Ekoizpen digitalak eta genero elektronikoak nagusi diren eszena musikal batean, aski ezohikoa da formatu analogikoaren eta rockaren sustraiak berreskuratzearen aldeko apustua egiten duen talde bat topatzea. Are ezohikoagoa ekuazio horren barruan esperimentazioari zirrikitu bat uztea, eta garage doinuen eta psikodeliaren esentzia berpiztuta soinu garaikideak sortzen dituen talde bat aurkitzea. Bada, hori guztia egiteko kapaz dela erakutsi du The Mystery Lights Kaliforniako (AEB) taldeak, eskola zaharreko eta belaunaldi berrietako nostalgikoen gozamenerako. Irailean eman zuen argitara estudioko bosgarren lana, Purgatory (Daptone Records), eta hura zuzenean aurkezteko bira hasi du Europan. Hilaren 31n Gasteizen ariko da, Helldorado aretoan, eta otsailaren 6an Donostian, Dabadaban.
«Gure sustraiei leialak gatzaizkie oraindik, baina soinu berriak eta konplexuagoak esploratu ditugu», adierazi du Mike Brandon abeslariak duela gutxiko elkarrizketa batean. Hain zuzen ere, taldearen nortasun ikur diren rock doinuetan are sakonago esploratzen du lan berriak, post-punketik psikodelia esperimentaleraino bidaia eginez. Alienazioa, antsietatea, erredentzioaren bilaketa eta beste gai batzuk hizpide hartzen ditu hamabi abestik osatutako diskoak. Kritikaren laudorioak jaso ditu lan berriak; besteak beste, nabarmendu dute «melodia lisergiko zaharrak» biltzen dituen «disko bikaina» dela, taldearen sendotasuna islatzen duela, eta, berezko duen esentzia albo batera utzi gabe, garage doinuak berrinterpretatzea lortu duela, soinu «garaikide eta freskoak» erabilita.
2004an sortu zen The Mystery Lights, Salinasen (Kalifornia, AEB), eta, ordutik, taldeko kideak behin baino gehiagotan aldatuz joan dira. Gaur egun, Mike Brandonek (ahotsa eta gitarra), Luis L.A Solanok (gitarra), Alex Aminik (baxua), Zach Butlerrek (bateria) eta Lily Rogersek (teklatua) osatzen dute. Brandonek eta Solanok sortu zuten taldea, inspirazio gisa hartuta The Sonics, Velvet Underground, The 13th Floor Elevators, The Stooges eta halako beste talde batzuk, gaztetatik haien zaleak baitziren. Lehen urte haiek «entsegu eta esperimentazio garaia» izan zirela aitortu izan dute Brandonek eta Solanok, nahiz eta nahiko garbi zuten zer bide hartu musika egiteko.
2009an eman zuten argitara Teenage Catgirls & The Mystery Lightshow estreinako diskoa (Closet Trekkie Records). «Ez gara harro sentitzen lan horretaz. Oso gazteak ginen, grabatzen hasi berriak, eta diskoaren soinua ez zen izan nahi adina garbia», esan zuen Brandonek 2017an, elkarrizketa batean. Lana kaleratu ondoren eten bat egin zuen taldeak, eta orduko baxu joleak eta bateria joleak taldea utzi zuten; handik aurrera, hainbat musikari aldiro aldatuz joan ziren.
Purgatory lanak The Mystery Lights taldearen nortasun ikur diren rock doinuetan are sakonago esploratzen du, post-punketik psikodelia esperimentaleraino bidaia eginez
2014an, taldearen ibilbideari benetako bultzada emateko asmoz, New Yorkeko Brooklyn auzora joan ziren bizitzera, eta handik urtebetera eman zuten bigarren lana argitara: At Home With The Mistery Lights (Hologram Skies Records). Wick Records zigiluarekin lanean hastearekin bat hasi zen taldea ospea irabazten, eta haren baitan sortutako Daptone Records zigilu espezializatuarekin grabatutako hirugarren lanak (The Mystery Lights) eman zien horretarako aukera, 2016an. Analogikoki grabatu zuten, soinu bero eta organikoak propio lortzeko, eta taldearen estiloaren adierazle argiak diren gitarra distortsionatu eta erritmo biziz egindako kantak bildu zituzten han; besteak beste, Follow Me Home edota Before My Own abestiak dira horren erakusle.
Garage rockaren oinarriei eutsi zieten 2019an kaleratutako Too Much Tension! laugarren lanean ere (Daptone Records), baina tonu ilunagoak eta psikodeliaren elementu gehiago gehitu zizkioten euren musikari. I’m So Tired (Of Living in the City) eta Someone Else is in Control abestietan, adibidez, sumatzen da begirada introspektiboagoa, bai hitzen aldetik, bai musika konposizioetan. Brandonek berak esan izan du disko hori grabatzen ari zirenean taldearen «mugak» gainditu nahi izan zituztela, eta «gai serioagoetan murgildu». Disko horrekin lortu zuen taldeak arrakasta handiena, eta bira egin zuen Europan, Asian eta Australian zehar.
Analogikoa eta sakona
Taldearen ustez, Purgatory estudioko azken diskoa da euren lanik «pertsonalena» eta «sakonena». Izan ere, garage doinuen oinarriei eutsi diete, baina soinu berriak eta kontzeptu ilunagoak esploratzeko lizentzia ausardiaz hartu dute. Solano: «Argi genuen gure muga musikalei aurre egin behar geniela. Ez genuen beldurrik izan soinu berriekin esperimentatzeko eta haien bidez mezu sendoagoak helarazteko». Alienazioaz, antsietateaz eta askatasun pertsonalaren bilaketaz aritzen dira abestietan: «Disko hau lantzen hasi ginenean, garai ilunetan geunden. Pandemiak eta munduko egoerak eragin handia izan zuten gure pentsamenduetan, eta gai horiek gure abestietan islatu nahi izan genituen», azaldu du Brandonek.
Modu analogikoan grabatutako lana da, The Mystery Lightsen estiloari eta filosofiari leial. Taldearen ustez, ekoizpen analogikoak musikari benetakotasuna ematen dio, eta entzuleekin lotura estuagoa sortzen du. «Grabazio prozesuan, dena analogikoki egin nahi genuen, soinu bero eta organiko hori lortzeko. Diskoak gure arimaren isla izan behar zuen». Hala, soinua ahalik eta gordinen mantentzeko, lehen saioetan grabatutako pista asko erabili dituzte diskoan, uste baitute inperfekzio txikiek xarma berezia ematen diotela musikari.
Inprobisazioa da taldearen ezaugarrietako bat, bai grabatutako abestietan, bai zuzenekoetan. Oholtza gainean energia handia dute, biziak dira: «Kontzertuetan publikoaren energia sentitzen dugu, eta horren arabera moldatzen gara».