Joan den urteko arrakastaren ondoren, Ikuspuntuak egitasmoa antolatu du bigarrenez Bilboko Arte Ederren Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza sailak. Museoko bildumako zortzi obra aztertu dituzte zortzi emakumezko artistak, eta horien inguruan hausnartu dute. Tamara Garcia Iglesias zinemagile gipuzkoarra aritu da zuzendari lanetan, eta bideo sorta bat da emaitza: Ikuspuntuak. Ellas. Bihartik aurrera egongo da ikusgai, museoaren eraikin zaharreko 17. aretoko ikus-entzunezko gunean; baita museoaren Youtubeko kanalean ere.
Orotara, estilo eta adin ugaritako zortzi artistak parte hartu dute proiektuan: Estibaliz Sadaba, Mabi Revuelta, Elena Goñi, Maider Aldasoro, Malus Arbide, Bego Anton, Amaya Suberbiola eta Lorea Alfaro. Horietako bakoitzak margolan hauetako bat aletu du: Emakumea eserita haurra besoetan duela (Mary Cassatt, 1890), Ispiluen korridorea (Maria Helena Vieira da Silva, 1981), Izenbururik gabea (Isabel Baquedano, 1972), Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak (Sofonisba Anguissola, 1588), Gabyrentzako jantzia (Sonia Delaunay, 1918), Sarrioa etzanda (Rosa Bonheur, 1899), Nukleo organiko plastikoa (Mari Paz Jimenez, 1971) eta Emakumea eserita (Maria Blanchard, 1928).
Hamabi minutu inguruko zortzi bideo sortak osatu dute ikus-entzunezkoa. Atal horietako bakoitza, gainera, bi zatitan banatu dute: obraren inguruko dokumentu erregistratu bat eskaintzen dute hasieran, eta elkarrizketa bat ondoren. Kamera bakarrarekin filmatu dute, narraziorik gabe, eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da. «Euskarazko eta ingelesezko azpidatziak ere izango ditu», aurreratu dute.
Finean, artistak obraren inguruan gogoeta egitera bideratu nahi izan ditu Garciak, bakoitzaren testuinguru kulturalak zein sozialak ardatz gisa hartuta: «Behaketaren ohiko kodeak desegin eta museoko bilduma era aske eta subjektiboan interpretatzea izan da asmoa».
Artelanetako batzuk
Emakumea eserita haurra besoetan duela margolana aletu du Sadabak. «Harrituta geratu nintzen obra ikustean: nik egiten dudanarekin zerikusi handia du. Etxe barrualde bat erakusten da, eta emakumearen rola erakusten da: zaintza, etxeko lanak egin beharra...».
Aldasorok, kasurako, Sofonisba Anguissola artistaren Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak obraren inguruan egin du gogoeta. 1588. urteko margolan bat da, eta bertan erakusten diren ehunei zein koreografiari erreparatu die: «Oso esperientzia aberasgarria izan da. Halako hausnarketa bat egiten dudan lehen aldia izan da, eta obra bera beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera eman dit. Nire lanaren eta berearen arteko nolabaiteko energia bat aurkitzeko balio izan dit».
Berez, joan den urtean aurkeztu zuen museoak lehenengoz ikus-entzunezko proposamen hori. Ikuspuntuak I. Gorputzak izenburupean, hamasei emakumek zortzi obraren inguruan hausnartu zuten.
Garai bateko andrazko artistak eta egungoak, elkarrekin lotuta
'Ikuspuntuak. Ellas' ikus-entzunezko proiektua ondu du Tamara Garciak, Bilboko Arte Ederren Museoan. Gaurtik aurrera egongo da ikusgai

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu