Musika

Ganberako txalaparta

Basabi taldeak bigarren diskoa kaleratu du, 'Oma'. Musika klasikoa eta txalaparta uztartzen ditu lanak, eta Loraldia jaialdian egingo dute lehen emanaldia, gaur.

(ID_13627068) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-02-21, Bilbo. Basabi musika taldeak 'OMA' diskoa aurkeztu du
Basabi taldeko musikariak, 'Oma' diskoa aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

«Guretzat oso garrantzitsua zen txalaparta bere ohiko testuingurutik ateratzea, baita musika klasikoa ere. Inpresioa genuen txalaparta beti ingurune batean dagoela, musika klasikoa beste leku batean, eta bi munduak publiko handiago batera eraman nahi genituen». Marina Barredo biola jotzailearen hitzetan, alkimia ariketa horren bila sortu zuten Basabi taldea 2018an, eta helburu horrekin jarraitzen dute egun ere. Barredok ez ezik, Iñigo Coto biolin jotzaile eta konpositoreak, Ricardo de Lucas kontrabaxuak eta Sergi Lamuedra eta Txomin Dhers txalapartariek ere osatzen dute taldea. Bigarren diskoa kaleratu berri dute orain, Oma. Hasierako espiritu berari jarraituz sortu dituzte hura osatzen duen hamar kanta instrumentalak, eta, azaldu dutenez, gizakiaren esku hartzeak naturan duen eragina «irudikatzea» izan dute buruan.

Memento abestiak abiatzen du lana, eta kanta hori hautatu dute bideoklipa sortzeko ere. Musikariek azaldu dutenez, diskoko abestirik «transgresoreena» da, baina, hain justu, horregatik aukeratu dute aurkezpen txartelaren lanak egiteko. Sei minututik gora ditu piezak; hasiera atmosferiko batekin hasi, eta pasarte nabarmen erritmikoak ere baditu, eta, gainera, konplexurik gabe uztartzen ditu, batetik, taldeak ohiko dituen musika tresnak, eta, bestetik, gitarra zein baxu elektrikoak, bonboak eta detaile elektronikoak, guztia orkestrazio lan zorrotzarekin. Eta, azaldu dutenez, horrek eman dezake Basabik une honetan har dezakeen norabidearen berri.

Basabi taldeak Oma diskoa aurkezteko hautatu duen abestia: Memento

Josu Venero zinema zuzendariak Omako basoari buruz egindako dokumentalak jarri zuen abian diskoa. Soinu bandarako hiru abesti sortu zituen taldeak; emaitzarekin pozik geratu, eta hari horri tiraka sortu dituzte ondorengo beste zazpi abestiak. Eta, hain zuzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserban dagoen basoa izan dute inspirazio iturri. Naturagune horretan pilatuz joan diren giza geruzak, zehazki: Santimamiñeko haitzuloetako labar pinturak, Boluzuloko errotak izan dituzte gogoan, eta Agustin Ibarrolaren artelana, kasurako. Eta ez dute ahaztu gizakiak naturan duen eragin negatiboa ere.

«Lan oso filosofikoa da», laburbildu du Barredok.

«Inpresioa genuen txalaparta beti ingurune batean dagoela, musika klasikoa beste leku batean, eta bi munduak publiko handiago batera eraman nahi genituen».

MARINA BARREDOBiola jotzailea

Bilaketa eta garapena

2018an sortu zen taldea, eta geroztik geratu gabe aritu da. 2021ean eman zuen argitara Kronos diskoa, eta Emeki hizkuntza gutxituetan abestutako abesti tradizionalen bilduma kaleratu zuen hurrengo urtean bertan, Andromahi Kouforgiorgou abeslari greziarrarekin elkarlanean.

Cobok idatzi ditu Oma diskoko abesti guztiak, De Lucasek konposatutako Latens pieza izan ezik. Aurreko diskoa musika tradizionalagoari itsatsiago deskribatu du sortzaileak, baina aldaketa «berez» gertatu dela azaldu dute lehenik Barredok —«ingelesek esaten duten bezala, work in progress bat gara gu»— eta gero Dhersek: «Nahasketa bat gara, eta ez dugu aldetzen; garatzen ari gara, oraindik bilatzen ari gara zer musika egiten ari garen».

«Badira parte batzuk oso idatziak, melodiak egiten ditugulako txalapartarekin, baina, hala ere, musikak askatasuna uzten digu, eta irekidura oso garrantzitsua da txalapartariontzat, ze, bestenaz, xilofono bat bilakatuko zen, sinpleki».

TXOMIN DHERSTxalapartaria

Edonola ere, Cobok orain txalaparta «hobekiago» ulertzen duela zehaztu du Dhersek, eta horrek ere eragina izan duela sortutako musikan. «Musika klasikoa lantzen du Iñigok [Cobok], eta musika ia dena idatzi zuen, baina txalaparta gehiago ulertzen du. Horregatik, badira parte batzuk oso idatziak, melodia batzuk egiten ditugulako txalapartarekin ere, baina, hala ere, uzten digu askatasuna, ze gure txalaparta oso askea da, bat-batekoa, eta aukera ematen digu kontzertu batetik bestera saio ezberdin bat egiteko. Eta irekidura hori oso garrantzitsua da txalapartariontzat, ze, bestenaz, xilofono edo marinba bat bilakatuko zen, sinpleki».

Loraldiko estreinaldia

Loraldia jaialdian estreinatuko dute emanaldia gaur. Bilboko Campos Eliseos antzokian izango da saioa, 19:30ean, festibalaren Lorezain egunean. Jon Begiristain arkitektoak sortu die eszenografia, eta Paula Segurarenak dira bertan proiektatuko diren bideoak. Ainara Moreno harpa jotzaileak ere lagunduko ditu zuzenean, eta  diskorako sortutako instrumentazioa oholtzara eramateko lanean eman dituzte azken asteak.

Txalaparta da egokitu behar izan duten ataletako bat; izan ere, diskoan bi txalaparta erabili dituzte, harrizkoa bata eta zurezkoa bestea, eta pasarte batzuetan biak nahasian ere entzun daitezke. Eta hortik moldatu beharra. Kontzertuetan ere bi txalaparta horiek izango dituzte oholtzan, baina bietako zein jo hautatu behar izan dute tarte batzuetan. Horrez gainera, gitarra elektrikoak eta detaile elektronikoak ere zuzenera eraman nahi dituzte. «Guk geuk joko ditugu edo aktibatuko ditugu haietako batzuk, eta musikari laguntzaileak ere eramango ditugu», azaldu du Cobok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.