoklipeko fotograma.3 BERRIA.
itziar ugarte irizar
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Ez diogu ez zentzurik, ez beharrik ikusten beste era batean egiteari». J Martinako kideen adierazpen errime horrek uxatu ditzake galderak oro. Zer dagoen kantuak single eran ondu, bideo landu batekin sareratu eta oihartzuna ale bakan horiekin bilduz joatearen atzean. Esaldiaren ifrentzuan, baina, aitortza bat ere bada: zentzu bati eta behar bati erantzuten diola hala lan egiteak.

Mundu zahar-ekin agertu ziren lehenengoz Kattalin Barcena, Ane Barcena eta Javi Jorajuria. J Martina, Larrabetzutik (Bizkaia) eta Barañaindik (Nafarroa). Camaron de la Islaren Viejo mundo-ren hitzak euren eginez eta oso bestelako lur bat emanez. Baseekin jolasteko gogoz abiatu zuten proiektua, autotunea eta letra zainduak lagun, eta lehen abesti «osatuena» izan zuten hori. Eta izan ahala, eman. Hala Desira eta Beste zerbait-ekin ere. «Hautu naturala izan da banan-banan ateratzea, abesti bakoitzari merezi duen denbora eskainiz, alde musikalean zein bisualean. Ez dugu disko oso bat konposatua izan arte itxaron behar estudioko grabaketa merkeagoa izateko: ditugun baliabideekin egiten dugu produkzioa; horrela gure denborak ere markatu baititzakegu».

[youtube]https://youtu.be/xoq5t3WghzY[/youtube]

Tonu bertsuan datoz Chill Mafiakoen hitzak ere. Ahoz aho ibili dira duela hiru aste Gazte arruntaren koplak sareratu zutenetik, Xabier Leteren kantua oso bestelako terreno batera eramanez hauek ere. Julen Goldarazena (Flako Fonki) eta Beñat Rodriguez (Kiliki Frexko) ari dira lehen lerroan, lagun sare bat dutela inguruan. «Chill Mafia Iruñerrian kokatu behar da, batez ere Iruñerriko periferian, 2019-2020 aldean», oinarria Rodriguezek. Konfinamendu amaieran hasi ziren kantuak ekoizten, eta, lehena sareratzerako, bazuten mixtape oso bat landuta —berriki sareratu dute—. «Guretzat lan gutxiago izango litzateke musika bideorik gabe entzungo balitz, baina, egun, Youtubetik entzuten da musika. Paradigma hori ez da orain aldatu: aldatuta zegoen duela bospasei urte, edo lehenago; guk erabaki duguna da horretan sartzea eta tematzea».

Eta Merina Griseko kideek baieztatu dute: «Gu elkarri Youtubeko bideoak pasatzen hasi ginen, eta kantuak elkarrekin egiten amaitu dugu». Paskal, Julen eta Sara dira gu hori —apropos gorde dute abizena—, Donostiatik. Besteek zer izan zen haien aurkezpen gutuna. «Teklarekin eman genuela sentitu genuen, eta hasiera indartsu bat eman nahian igo genuen». Erabaki pertsonaletik harago, baina, testuinguruak eskatzen duen modua dela ere ikusten dute: «Estimuluz beteta bizi gara, eta badago deigarria izateko joera orokor bat. Bestela, badirudi trena galduko duzula, jendearen atentzio labur hori». Formula errepikatuta, sAIATZEN nAIZ kaleratu zuten duela hilabete —lehenengoaren bidetik, melodia itsaskor, soinu elektroniko eta «pop bortitzaren» erritmoan—. Ed is Dead ekoizle madrildarrarekin ondu zuten; bideoa, berriz, Arriguri, Galapan eta Badator etxeekin. «Jendeak Netflixeko atal bat ikusten du, eta jarraian, zure bideoklipa; hori da giroa, oso lehiakorra. Artea are efimeroagoa bihurtzeko arriskua dakar, eta bideoklipak lantzea kantuek ibilbide bat izateko ahalegin bat ere bada. Hala ere, baliabideak mugatuak dira, eta dena espektakulua izatea ez da bideragarria».

[youtube]https://youtu.be/rLOhWqyyn9s[/youtube]

Baliabide kontua ere bada

Hain zuzen, baliabideen auzia ipini dute egiteko moduaren zentroan bai J Martinakoek eta bai Chill Mafiakoek ere, musika elektronikoaren abantailetako bat ahalmen gutxirekin ekoitzi ahal izatea dela iritzita. J Martina: «Guk gitarra ere baliatzen dugu, baina, berez, ordenagailuaren eta sintetizatzaileen bitartez nahi beste soinu atera daitezke, eta erraz grabatu. Horrek autosufizientzia ematen du, eta ekoizpen modu eskuragarria bihurtu da ia edonorentzat. Baliabide eta gaitasun mugatuak askatasun faltatzat har daitezke, baina mugak gure alde jarri, eta, soiltasunetik abiatuta, beste gauza batzuk sortzen dira».

