Ganberarako Txillida bat

Txillidak paperekin sortutako bederatzi Grabitazio batu ditu Bilboko Carreras Mugica galeriak

Eduardo Txillidaren bi Grabitazio, Bilboko Carreras Mugica galerian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Eduardo Txillidak bere eskulturak lantzeko baliatutako metal astun, harri, hormigoi eta marmol multzoekin alderatuta, hari xingle batetik dingilizka, grabitatearen manifestaziorik xumeena dirudite Bilboko Carreras Mugica galeriako hormetako paperezko piezek. Baina, paradoxikoki, pieza arin horiek izendatzeko asmatu zuen artistak Grabitazioak izena. Txillidak ez zuen maite kola erabiltzea, eta hari izkin egiten saiatzeko hasi zen paperak tolesten, tindatzen, mozten, elkarri josten eta, azkenik, sokatxo batetik zintzilikatzen, eta hortik dator sortu zen izendapena. 1985etik 1995erako tartea eman zuen halakoak sortzen, eta multzo handi horren parte diren bederatzi lan bildu dituzte orain Pedro Carreras eta Ignacio Mujika galeristek. Abenduaren 7ra arte egongo dira han. Zintzilik.

Ez da artelan multzo handia; Mujikak onartu du hori, baina bada esanguratsua, halere. «Normalean Txillidari eskaintzen zaizkion erakusketek haren obraren arlo bateko eta besteko apur txikiak erakutsi ohi dituzte, eta, horregatik, litekeena da hau izatea espresuki grabitazioei eskaini zaien lehen erakusketa».

Aretoan sartu eta kolpean errekonozitzen da Txillidaren eskua piezetan. Lerroak marrazteko modua, materiala baliatzekoa, orrien ebakidurek irudikatzen dituzten formak... «Egin zuen guztian izan zen eskultorea», azaldu du Mujikak. Eta, hain zuzen, bolumen egarri igar daiteke paperezko lan guztietan. Eta, bestetik, nabarmena da artistak materialari zion begirunea ere. Paper mota berezi batekin sortua baita erakusketan ikus daitezkeen bederatzi piezetako bakoitza. Zurixkak dira batzuk, marroiak beste batzuk, eta korapilo moduko batzuk ere badituzte beste batzuek. «Materialekin hitz egiten zuela esan ohi zuen Eduardok [Txillidak], eta materialak iradokitzen ziona egiten zuela berak».

Txillidak berak esandakoaren arabera, «oharkabean» hasi zen grabitazioekin. «Sekula ez zait gustatu kola. Paperak hala itsastea ez zitzaidan onena iruditzen, baina ez nuen pentsatu beste era askotara egin zitekeenik ere». Sokaren batekin edo zerbaitekin elkarrekin josi zitezkeela bururatu, eta hala azaldu zitzaizkion lehen piezak. «Eragiketa horren ondorioez jabetu nintzen. Lehen kola zegoen lekuan orain espazioa sartzen zenuen. Ez konparatu espazioa eta kola! Zorakeria da. Irabazia sekulakoa da».

Bananondo papera

Mujikak musikara jo du azalpena osatu ahal izateko konparazio bila. «Txillidak tona askoko materialarekin egiten zuen lan sarritan, mila graduko tenperaturan, lantalde handiarekin, eta horregatik ziren hain bereziak grabitazioak. Burdinola gainean zuen estudioa, eta hara joatean sortzen zituen; dena zen lasaitasuna. Musika jartzen zuen, Bachen oso zalea zen, eta berak bakar-bakarrik egin zezakeen guztia. Paperak, Parker tinta, kuterra eta bera baino ez. Orkestrazio musikarekin alderatuta, ganberarako musika ziren grabitazioak harentzat».

Mende laurden darama galeriak Txillidaren obrarekin lanean, eta behin baino gehiagotan antolatu dituzte haren alderdi jakin bati edo besteari buruzko erakusketak; Estudio izeneko aretoan beti, galeriak dituen bi guneetatik txikienean, alegia. Han erakutsi dituzte, besteak beste, artistaren collageak eta Euzkadi serieko akuaforteak.

Galeriaren biltegikoak dira Grabitazioak erakusketako pieza batzuk, baina hainbat bildumagile partikularrengana ere jo dute oraingoan erakusketa osatzeko. Bada, adibidez, Mexikotik ekarritako bat, tartean: bildumako handiena, zehazki. Mujika: «Bananondoen azalarekin sortutako paperarekin egina dago, eta horregatik ditu ñabardura horiek guztiak. Mexikora egindako bidaia batean deskubritu zuen. Janariak eta bestelako gauzak biltzeko erabiltzen zuten, eta oso merkea zen, baina Txillidari ikaragarri gustatu zitzaion, eta harekin sortutakoa da lan hori».

Metro eta 60 zentimetro luze da pieza: hamar urtean sortu zuen serie multzo osoko lanik handiena da. «Sokatxo batzuek eusten diete paperei, eta, horregatik, ezin zuen egin neurri handiagoko lanik, korapiloek materiala urratu dezaketelako, bestela».

Salmenta prezioak

Mexikoko lana da salgai ez dagoen bakarra. Galeristak nabarmendu duenez, 90.000 euro balio du beste zortzi lanen arteko merkeenak, eta badira 150.000 eta 250.000 euroren truke saltzen direnak ere. «Nazioarteko prezioak dira», azaldu du Mujikak. «Txillidaren lan gutxi ateratzen dira, eta enkantean izaten duten hasierako prezioa ez da izaten txikia».

Madrilgo Guillermo de Osma galeriarekin eta Txillida Leku fundazioarekin elkarlanean antolatu dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.