Garai onenak berreskuratzen

Hertzainak taldeko Josu Zabalak eta Garik bi kontzertu emango dituzte irailean, Bilboko Euskalduna jauregian. Ordu gutxian agortu dira irailaren 26rako sarrerak, eta 25ean ere taularatzea erabaki dute

Josu Zabalak eta Garik taldearen sei estudioko diskoetako kantak abestuko dituzte, garai berrietara egokituta. Irudian, bi musikariak atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Ez da Hertzainak-en kontzertu bat izango». Abisua bota du Josu Zabalak. Hala ere, Hertzainak taldeko bi musikaririk ezagunenak, Zabala eta Iñaki Garitaonaindia Gari, taula gainera igoko dira, eta taldearen ibilbideko estudioko sei diskoetako kantuak joko dituzte Bilboko Euskalduna jauregian. Ez da Hertzainak-en kontzertu bat izango, baina, era berean, izango da. Izan ere, 1993an desegin arren, taldeak bidea egiten jarraitzen du hurrengo mendean. Irailaren 26rako data jarria zeukaten, baina zaleek badirudi eurek adina gogo dutela elkarketarako, sarrerak ordu gutxian agortu baitziren atzo. Hala, irailaren 25ean ere oholtzara igotzea erabaki dute.

Helburua boskotea taularatzea zen arren, ezinezkoa izan zaie talde osoa batzea. Bi kideek azaldu dutenez, ezin izan dute halakorik lortu hainbatetan bildu diren arren. Hainbat izan dira arrazoiak. Batetik, urteak igarota, kide bakoitzak ibilbide pertsonal eta profesional propioa egin duela. Garik nabarmendu du «bakoitzak bere bizimodua» duela, eta «pena» dela ados jarri ez izana. Bestetik, asmo ezberdinak zeuden. Zabalak behin-behineko itzulera nahi zuen, iraganekoa berriro gozatu eta erretiratzekoa: «Abestiak berridatzi nahi nituen, beste modu batera planteatu, gaur egunera ekarrita». Aldiz, bazegoen Hertzainak berpiztu nahi zuenik ere. Bat ez etortze horien ondorioz, taldea ezin izan da osorik bueltatu.

Hala ere, bikotea ez da bakarrik arituko iraileko zitetan. Taldearen historiari estuki lotutako gonbidatuak agindu dituzte. Oraindik bat bera ere ez dute ezagutarazi, nahiz eta batzuk jada lotuta dituzten. Hala ere, udako hilabeteetan biribilduko dute haiekin batera Euskalduna jauregiko taulara igoko direnen zerrenda.

Iraganeko abestiak joko dituzte, baina bikotea kontziente da garaiak aldatu direla, onerako eta txarrerako. «Lortuta genituen askatasun batzuk galtzear gaude, eta badirudi beste batzuk lortzea ezinezkoa dela», penatu da Zabala. Hitzei darien ezkortasuna gorabehera, ez dago amore emateko; mundu perfektua lortzea ezinezkoa dela onartu arren, haien beharra «inoiz iritsiko ez garen utopia horretara hurbiltzea» dela uste du, «mundu hobe bat lortzeko desira» mantentzea.

Filosofia horren ildotik abiatu ziren iraileko kontzertuen proiektuarekin, baita hura izendatzerako orduan ere: Inun baino alaiagoa izanen da esaldia hautatu zuten, lehen diskoko Ta zer ez da berdin kantaren lagina. 35 urte igaro dira hura argitaratu zutenetik; azkena, Denboraren orratzak, 1994. urtean atera zuten. Taldearen kanta guztiak duela hainbat hamarkada idatzi ziren, baina Garik eta Zabalak uste dute haietako askok gaurkotasuna dutela. Horrela hautatu dituzte irailekoak.

Euskalduna jauregiko bi kontzertuen ernamuina Arriaga antzokian otsailean ereindako hazitik dator. Gariren bandak disko berria aurkeztu behar zuen, eta taldekide ohiak Josu Zabala aukeratu zuen gonbidatu gisa. Hark «zirraraz» jaso zuen gonbidapena, eta baiezkoa eman zion. 150 lagun hurbildu zitzaizkien. Garik onartu du iraileko emanaldiak Arriagan egindako harrera beroak akuilatu dituela: «Kanpotik jaso genituen iruzkinek ikuskizun handiagoa egitera bultzatu gintuzten».

Euskal musikan lorratza

Hertzainak taldearen ibilbidea ez zen edonolakoa izan, eta itzulerako kontzertu bakan hauek ere ez dira hutsalak izango. Euskal kulturan lorratza utzi duen banda bat izanda, hurrengo belaunaldietako asko eta askorentzako ispilua izan dira, euskaraz egiten den rockean aritzea ez baita gozoa. Garik «testuingurua» azpimarratu du: «Herri txikia izanik, gure testuingurua inguruko herriena baino askoz txikiagoa da».

Alta, itxaropentsu agertu dira biak etorkizunari dagokionez, egin beharrekoak eginda dituztela jakinda. Zabalak dio iraileko kontzertuak burutzen dituztenean etxera bueltatuko direla, «talde berriei lekua uzteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.