XX. mendeko euskal literatura bi zati nabarmenetan banatuta dago: 36ko gerraren aurrekoa eta 36ko gerraren ondorengoa. Eusebio Erkiaga mugarri horren bi aldeetan aritutako idazle bakanetako bat da, garaian garaikoari erantzun nahian beti. Duela ehun urte jaio zen, 1912ko irailaren 4an, Lekeition; eta Bilbon hil, 1993ko maiatzaren 31n.
Bilbon egin zuen lan gaztetan Erkiagak, banketxe batean, baina Lekeitiorekin zeukan loturari eutsi zion. 36ko gerraren aurreko urteetan Bizkaitarra, Yakintza, Euzkerea eta Euzkadi aldizkarietan eman zituen argitara aurreneko idazlanak, Endaitz, Erkiagarre eta Eusebi ezizenekin, besteak beste. Antzerti yayan izan naz… antzerki obra ere eman zuen argitara garai hartan. Augustin Zubikarai, Jose Maria Arizmendiarrieta eta Manuel Ziarsolo Abeletxe-rekin harreman estua izan zuen.
36ko gerra hastean, Eguna euskarazko egunkarian lan egin zuen, erredaktore gisa, gerrako frontetik iristen ziren albisteak idazten. Zubikarai izan zuen gertuko lankide zeregin hartan.
Euskal Herriko mugen barruan gerraren ondorengo aurreneko urteetan hedatu zen isiltasun luzea urratu zuten lehen idazleen artekoa izan zen gero, antzerki lanak, nobelak eta poemak idatziz eta argitaratuz. Itzultzaile lanetan ere aritu zen, Georges Simenonen nobela poliziako bat euskaratuz, besteak beste.
Hitz hauek eskaini zizkion Koldo Mitxelenak Erkiagari: «Erkiaga lekeitiarra, poesia baztertu gabe —zorionez— eleberriari ekin zionean, etzitzaigun nolanai asi, aizearekin burruka ari dena bezala, ongi jakiñaren gaiñean baizik. Ederki erakutsi du, izan ere, bidean topa zitzakean eragozpenak menderatzeko tresnez orniturik abiatu zela». Mitxelena hil zenean, 1987an, Agur, Koldo poema eskaini zion hari Erkiagak Egan aldizkarian.
Jon Kortazarrek honako hau idatzi zuen Eusebio Erkiagari eskainitako Bidegileak bildumako liburuan: «Herrikoitasuna ezin ukatu zaio Erkiagari: nabariak dira herri-lirikaren zantzuak bere kontakizunetan. Baina zehaztu beharreko baieztapena da herrikoitasunarena; hain zuzen ere, oso erregistro goratua erabili nahi duelako idazleak. Modernitatearen hitzen sarreraz batera, klasikoen ezagutza bipila aitortu behar zaio hizkuntzaren baliapideen barnean tentuz lan egin duen idazle handiari».
Obra guztiak, bilduta
Erkiagaren antzerki eta prosa-idazlan laburrak Andres Urrutia euskaltzainburuak batu zituen, Berbalauaren kulunkan liburua osatzen duten bi liburukietan. Erkiagaren poesia lanak, berriz, Igone Etxebarria ikerlariak apailatu zituen, Goizean eta arratsean. Eskubete neurtitz izenburupeko beste bi liburukitan. Labayru Ikastegiak eman zituen argitara bi bilduma horiek.
Hil aurreko urteetan bi olerki liburu txiki argitaratu zituen Erkiagak Idatz & Mintz aldizkariaren eskutik:Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta (1989) eta Gizonaren aldia (1990); aurrenekoa Lauaxetaren omenez idatzitakoa da; bigarrena, berriz, Jose MariaArizmendiarrietaren gorazarrez ondua.
Musikarako zaletasun handia izan zuen, eta harreman estua hainbat musikagilerekin. Haietako batzuen lanentzako hitzak idatzi zituen; Francisco Bengoa, Juan Cordero Castaños, Felix Ibarrondo, Juan Orue, Francisco Javier Gargallo, Anton Larrauri eta Rafael Ruiz de Lejarzaren lanentzako, besteak beste.
1963an izendatu zuten euskaltzain, eta hainbat omenaldi jaso zituen 80ko hamarkadan. Labayru Ikastegiak omendu zuen lehenik, 1985ean. Eusko Jaurlaritzak Euskal Letretako Merezimenduaren Saria eman zion 1988an, Lekeitioko Udalak seme kuttun izendatu zuen urte berean. Bizkaiko Foru Aldundiak 1992an omendu zuen, eta Euskaltzaindiak zilarrezko domina eman zion 1993an, hil baino pixka bat lehenago.
Garaian garaikoari erantzunez, idazle beti, gerra aurretik zein ondoren
Duela ehun urte jaio zen Eusebio Erkiaga prosa eta poesia idazlea, 'Eguna' egunkariko erredaktore izandakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu