Musikaria

Petti: «Garai ilunak onak dira kantu ilunak egiteko, ez besterik»

25 urte igaro dira Petti musikariak ‘Amets bat’ estreinako diskoa plazaratu zuenetik; jada dozena batetik gora ditu kaleratuak, bakarka, taldean zein beste musikariren batekin elkarlanean. Bihar Bilboko BBK Music Legends jaialdian ariko da.

Pettik BBK Legends jaialdian parte hartuko du larunbatean. IDOIA ZABALETA / FOKU
gorka erostarbe leunda
2024ko ekainaren 14a
05:30
Entzun

Goizero, ahal duenetan, mendian osteratxoa egitera ateratzen da Juan Luis Perez Mitxelena, Petti ezizenez ezaguna den musikaria (Bera, Nafarroa, 1973). «Txakurra, Nei, lagun hartuta beti». Gaur ezin izan du, elkarrizketak ostu baitio plazeraren tartea. Mendiko ibilaldietan ez du bere kabuz kantatzeko ohiturarik. Gaur kantari jarri dugu, igelez eta txoriez osaturiko banda lagun hartuta, Berako San Miguel zubiaren ingurumarietan —frantsesen eta ingelesen gudalekua izan zen 1813an—.

Txiripaz ohartu zen Petti 25 urte igaro direla Amets bat(Gaztelupeko Hotsak, 1999) plazaratu zuenetik. Ilusioz eta lasai dago, bihar Bilboko BBK Music Legends jaialdian ariko delako (oholtza nagusian, 18:00etan). Estreinako diskoko 11 kantuak gidari hartuta mintzatu da Petti.

Beran gaude. Hemen hasi zen dena, eta Bera du izenburu zure lehen diskoko lehen kantuak.

Bera herri ederra da, bizitzeko leku ederra. Bizpahiru urte egin ditut Iruñean, harakin lanean, eta oraintsu itzuli naiz. Beti dago itzulera bat, eta gustura nago. Bera izan zen nik sekula egindako lehenengo kantua. Bera herrian ikusten eta bizitzen nuen hori azaltzen du.

Badira 30-40 urte herri bizia dela musikaren arloan, erreferentea.

Bai, hala da. Udalak laguntza handia eman digu beti: entsegu lokala jarri zigun dohainik, argia ere ordaintzen digu. Eta, bestalde, beti izan da kultura musikala herri honetan —musika banda, txarangak, musikari beteranoak, punk taldeak, esperimentazioa, rocka… estilo anitzetako taldeak—, eta oraindik ere bada.

Euskaldunon Egunkaria-ko Barkatu ama gehigarrian elkarrizketa egin zizun Mikel Lizarraldek 1999an, eta esaten zenuen «garai ilun baten emaitza» zela diskoa. Perika bigarrena da iluntasun horren seinale. JJ Calek idatzi eta Claptonek ezagun egindako Cocaine hura ekartzen du gogora?

Izan liteke, bai; egia da garai iluna izan zela niretzat, izenburuagatik eta beste kontu batzuengatik. Ostatuan egiten nuen lan, ordu luzez, gauez. Baina tira, garaian garaikoa. Maiz gertatzen zait kantu horrekin, adibidez, jendeak kokainaren apologia bat balitz bezala hartzen duela, eta hitzak irakurri ondoren konturatzen zara guztiz kontrakoa dela: bizi izandakoaren testigantza bat da.

Garai ilunak on dira sorkuntzarako, edo klixe hutsa da hori?

Bai eta ez. Garai ilunek balio dute kantu ilun onak egiteko, eta garai onek kantu argiagoak egiteko. Garai hartan etxe barruan egoten nintzen denbora anitz, kanpora atera gabe. Etxean zenbat eta denbora gehiago izan, orduan eta gehiago jotzen nuen gitarra, eta kantu gehiago ateratzen zen. Garai ilunak onak dira kantu ilunak egiteko, ez besterik.

Musikari ilun madarikatuek erakarri izan zaituzte?

Gehienak gara musikari madarikatuak, hagitz gutxi baitira lasai bizi daitezkeenak, gorabeherarik gabe, eta soldata finko bat izanda. Baina ez da musikaren kontua soilik: hor dago antzerkia, hor daude artistak, eskultoreak, pintoreak… Artean diharduen jende ia guztia dabil antzeratsu. Ez bada ikaragarrizko zortea duena eta hagitz ezaguna egiten dena. Beti gabiltza berdin, baina, azken finean, hautaketa bat da, eta norberak aukeratzen badu bide hori… Azkenean, sarri beste lanbide batzuekin tartekatu behar izaten da; tabernari, harakin eta fabriketan jardun dut nik, adibidez.

Lagun bati eskerrak ematen dizkiozu Ilusioa izenekoan. Musikaren munduan lagunak egin edo galdu egiten dira gehiago?

