Narrazioa 

Galtzerdi zuriak

Literatur genero gehienak jorratu ditu, 30 urteko ibilian, Miren Agur Meabe idazleak (Lekeitio, Bizkaia, 1962), baina poesian zein haur eta gazte literaturan nabarmendu da batik bat. Haren lan ezagunenen artean daude Azalaren kodea (poesia, 2000), Bitsa eskuetan (poesia, 2011) eta Kristalezko begi bat (nobela, 2013). Besteak beste, Euskadi saria, Espainiako Kritikaren saria eta 111 Akademiaren saria irabazi ditu, atal ezberdinetan. Irakaslea da ogibidez, eta argitaletxe munduan ere ibili da lanean.

MARTINTXO.
Miren Agur Meabe.
2016ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Galtzerdi motz zuriak uniformearen parte ziren. Zuriak izan behar zuten galtzerdiek eta alkandorak, baita koleta lotzeko txoriak ere. Soineko mangabakoak eta gerrikoak, berriz, urdin ilunak. Oihala lodi samarra zenez, ganoraz eskuilatu behar izaten zen klarion-orbanak edo bazterretan kromo trukean jarrita egoteagatik itsatsitako hautsak kentzeko.

Eskolan hasi berritan, bost bat urte nituela, Sor Finak agiraka egiten zidan egunero, uniforme barik joaten nintzelako. Beste guztiek estreinatua zuten arauzko soinekoa, tolesak zehatz-mehatz plisaturik. Etxean irakatsita, biharamunean eramango nuela erantzuten nion nik maistrari, amabitxi oraindik josten ari zela eta. Amabitxik esku ona zeukan joskintzarako, baina osasunez makala izanik, abagune hartan azken puntada eman ezinik zebilen. Horrenbestez, aldikada batean, nire soineko arruntaren kausaz, ardi beltzaren pareko sentitu nintzen neska saldo urdinaren erdian, eta irrikaz itxaron nion askoren arteko bat bihurtuko nintzen egunari, inoren destaina-keinuetatik salbu geratuko nintzenekoari.

Izan ere, egun gomutagarria izan zen uniformea estrainekoz jantzi nuena, zergatik eta txiza egin nuelako aldean. Ezustean igarri nuen turrusta epela izterretan behera, nire borondateak gertaera hartan zeresanik ez izateagatik harrituta. Gogoan dut arbelean zenbakiak idatzita zeudela, zerotik bederatzira, eta haiexek orri koadrikulatu batean kopiatzeko ahaleginean hiruzpalau aldiz apurtu zitzaidala arkatzaren punta. Ikaskide gehienek amaitua zuten ataza, ni artean borragomarekin papera lardaskatzen ari nintzela. Kinka hartan busti nuen, bada, pupitrea.

Pupitrea bustitzea deskuidurik laidogarriena zen, alde handiarekin, ahorik aho zabaltzen baitzen zurrumurrua patioan, Fulanitak txiza egin du. Eta behin kotxina ospea irabaziz gero, iraina zure izenari atxikita geratuko zen betiko, txiklea zapata-zolan legez.

Sor Finak lanbas astuna ipini zidan eskuan, eta ahal nuen moduan ekin nion jarlekua eta behegaina garbitzeari. Alabaina, nire negar-zotinekin errukituta-edo, etxera bidali ninduen arropak aldatzera, espero ez nituen berba samurrak esanda.

Ez nuen etxerako bidea hartu, ordea, hondartzarakoa baino, hainbeste kostatako uniformea zelanbait txukuntzeko itxaropenez. Hego-haizea zebilelarik, itsasbeheran ohi baino harkaitz gehiago zegoen agerian moilaren kontra. Halandaze, galtzerdiak erantzi eta haitz baten koskatik zintzilikatu nituen, eta ni hondarrean etzan nintzen, gona gerriraino batu eta eguzkia nire asmoaren laguntzat hartuta. Erremedio natural hartan fedea ipinita loak hartu ninduen.

Kili-kiliek esnatu ninduten lasterrera. Txakur bat neukan usnaka, patari beltz mingaingorri bat. Izterretan miazkaka zebilkidan, eta bultz egten zidan muturrarekin. Izuak atzimur egin zidan, kurrika ikusezinek gorputzetik oso-osorik helduta bezala, eta begiak itxi nituen. Txakurraren hankak igarri nituen nire paparrean pausatzen, baita haren adurra ere bekokian. Orduantxe, hain juxtu, baten batek txistu egin zion, eta zantarrak ni baketan utzi eta arineketan alde egin zuen moilarantz.

