Idazleak, nagusiki, sormenaren lehorteen beldur dira. Gainera, ikarak eragindako blokeo horiek zurrutaren bitartez askatzeko ahalegin eskerga egin izan dute haietako askok. Sistema hori, baina, ez da batere eraginkorra, historiak erakutsi izan duenez, landare sikuok gutxitan bihurtu baitira ugalkor ureztatze horien laguntzaz. Walter Tevis (San Frantzisko, AEB, 1928 - New York, AEB, 1984) idazle estatubatuarraren ibilbidean edana eta idorteak bi ezaugarri iraunkor izan ziren. Bataren eta bestearen esklabo, hamazazpi urteko agorraldia bizi izan zuen.
Horren ondorioz, bere obra urria baina askotarikoa da, bai eta arrakastatsua ere. Eta bere lan garrantzitsuenak film klasiko bihurtzera heldu dira: The Hustler eta The Colour of the Money, kasurako. Areago, bere eleberrietako bat —The Queen's Gambit— telesail sonatu ere bilakatu zen ikus-entzunezko plataformen garaiotan. Nobelagile kaliforniarraren moldakortasuna agerikoa da, eta argi ikusten da hori bere eleberrietan landutako gaiei erreparatuz gero. Besteak beste, billarra, xakea eta estralurtarrak.
Zientzia fikzioaren generoan distopiak idatzi zituen gehienbat, Mockingbird (1980) eta The Steps of the Sun (1983), Aldous Huxley, Ray Bradbury eta Philip K. Dick autore klasikoen arrastoei jarraikiz. Antzekotasun handiak daude bi kontakizun horien eta gaur egungo gizartearen artean, eta alkoholak eragindako 17 urteko geldialdiaren ondotik idatzi zituen, behin adikzioa gaindituta. «Trago bat, eta idazmakina lekuz kanpo gelditzen zen guztiz».
Aurretik, 1963an, The Man Who Fell to Earth idatzi zuen: estralurtar bat gure planetan erori da, bere espeziea salbatuko duen espaziontzia eraikitzeko. Eleberrigileak autobiografia bat eraiki zuen, eta, orduan ere, genero fantastikora jo zuen, eta txikitan egindako bidaia traumatikoa kontatzeko erabili: 11 urte zituela, gurasoek Kaliforniako klinika batean utzi zuten bihotzeko gaixoak jota, eta, handik urtebetera, Kentuckyrako bidea egin behar izan zuen gurasoekin berriro elkartzeko. «Ama zirikatzaile batek hezi ninduen, eta aita alkoholikoa zen, baina ez zuen inoiz onartu, ezta amak ere». Nicolas Roeg zinemagile britainiarrak izenburu bereko filma egin zuen 1978an, eleberrian oinarritua eta David Bowie musikariak antzeztua.
Nobela erabat hordirik idatzi zuen idazleak: «zortzi hilabeteko mozkorraldia gainditu behar izan nuen idazteko».
Bihotzeko gaitzaren ondorioz klinikan egindako egonaldiak idazlearen bizitza osoan izan zuen eragina: gaixotasuna tratatzeko, fenobarbitalak hartu zituen, lasaigarriak; eta, idazlearen aburuz, botika hori izan zen gerora izango zituen mendekotasun guztien arrazoia. «Argal nengoen, ahul. Urtebete igaro behar izan nuen etzanda. Ez zidaten ohetik irteten uzten, ezta komunera joateko ere». Antzeko mendekotasuna du The Queen´s Gambit (1983) nobelako protagonistak, Beth Harmonek. Xakearen inguruan ardaztutako kontakizun hori «emakume adimentsuei» zuzendutako omenaldi gisara sortu zuen autoreak, eta handik 37 urtera, ikus-entzunezko plataformak astindu zituen, Scott Frank zinemagileak egindako eta Anya Taylor-Joyk antzeztutako telesail sonatua tarteko.
Zazpi urte zituela ikasi zuen Trevisek xakean jokatzen, baina billarra izan zen bere bizitza eta obraren zati handi bat zeharkatu zuen jokoa. Gurasoengana bueltatu zenean, Lexington hirian kokatu zen. Eskolan tratu txarrak jaso zituen, eta, giro maltzur horretatik ihes egiteko asmoz, billarrean aurkitu zuen babesa. «Lexingtoneko billar aretoek erreskatatu ninduten». Itsas armadan izena eman zuenean, 17 urte zituela, billarrean sakondu zuen, eta orduan jakin sekulako dirutza izaten dela jokoaren inguruan. Hala, billarrari lotuta AEBetan sortutako azpikultura funtsezkoa izan zen haren lanen garapenean.
Pertsonaiak bezain garrantzitsuak dira makilak, bolak eta mahaiak haren bi eleberri ezagunenetan ere. Tevisen lehen nobela da bi eleberri horietako lehena: The Hustler (1959). Eta azkena idatzi zuena da bestea: The Color of Money (1984). Biak ala biak film arrakastatsu bilakatu ziren, eta bietan ageri da Paul Newman aktorea protagonista nagusi, EddieFelson edo Fast Eddie billar jokalari galtzailearen azalean. Lehenengoa Robert Rossenek zuzen zuen, 1961ean, eta erabateko klasikoa da, zine beltzetik edaten duen zuri-beltzezko argazkia tarteko. Bigarrena Martin Scorsesek filmatu zuen 1986an, eta Newman zaharra billar jokalari profesional izan nahi duen Tom Cruise gaztearen ordezkari bilakatuko da.