Tira, lagunak egin egiten dira gehiago. Jende anitz ezagutzen duzu, beste musikariak, kontzertuetara doan jendea… Lagunak egiten dira, baina etsairen bat edo beste ere bai. Ni lagunak hartzen ditut gogoan, hori nahi dut. Badut beste kantu bat, 2002ko Etxeko uzta diskoan, Lagunak deitzen dena. Lagunei, adiskideei, saiatzen naiz eskerrak ematen, ahal den guztietan.

Bestalde, «presarik gabeko ilusio ahanztua» aipatzen duzu kantu horretan. Gogoratzen duzu zein zenuen orduan ilusioa musikaren munduan?

Diskoa ateratzeko sekulako ilusioa nuen, lehen diskoa ateratzeko: horregatik deitu nion Amets bat. Ilusio anitz zeuden: musika egin ahal izatea, hortik bizi ahal izatea… Oraingo ilusio bertsuak dira, bestalde. Alde horretatik gauzak ez dira anitzik aldatu, egia esan.

Ez duzu lortu musikaz bizitzea?

Bai, baina nekez. Proiektu batean baino gehiagotan parte hartuz, besteekin arituz eta abar… ez soilik Petti gisa. Beste hainbat saltsatan sartuta, enkarguzko kontzertu handiagoetan parte hartuta eta abar. Iñaki Salvador eta Karlos Gimenezekin diskoa egin eta kontzertuak emanez, adibidez. Proiektu bat baino gehiago izan behar duzu, eta, hala ere, bizi bai, baina justu-justu. Anitz eskatu gabe, nahiko larri.

Burua lasaitzeaz hitz egiten duzu Lasai izenekoan. Noiz lortu zenuen lasaitasuna, zeure buruan konfiantza izatea, segurtasuna, inoiz lortu baduzu?

Dezente kostatu zitzaidan, denbora igaro zen. Nik uste dut 2007ko On diskoarekin geratu nintzela neroni aurrenekoz gustura edo lasai. Aurreko diskoekin ez nintzen horren kontent, ez abestiekin, ez nola interpretatu nituen ikusita. Hortik aitzinera beste pauso bat izan zen, ustez. Eskarmentu handiagoa nuen, zuzenean ere anitzez gehiago aritua nintzen. Hortik aitzinera lasaiago ibili nintzen bai musikalki eta baita bizitzan ere.

'Perika' | Petti
Izan zenuen bolada bat 2008tik aurrera besteen proposamenak jaso zenituena kantari aritzeko, kantaldi handiagoetan, enkarguzkoetan eta abar: besteak beste, Xabier Leteren omenaldi kantaldietan. Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?

Hasieran nahiko beldurtuta ibili nintzen horretan, erregistroa guztiz aldatzea baitzen. Rocketik eta musika undergroundetik nentorren, eta hor sartzeak errespetu handia pizten zidan, baina, era berean, asko ikasi nuen, zuzenekoetan jende anitzen aurrean kantatzen, gauza desberdinak egiten... Bertsioak, kantu desberdinak, Leterenak, Laboarenak… Beste estilo batzuetan sartu nintzen, eta horrek ikasketa handia ematen dizu.

«Hitzak ez du balio momentu honetan», hasten da, berriz, Egun bat gehiago. Zure jardunean errazago izan zaizu musikaz azaltzea hitzez baino?

Bai, nik hitzez ez dakit deus azaltzen; saiatzen naiz, baina gehienetan oso urduri jartzen naiz hitz egitean, elkarrizketetan adibidez. Kostatu egiten zait esan nahi dudan hori esatea. Musikarekin desberdina da: seguruago dakit zer egin behar dudan, egiten dut eta listo. Ez zait inporta parean pertsona bat dagoen edo 10.000 dauden. Segurtasun handia hartu dut horrekin.

Hala ere, ez duzu erabat etsi zure hitzen idazketan. Saiatzen zara...

Lehen, gehienak nireak ziren, baina gero blokeatu egin nintzen. Harkaitz Canorenak eta Pello Lizarralderenak irakurtzen hasi, eta konturatu nintzen haienak askoz ere hobeak zirela, noski. Eta, era berean, konturatu naiz errazago kantatzen ditudala bertso moldekoak. Tira, idazten ditut oraindik, baina errazago kantatzen ditut besteek idatziak.

«Musikarekin desberdina da: seguruago dakit zer egin behar dudan, egiten dut eta listo. Ez zait inporta parean pertsona bat dagoen edo 10.000 dauden. Segurtasun handia hartu dut horrekin»

Hasiera iluna du Askatasunik gabe-k, teklatu-organo gotiko batekin. Noiz sumatu duzu zeure burua itoen, askatasunetik urrutien musikari gisa?

Egia esan, musikalki beti egin ahal izan dut neuk nahi izan dudana, ez dut arazorik izan pentsatzen nuen eta sentitzen nuen hura esateko. Garai hartan herrian bizi genuen egoera islatu nahi nuen. 1999a zen, gatazka nahiko borborrean zegoen oraindik. Gu hemen mugan izanik, eta hor ondoan genituen adiskideak izanik [Guardia Zibilaren kuartela dago Beran], askatasun gutxi sentitzen genuen.