Ni neu, agondu, nire karteratxoa jaso, eta etxera zuzendu nintzen, dardara batean. Amabitxik, leihotik, ume besoetakoa piura eskas harekin eta ezohiko orduan etortzen ikusi zuenerako, ura ipini zuen txapan berotzen, terraina bete eta ni bainatzeko. Uniformeari trapu umela pasatu zion, istripuari gora handirik eman barik, eta balkoian zabaldu zuen, bestelako arropen arteko bat. Hala ere, sokan galtzerdi bakarra zegoen dilindan, bestea plaian galdu nuelako, itxuraz, eta nire neba bidali zuen bila. Ekarri ere ekarri zuen, blai-blai eta hareaz beterik ur ertzean hildako arrain tripazuri baten antzeko. Eta horraino oroitzapena.

Behinola, udaberrian mojek txangoan eraman gintuzten itsasargitik gertu zeukaten lursail batera. Kantuan joan ginen bidean, Toma, Virgen pura nuestros corazones. No nos abandones jamás, jamás. Belarra dantzari zebilen eta oiloen gandorrek plastilina-txatalak ziruditen. Fruta-ale banakak bereizten ziren tarteka lurrean, bitxi usaintsuak. Ortutik itsasoa ikusten zen urrunean, eta baten batek esan zuenean ortzemuga ez zela erabat zuzena, Sor Irenek zuzendu egin zion, ezetz, eguzkiaren dirdirak lausoa eragiten ziola.

Ortulaua madariondoen artetik agertu zen, aitzurra lepoan, arratsalde on esatera. Adintsua zen, argala, narrubelztua.

Sor Pilarrek azaldu zion lore bila gentozela, Maiatzak eskatu bezala, Mariaren aldarerako, eta gero boluntarioa eskatu zuen putzutik ura ateratzeko, kaperako ur bedeinkatu ontzirako. Askok altxatu genuenez besoa, zotz egin behar izan genuen eta neuri suertatu zitzaidan. Juanek lagunduko dizu badaezpada.

Juanek bizar-distira zuria zeukan, eta hortz bat falta zuen goian. Putzuaren karelak ere bazituen hutsuneak, eta kontuz aurreratu nuen gorputza barrura begiratzeko. Gogoan dut eltxo aldra bat altxatu zela ilunpetik, eta bat sudurzuloetan sartu zitzaidala, doministiku eraginez. Juanek txapelarekin uxatu zituen zomorroak, eta baldea erakarri zuen guregana. Erria txikota beheraino, eta baldea betetakoan, ekarri geldi-geldika. Ez soltatu gero! Osterantzean indarrakarrastaka eroango zaitu behera. Tira, hain txikia ere ez zara zu. Hamabi bat urte izango dituzu.

Nire atzean arrimatuta, esku bat ipini zuen nire esku bien gainean, txikotari oratzeko. Putzuari baso zarratuaren sunda zerion. Ortulauaren kailuak sentitzen nituen. Beste eskuarekin uniformea altxatu zidan. Ez nuen zirkinik egin. Eginez gero, edo putzura jausiko nintzen, edo alferrik galduko nuen bedeinkatzekoa zen ur garbia. Neskatxu polita zara zu, gaur arratsaldea lakoxea.

Zurrumurru hori kortan zebiltzan nesken algarekin nahastu zen nire belarrian, ortulauak ipur-mamiak estutu zizkidanean. Geroxeago erdirago irristatu zuen eskua, eta beherago. Azazkaletan lurra edukiko zuela pentsatzeak eskrupulu mortala eragiten zidan, baina baldeari tenk egitean nire giharrak ere gogortu egiten ziren, eta Juanen atzamarra atezatzen nuen nire haragiekin. Txirrikaren kirrinkak arnasotsak estali zituen, eta baldea goraino ekarri nuen unean bertan, Juanek kurrinka txiki bat egin, eta nigandik apartatu zen, zuhaitz artera.

Baldetzarra hartuta, taldera zuzendu nintzen ni segituan, ia-ia itsuka, hainbesterainoko durduzaz ze oinak hondoratu nituen simaur freskotan, orkatiletaraino. Lagunak, galtzerdiak zipriztin nabarrez beterik ikustean, burla-plantaka hasi zitzaizkidan, kiratsa botatzen nuela-eta, Kotxina. Eta horraino oroitzapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.