Euren kasua horren «froga garbia» dela uste du Rodriguezek: «Disko osoa guk ekoitzi dugu, ez genuelako sosik», aitortu du. «Uste dut nolabait 1980ko hamarkadako punkaren Do it yourself ideologia, bere garaian baxu eta gitarra merkeenak erosi eta horrekin talde bat sortzea zena, gaur egun hau dela: soinu txartel bat erosi, eta zuk zure bitartez sortzea ordenagailuan». Orain ia 200.000 ikustaldi dituen kantua horrela sortu zuten haiek: Leteren hitzak moldatu, base bat landu, Rodriguezen logelan grabatu, beste diziplina batzuetako lagunekin bideoa osatu, eta sareratu. Biderik «eraginkorrena» dela aipatu du Chill Mafiako kideak, baina beste «leiho artistiko bat» zabaltzen duela ere goraipatu du. Eta hor sartzen da irudiarena.

[youtube]https://youtu.be/TsAETGUimyY[/youtube]

Argi dute hiru taldeetako kideek musikarekin batera irudia —bideoa— lantzeko apustua ez dela ausazkoa. Merina Griseko kideek euren «apustu artistikoaren jatorrian» dagoen zerbait dela diote, ez dela «musikaren ondoren datorren zerbait». Jota Martinakoentzat, «gizartearen nolakotasunaren isla» da finean: «Abestiak bere baitan badauka adierazteko gaitasun ikaragarria, baina gaurko gizartean daukagun zentzumen kitzikapenari ez ikusi egitea akats bat da. Youtubek, adibidez, irudia eta soinua plazaratzeko aukera ematen digu, eta gu eskura ditugun baliabide tekniko horiez baliatzen gara gure lana osatzeko». Arrisku bat ere ikusten diote, ordea: musikan bertan arreta gutxiago jartzea. «Ondo legoke formatu digitalak eskaintzen dizkigun aukera mugagabe horiek erabiltzen berrikastea, eta musika berriz akzioaren subjektu bilakatzea».

Garaikidetasuna genero

Musika hala ekoitzi eta zabaltzeko joera hasi, batez ere, raparen, hip-hoparen eta traparen munduan hasi zela diote Chill Mafiakoek, apurka asko zabaldu bada ere. Estiloarekin bai, baina «garai historikoarekin» lotura estuagoa duen auzia dela uste dute. «Marketina gaur ezin da izan duela 50 urte bezalakoa; disko bat grabatu, eta bira bat egin Euskal Herrian. Hori atzean gelditu da». Zabaltzeko bakarrik ez, barrura begira ere kantuak hala lantzeak gehiago «asetzen» dituela diote Merina Grisekoek. «Horrela, ez dago betelana egingo duen kanturik, disko askotan gertatzen den bezala. Banan landuta, bakoitzari sekulako balioa ematen zaio». Aitortu dute nahiko luketela kantuak formatu fisikoan ere plazaratu, bi bideak ez dituztela kontraesanean ikusten. «Kantaz kanta segituko dugu gure lana aurkezten, baina disko bat modu polita izan daiteke aro bat borobiltzeko».

Azken boladan reggaetonak, trapak eta gisako beste soinu batzuek piztu dieten interesak eraman ditu J Martinako kideak proiektu berria sortzera, «soinu elektronikoen eta mezuen arteko lengoaia berriak aztertzeko» gogoak. Arriskua ikusten diote, baina, garaikidetasuna soilik genero batzuei atxikitzeari: «Batetik, ez direlako baliabide hain berriak —ezta euskaraz ere—; eta, bestetik, musikaren garaikidetasuna beste hainbat faktorek determinatzen dutelako: lengoaiek, kezkek, soinuek, abestien egiturek, zuzenekoek...». Egiten duten musika eta egiteko era garaiari erantzuteko bide bat dela argi dute. «Gure kezka politiko eta kulturalak testuinguru honetako problematika ezberdinetatik jaiotzen dira, eta gure musika, kezka horietatik». Bat etorri dira beste bi taldeetako kideak ere: kantaeran nola, kantatzen dioten horretan ikusten dute garaiaren isla. Rodriguez: «Gure etorkizun beltzari buruz kantatzen badugu, ez da nihilista batzuk garelako, gazte moduan etorkizuna hala ikusten dugulako da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.