Garai efimeroetako jende ehuna

Hamar urteren ostean, eleberri batekin itzuli da Irati Elorrieta: 'Neguko argiak'. Memoria eta adiskidetasuna dira lan berriaren ardatzetako bi, eta Berlin da agertoki nagusia

Irati Elorrieta Berlinen bizi da, eta han kokatu du, batik bat, nobela berria. Irudian, Elorrieta, atzo, Donostian liburua aurkeztu aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bada denbora bat Irati Elorrieta (Bilbo, 1979) Berlinen bizi dela. Han ondu, han kokatu eta handik ekarri du lan berria euskarazko literaturara: Neguko argiak eleberria. Bi pertsonaia nagusi sortu ditu, baina ez dira bakarrak. Eta, gaur egunean kokatu duen arren, ez da liburuan azaltzen den denbora bakarra ere. «Ugaritasuna eta mestizajea». Berba horiek lotu dizkio Joxerra Garzia idazle eta kazetariak Elorrietaren lan berriari, edizio lanean idazlearen gertuan aritu denak. Elorrietaren literaturan irudiak duen indarra azpimarratu du Garziak, eta bat etorri da idazlea, idaztearen beraren ariketa irudi batekin azaltzeraino: «Paseoan nenbilen Berlingo parke batetik, eta memoriaren irudi bat topatu nuen. Itzaletan zegoen zuhaitz arteko bide batean, eguzkia hosto artetik sartzen zen, eta argiak lurrean irudiak egiten zituen. Itzaletan argi puntuak agertzen ziren mugitzen, eta pentsatu nuen gure memoria zerbaitez oroitzen denean ere iluntasunean puntu bat argitzen dela. Gero, antzekotasunen bat duen beste puntu bat ekartzen du memoriak ilunetatik, eta harremanetan jartzen ditu: geure buruak hori etengabe egiten du. Eta niretzat hori da sormen lana. Idazleak, idaztean, hori burutik paperera eramaten du, eta horrela lotzen dira puntuak: kontatu digutena, gure bizipenak, ikusi dugun pelikula bat, entzun dugun abesti bat...».

Lotura horiek ehun bakarrera ekarriz idatzi du Neguko argiak Elorrietak. «Puntu horiek finkatuz, josiz, eta dena pixka bat eutsiz». Ahots eta eszena ugari josiz egin du hori, eta Añes eta Martaren bitartez helduko da horietara irakurlea. Bi lagun euskaldun dira, Parisen elkar ezagutu dutenak eta gero Berlinera joango direnak. Adiskidetasuna da, bada, eleberriko gai nagusietako bat, memoriarekin batera. «Adiskidetasunaz idaztea, berriz ere, ikusten ez den zerbaitez idaztea da». Eguneroko bizitzan topatu ditu laguntasunari dagozkion irudiak, ikusteko noiz dauden hurbil, noiz urrun. «Harremana sendoa izan arren, zaurgarria da, hauskorra». Emakume biekin batera, hirugarren protagonista bat izan daitekeen bat dago: hildako bat, Esteban. Añesen sukaldera sartu eta etengabe harekin hizketan agertuko dena. «Jendeari esan diodanean hildako bat dagoela nobelan, oso gordeta eramaten den kutxa bat zabaldu didate, eta konturatu naiz jende askok duela bere hildakoa».

Pertsonaia denen artean ezaugarri komun bat aipatu du Elorrietak: «Anbizio gutxiko jendea da. Bizi: hori nahi dute». Bere aurreko laneko pertsonaiekin alderatu ditu, Burbuilak (Alberdania, 2008) narrazio liburukoekin. «Bizitza eramangarria egiten zuten ametsak ziren burbuilak. Nobela honetan burbuilak apurtu dira: ez daude. Baina harremanen sarea hor geratzen da: hori ez dago apurtuta».

Erresistentzia isil bat

Gertutik ezagutu ditu eleberriaren tripak Joxerra Garziak, eta hala erakutsi zuen, atzo, liburuaren aurkezpenean emandako azalpenetan. Pertsonaiekin abiatu zen: «Odisea guztien oinarrian dagoen odisea da norberak munduan daukan edo dagokion lekuaren bila ibiltzea. Bila ibiltzea, aurkituko ez bada ere. Etengabeko bilaketa horretan ari diren pertsonaiak dira hemengoak». Guztira, aipatu soilik egiten direnak kontatu barik, 50 baino gehiago dira, Garziaren arabera, belaunaldi baten erretratua osatzen dutenak: «Europa etxetzat daukan belaunaldi bat da. Europa natural bizi dute; pertsonaietan eta erreferentzietan islatzen da kosmopolitismo hori». Batez ere, literaturari, hirigintzari, musikari eta zinemari lotutako erreferentziak baliatu ditu idazleak.

Hiriek «protagonista izaera» hartu dute nobelan, Garziaren esanetan. Berlinek batez ere, baina baita Parisek eta Uribe Kostako zenbait herrik ere. «Hirigintzaren ikuspegia oso bizirik dago: arkitektura, eraikinak, etxe barruetako dekorazioak, sekulako begi zehatzarekin begiratuak eta eraikiak dira». Giro urbanoa izanagatik, naturari ere leku nabarmena egin dio idazleak: txori migratzaileak, katuak, gereziondoak, kastoreak... Eta funtzio alegorikoa ere bete dezakete, Garziaren ustez. Esaterako, intsektuen jarrera eta diskoteka batean ligatu nahian dabilen jendea erkatzen direnean.

Egunerokotasuneko giroan oinarritu da Elorrieta, baina eszena domestiko eta lagunartekoetatik Parisko Komunara ere egin du jauzi kontakizunean. «Parisen, 72 egunez, bizitza antolatzeko era alternatibo bat praktikan jarri zelako hiri osoan». Berlinen 1990eko hamarkadan izan zen mugimenduari lotu dio hori, zeina, egun, Elorrietaren ustetan, «zapalduta ez badago, oso indar gutxi duen». Horregatik, «pertsonaiek antolatu gabeko erresistentzia isil bat antolatzen dute».

Kritikak Burbuilak-i egindako «ongietorri beroa» izan zuen gogoan Joxe Angel Irigarai Pamielako editoreak atzoko aurkezpenean. Duela hamar urte «ezohikotzat» jo zen idazkera, Elorrietak bere horretan eutsi, eta, are, «mamitu» egin duela aipatu zuen. «Bizi gaituen garai honen friso bat eman du, non joan-etorriak, efimerotasunak... oso modu berezian gertatzen diren. Artezia du hori fondo horri dagokion forman kontatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.