Galerietatik azokara

Euskal Herriko eta nazioarteko arte garaikidea sustatzeko eta hedatzeko asmoz sortu da DonostiArtean, arte garaikidearen nazioarteko azoka. 37 galeriak parte hartuko dute, eta Euskal Herrikoak dira horietatik bederatzi.

Joan Miro, Antoni Tapies eta Eduardo Txillidaren obra bana, DonostiArtean azokan. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Jose Luis Zumeta, Pablo Picasso, Joan Miro, Antoni Tapies, Marta Cardenas, Menchu Gal eta Cristina Iglesiasen lanek, beste askoren obren artean, artez bete dute Donostiako Kursaaleko Biltzar Jauregia. Atzo hasi, eta datorren astelehenera bitarte —hilak 11—, DonostiArtean arte garaikidearen lehen azoka egingo da bertan. Nazioarteko zein Euskal Herriko hirurehun artistaren baino gehiagoren argazki, margolan eta eskulturak ikusi ahal izango dira azoka berri eta independente honetara etorri diren 37 galerien bitartez. Horietako bederatzi dira Euskal Herrikoak, eta gainerakoak, Espainia, Frantzia eta Hego Koreakoak.

Nazioarteko azoken zirkuituan erreferente bihurtzeko ideiarekin eta «Euskal Herriko eta nazioarteko arte garaikidea sustatzeko eta hedatzeko asmoz» sortu dute arte azoka hau, antolatzaileek diotenez. Azoka «berri, independente, hurbil eta dinamiko» hau artista askoren topagune bilakatuko da bost egunez. Izen handiko artistek eta horren ezagunak ez direnek dute tokia DonostiArtean. «Ezagunak ez direnak izen handikoak bezain garrantzitsuak dira artea sustatzeko garaian». Koadroen prezioak ere, denetarikoa izango dira, eta 70 euroko nahiz 100.000 eurotik gorako lanak erosteko aukera izango da bertan.

«Zorroztasuna, profesionaltasuna, kalitatea eta hurbiltasunaren irizpideen gainean» eraikitako arte bilgune honetan, hainbat lerro estetiko eta kontzeptualetako galeriak eta artistak daude, eta, antolatzaileen esanetan, «kalitatea» da denen ezaugarria. Bestalde, oinarri zehatz baten arabera egituratu da DonostiArtean. Arte garaikidean eta sortu berrian espezializatutako Euskal Herriko eta nazioarteko arte galerientzat da, abangoardia historiko batzuei eginiko aipamenak ahaztu gabe.

Marta Scarpellini arte azokaren koordinatzaile nagusiaren esanetan, halako azokak egiteko leku «paregabea» da Donostia. Frantzia eta Europarekin duen gertutasunak «arterako mentalitate irekiago bat izatea eragin du, eta halako proiektuak gauzatzeko ezinbestekoa da hori».Kursaala, gainera, eraikin «enblematikoa» izateaz gainera, hiriaren erdigunean dago, eta «abantaila handia da hori». Bost urteko esperientziarekin ekin diote proiektu honi. «Halakoak ekartzea erraza ez bada ere, interesgarria da artearen sektorearentzateta hiriarentzat». Bestalde, arte azoka honek «ezin hobeto» egiten du bat denbora eta tokiarekin. Izan ere, 2016ko Europako kultur hiriburutzari «asko» lagunduko diola azaldu du koordinatzaile nagusiak. Bisitariei dagokienez ere, «errazagoa da azoka Donostian egitea Irunen baino, jende gehiago biltzen baita hemen».

Euskal Herriko artea

Azokan parte hartzen ari diren Euskal Herriko bederatzi galeriekbadute halako azoketan esperientzia; Scarpellinik azaldu duenez, Irunen hiru bider egin dute Arteando izeneko antzeko arte- azoka, eta bertan ere egin dute galeria horiek erakusketa. Donostiara mugitzeak galeristei ere «lagunduko» dielako ustea du Scarpellinik, horientzat «erakustoki handia» baita Donostia. Ideia horrekin bat dator Iker Antia urretxuarra. Arteztu izeneko galeria du Donostian, Benta Berri auzoan, eta bigarren urtea da arte azoka batean dagoela. «Erakusleiho galantak dira halako azokak; jendearengana iritsi eta gure lanak ezagutarazteko gune apartak. Iaz irabazi gutxi eduki nuen, baina aurten, azoka Kursaalean izanik, irabazi gehiago lortzea espero dut». Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko galeria guztiekin jarri dira harremanetan, baina oporrak eta krisi ekonomikoa direla medio, «ahal izan duenak bakarrik» jarri du erakuslekua.

Euskal Herriko galeriak jarriz, Scarpellinik euskal artea sustatu nahi du: «Argi daukagu non gauden, eta Euskal Herrian egon garen aldiro—hiru urtez jarri dugu azoka Irunen—, beti nahi izan diogu euskal arteari bultzada eman».

Euskal Herriko egileen lan ugari horien artean dago Jose Antonio Sistiagak berriki egin duen Serie-velocidad-luz-color lana. Bertan, izenburuak azaltzen duen bizkortasun, argi eta koloreak erakutsi nahi izan dituela azaldu du Sistiagak, baina koadroaren gainean dagoen bonbillak kezkatzen du artista. Izan ere, haren iritziz, «nahikoa argi badu jada koadroak». Madrilgo Lorenart galeriako Ernesto Gutierrezek jarri du haren lana ikusgai.

Etorkizuneko erronka

«Datozen urteetan ere, azoka hemen egiteko asmoarekin etorri gara Donostiara», azaldu du Scarpellinik. «Egia da aurtengo esperientziarekin datorren urteetan errazagoa izango dela guztiontzat azoka antolatzea, babesle gehiago lortuko ditugu, eta, hala, nazioarteko galeriek ere toki handiagoa izango dutela uste dugu; Txinako merkatuak interes berezia du hemen antolatzen diren azoketan, baina aurten ezin izan dira etorri». Datozen urteetan, beraz, azokak kalitate handiagoa eta laguntza ekonomikoetan gehiago izango duelako itxaropena du Scarpellinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.