Herri Gogoa zigiluak berrehundik gora disko plazaratu zituen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Eta, hala ere, ofizialki ez zela sekula diskoetxe bat izan gogorarazi du Aiert Beobidek. «Ez zen inoiz legeztatu, eta, zentsura zela eta, hainbat trikimailu erabili behar izan zituzten diskoak argitaratzeko». Beste zigilu bat sortzea izan zen horietako bat; Ots izenaren pean, hamaika lanek egin zioten izkin zentsurari. Eta izen bera jarri dio Haatik dantza konpainiak Herri Gogoa omentzeko prestatu duen ikuskizunari. Beobidek eta Iurre Aranburuk zuzendu dute lana, Jone San Martinek sortu du koreografia, Manu Gaignek soinu espazioa, eta bihar estreinatuko dute Ots, Donostiako Gazteszena aretoan, 19:30ean.
Euskal kantagintza berria zabaltzeko tresna garrantzitsua izan zen Herri Gogoa, eta Beobideri ez zaio arrotza diskoetxearen historia. Hain zuzen, haren aitak, Iñaki Beobidek jarri zuen martxan zigilua, eta lan hori eskertu eta aitortu ere egin nahi du konpainiak ikuskizun berriarekin. «Eta ez aitari soilik, zeren garai hartan, ez hain agerian, jende gehiago egon zen, gure ama Axen Egaña eta nire arrebak, esaterako; diskoak azaletan sartzen, Durangora eramaten eta saltzen familia osoa ibili zen. Eta, era berean, euskal kulturazale ugariren laguntzarekin sortu zen Herri Gogoa». Euskal kultura berpiztu, berritu eta gaur egunera iristeko modu bat bilatu zuten haiek denek, Beobideren hitzetan. «Kultur mugimendu horretako une edo pertsona batzuk heldu dira memoria kolektibora, baina guk kolektibo hori guztia ekarri nahi dugu gogora».
Herri Gogoaren katalogo zabala hartu dute oinarri ikuskizuna sortzeko, eta bilduma arakatzean «oso gauza bitxiak» topatu dituztela azaldu du zuzendari eta dantzariak. Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Antton Valverde eta beste hainbat izen ezagunen artean, ezezagunagoak zitzaizkien beste hainbat aurkitu baitzituzten. Euskal kantagintza berriari lotutako diskoak ez ezik, musika klasiko garaikidea, herriz herri bildutako abestiak, doinu esperimentalagoak, bertsolaritza, ipuinak eta beste ere grabatu baitzituen diskoetxeak. «Ohartzen zara zer nolako ausardia izan zuten, denetarik grabatu baitzuten».
«Herri Gogoaren bildumatik zerk erakartzen gintuen ikusi, eta sorta bat osatuz joan ginen, gero koreografiaren gainean eroriz joan dena»
AIERT BEOBIDEZuzendaria eta dantzaria
Hain molde ezberdinetako doinuak izanik, ikuskizunean horiek denak nola bildu, «nola egin bidaia hori» izan zen lehen erronketako bat Haatik-entzat. Eta horretan, Manu Gaignek egindako lana nabarmendu du Beobidek. «Lehenik, zegoen guztia aztertu genuen, ikusteko zerk erakartzen gintuen, zerk harritzen, zerk mugitzen. Eta sorta bat osatuz joan ginen, gero koreografiaren gainean eroriz joan dena». Eta garai baten soinu banda izan zitekeena gaur egungo ere egin dute horrela. «Orain atera dugun ondorioa da atzera begiratzen duen ikuskizun bat sortu beharrean gaur egungo ikuskizun bat sortu dugula, eta ausartuko nintzateke esatera nahiko aurrerakoia, esperimentala dela, etorkizunera begira dagoela forma aldetik edo musika eta dantza erabiltzeari begira. Behin bukatuta, guk ere sorpresa hartu dugu horrekin».
Inprobisazioari lekua
Lehen ideia hari forma ematen hasi ahala, iruditu zitzaien interesgarria izan zitekeela gaia ezaguna zuen konpainiatik kanpoko norbaiten begirada. Hala, Jone San Martin dantzari eta koreografo donostiarrarengana jo zuten, eta, Beobidek azaldu duenez, euskal dantzak hartu ditu hark oinarri obraren koreografia sortzeko. «Musiketan zentratuta inprobisazioak egiten hasi ginen, eta hark berehala gure oinetan jarri zuen arreta». Mugimendu haiei moldaketak eginez eta beste forma batzuk gehituz joan zen San Martin, baina inprobisazioari ere lekua utzi ziola zehaztu du Beobidek. «Nahiz eta jarraibide asko dauden, oso gutxitan dago erabat zehaztuta zein den mugimendua, abiadura... Ia-ia bat-bateko sorkuntzan ariko gara».

Obraren aurrestreinaldiko irudi bat, Urnietan, orain bi aste. IKER GOZATEGI
Sei dantzari ariko dira ikuskizunean, Beobide barne, eta, aurreratu duenez, urdinak eta gorriak nagusi diren eszenografia batek bilduta taularatuko dira. Izan ere, bildumako diskoen azalak izan dituzte inspirazio iturri eszena diseinatzeko, eta, bereziki, Martin Romerok 1970ean diseinatu zuen Oskarbi taldearen lehen diskoa.
Estreinaldiaren ondotik, herriz herri ibiliko da Haatik Ots-ekin. Azarora bitarte, hogei bat emanaldi lotu dituzte dagoeneko.
DATOZEN EMANALDIAK
- Martxoak 14: Kurtzio kultur etxean, Sopelan (Bizkaia).
- Martxoak 15: Loraldia jaialdian, Euskaldunan, Bilbon.
- Martxoak 20: dFeria jaialdian, Gazteszenan, Donostian.
- Martxoak 21: Bastero aretoan, Andoainen (Gipuzkoa).
- Martxoak 28: Leidor aretoan, Tolosan (Gipuzkoa).