Begi argidun aktorearen jaiotzaren 100. urteurrena betetzen da aurten, eta efemeride horren harira argitaratutako testu gehienetan Robert Rossenen klasikoan Newmanek egindako lana azpimarratu da, bola hotsez, zigarreta kez, whiski usainez eta izerdi kiratsez blaitutako galtzaileen istorioa zinemazale eta literaturazale guztien oroitzapenetan iltzatu baita, jatorrizko testuaren moldaketak, zuzendariaren lanak eta aktore multzoaren antzezpenak hiruki kasik perfektua osatzen dutela.
Bolen hotsak
Eddie Felson billar jokalari gaztearen istorioa kontatzen du The Hustler eleberriak. Herriz herri eta taberna zuloz taberna zulo ari da Felson bere ordezkari Charlierekin. Han-hemenka, dolar batzuk irabazten dituzte billar mahaietan iruzurrak eginez. Felsonen asmoa, baina, lurraldeko billar jokalaririk onena bilakatzea da. Horretarako, Minnesota Fats(Minnesotako Gizena) jokalariaren aurka lehiatu beharko da. Behin partida hitzartuta, Felson galtzaile izango da 24 orduko lehiaren ondotik, talentua edukitzea ez baita nahikoa lodiari irabazteko. Porrotaren ondorioz, zurrutean hondoratuko da gauez, bere baitan daramatzan deabruekin borrokatzeko.
Walter Tevisek The Lovely Green (Berde eder hori) izenburuarekin bataiatu zuen kontakizuna, billar mahaien kolorea aipatuz. Idazlearen ordezkariak liburua saltzea lortu zuen, baina Harper & Brothers argitaletxeak izenburua aldatu zion irakurleek lorezaintzari buruzko liburu bat zela pentsa ez zezaten. Tevisen beldurrak eta segurtasun gabeziak gorabehera, eleberriak harrera oso ona izan zuen, eta Ernest Hemingwayrekin ere alderatu zuen kritikak.
Arrakasta horren ondorioz, Tevisek 25.000 dolar jaso zituen Robert Rossenek haren nobela zinera eraman zezan. Diru horrekin Iowako Estatuko Unibertsitatean matrikulatu zen, 31 urte zituela, eta Mexikon kokatu zen, bere hurrengo nobela, The Man Who Fell to Earth, idazteko asmoz. Mexikora iritsi, eta alkoholetan ito zen: «Ginebra litroa 80 zentabotan lortu nezakeela deskubritu nuen».
«Galtzaileei eta bakartiei buruz idazten dut», esan zuen behin Tevisek The New York Times-ek plazaratutako elkarrizketa batean. The Hustler, hain zuzen ere, esaldi horren isla da, porrotari edo amets amerikarraren faltsukeriari buruzko istorio gordina bezain bikaina baita. Tevisek bizitza bera kokatzen du billar mahaiaren lau aldeetan, eta bertan paratzen ditu istorioko pertsonaiak, beren patuaren aurka ari diren gizajoak, zeintzuei patu hori presondegi bihurtuko baitzaie. Tevis maisua da kontakizunaren fluxua mantentzen, bisturiarekin trazatutako pertsonaien bidez. Era berean, eskalpeloaren zehaztasunez zabaltzen ditu pertsonaien arteko elkarrizketak, eta, horren ondorioz, liburuan oinarritutako filmetan ere ia paperean bezalakoak dira aktoreen arteko solasaldiak. Egiari zor, filmaren gidoia eta jatorrizko testua oso antzekoak dira. Halere, liburuaren amaiera irekiagoa da, baina Sarah emakumezko pertsonaia bakarraren garrantzia handiagoa da pelikulan.
Oso esanguratsuak dira Bertek, Felsonen ordezkari zitalak, billar jokalariari hurrupa artean botatzen dizkion hitzak —pelikulan George C. Scottek sekulako antzezpena egin zuen—, jokalariak Minnesota Fatsen aurka porrot egin ondoren; liburuaren zein filmaren esentzia guztia biltzen dute hitzok:
Bert: «Galtzeko jaio zara. Hamar urtean lehenengo aldiz ikusi nuen Minnesota Fats lur jota, estututa, baina ihes egiten utzi zenion».
Felson: «Esan dizut mozkortu nintzela».
Bert: «Jakina, mozkortu zinen, munduko aitzakiarik onena zeneukan galtzeko, galtzeak ez du inporta aitzakia on bat baduzu, baina irabaztea zama baten gisarakoa da batzuetan. (...) Kirol onenetakoa da norberarekiko errukia izatea, guztioi gustatzen zaigun kirol bat, bereziki galtzaileei».
Felson: «Eskerrik asko gonbidatu izanagatik».
Tevisek berak ere gehiegizko pisutzat zeukan arrakasta. Zama hori arintzeko, bigarren mailako idazlea zela esan ohi zuen maisulanak idatzi zituen arren, hainbat generoetakoak, gainera. Adikzioen morroi, 56 urte zituela zendu zen birikietako minbiziak jota; antza, zigarro pakete andana erretzen kiskali zituen bere bizitzako azken urteak.