Beñardo Goietxeren laguntza izan zenuen —berriro lagunak— Zeru-infernu kantuan. Zer dira zeru-infernuak musikan?

Beti daude zeru-infernuak, bai kantuetan, bai zuzenekoetan, bai konposatzeko orduan… Zerua dena ondo ateratzen denean izaten da normalean, eta infernua, aldiz, gauzak okertzen direnean, baina ez musikan bakarrik, bizitzan ere bai. Gauza onak eta txarrak daude alde guztietan.

Kapitalista-n zuzen izenburutik. 1999a zen, kezka materialista ez zegoen bogako musikan eta kulturan. Artean musikaren industriaren krisia azaltzeke zegoen… Zer kezka zenuen?

Hasieran, Kapitalista minduta behar zuen izan kantu horrek, baina aldatu egin nion izenburua; ez dut gogoratzen zergatik. Beran diru anitz eta jauntxoak izan dira beti; agian orain ez da hainbeste nabaritzen, baina… alde handia zegoen asko zutenen eta ez zutenen artean, eta horregatik idatzi nuen kantua. Azaldu nahi nuen diruarekin ezin dela dena lortu.

Inoiz sentitu dituzu kapitalismoaren atzamarrak lepoan?

Neronek musikaren munduan ez dut anitz pairatu. Orain, garbiago ikusten dira zenbait gauza, ordea. Hor dago, adibidez, Last Tour enpresa, zeina CEOEn sartu den [Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioan]; kaka horretan ere sartu dira. Hark maneiatzen ditu jaialdi eta kontzertu handi guztiak. Halakoak gero eta gehiago egiten dira, eta, kontrara, areto txikiak ixten ari dira. Hori kapitalismoaren ondorioa da.

Ezinezkoa da-n taldea sartu zenuen. Bakarka eta taldean: beti konbinatu dituzu biak. Ez da ezinezkoa, ezta?

Ez, hagitz ongi ezkondu ditut bi kontu horiek. Gauza desberdinak dira, eta osagarriak. Biak konbinatzeak balio dit monotoniatik ateratzeko. Gainera, taldeko musikariak herrikideak, adiskideak ditut, eta sekulako musikariak dira: Joseba Irazoki, eta Igor eta Iñigo Telletxea anaiak. Neu bakarka hasi aurretik ere kointziditu genuen Zup eta Noise Hole taldeetan. Konplizitate handia izan dugu beti, bai kantuak egiteko orduan eta baita zuzenekoetan ere.

'Bera' | Petti

«Gehienak gara musikari madarikatuak, hagitz gutxi baitira lasai bizi daitezkeenak, gorabeherarik gabe, eta soldata finko bat izanda»

Nick Drake. Orduan musikaren idoloetan idolo. Orain nor?

Bada, Nick Drake oraindik ere hala da. Hala ere, baita beste asko ere. Asko maite dut Nathaniel Rateliff, adibidez. Mark Lanegan eta Screaming Trees betidanik. Eta euskal taldeak ere bai: Berri Txarrak, Kokein eta abar. Baina jarraitzen dut orduan entzuten nuen musika entzuten, ez dut anitz aldatu hori.

Askorekin aritu zara lanean ere, kolaborazio ugari egin baitituzu: Anari, Barrence Whitfield, Joseba Irazoki, Xabi No, Ana Galarraga…

Baita Pirritx eta Porrotxekin ere. Bai, hori ikasketa handia da niretzat. Gauza desberdinak egitea da batetik, eta normalean lagunak izaten dira guztiak; beraz, plazera da haiekin lan egitea, kolaboratzea. Espero dezagun oraindik anitz ateratzea.

Zu. Zer esango zenioke zure entzuleari, 25 urte pasatu diren honetan?

Bada, esango nioke segitzeko entzuten eta jarraitzen [barreak], geroz eta gehiago baikara musikariak. Egia esan, nire jarraitzaileak fidel-fidelak izan dira beti, eta kontzertuetan nabaria da hori. Duela 25 urte joaten zirenak ikusten ditut oraindik, seme-alabek uzten badiete. Anitz eskertzen diet beti hor egotea, eta espero dezagun urte luzez hor jarraitzea, haiek eta nik.

Bilboko BBK Music Legends Fest jaialdian joko duzu larunbatean, Bilbon. Zer esan nahi du zuretzat legend hitzak?

Gogora ekartzen dit zahartrosia, gorantz goazela, alegia. Legend hitza gehiegizkoa iruditzen zait, baina plazera da Canned Heat, Deep Purple, The Jayhawks eta gisakoekin jotzea. Baina, azken finean, beste kontzertu bat da, eta saiatuko gara ahalik hoberena egiten: besterik ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.