Hiru emakume, beraientzat bakarrik sortu duten intimitate batean. Kanpai hotsekin batera, mahai baten bueltan meriendatzen ari dira. Tisana, pasta, azukre eta brandyz betetzen dituzte gorputzak, beren eguneroko bizimoduaz hitz egin bitartean. Halako batean, baina, haietariko batek Joshua delako batekin maiteminduta dagoela aitortuko die beste biei, eta orduan bai, orduan hasiko dira komeriak, jeloskeriak eta elkarrenganako inbidiak.
Nork mugitzen ditu haien kortseen hariak? Zer begiradatatik izan dira sortuak? Nork idatzi du tinta lodiz historia, eta kontatu den bezalakoa al da egiaz? Galdera horien gainean eraikitako obra bat da Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek zuzendu eta antzeztutakoa. 2021ean estreinatu zuten, eta, hamaika aretotan erakutsi ondotik, 23. Donostia antzerki saria obra hari ematea erabaki du aurtengo epaimahaiak. Martxoaren 27an egingo dute emanaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta egun horretan bertan jasoko dute saria: Ramon Zuriarrainen artelan bat.
«Noraino eramaten gaitu fikzioak?». Galdera hori izan zuten obra sortzeko abiapuntu. Izan ere, azaldu dute gizonezkoek sortu ohi dituztela fikziozko istorioak, eta horrek emakumezkoak non kokatzen dituen islatu nahi izan zuten antzezlanaren bitartez. Hala azaldu du Gaztañagak: «Ehuneko handi batean gizonezkoek eraikitako fikzioa bada, zein da imajinario unibertsala? Nola eragiten digu horrek emakumeoi? Nola eragiten dio errealitateari?». Hamaika galdera eta hausnarketa jaurtitzen ditu airera obrak. «Ez dugu, baina, galdera horien erantzunik. Publikoari hausnarketarako bide ematea da helburua», gaineratu du Eliasek.
Agerraldia egin zuten atzo antzezleek Donostia Kulturarekin batera, Viktoria Eugenia antzokiko prentsa aretoan. Antolatzaileek azaldu zuten epaimahaiak balio handia eman diola antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. Beraz, gaineratu zuten nabarmentzekoa dela antzezleek egindako lana. «Indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute obra, eta edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute».
«Oso pozik gaude sari hau jaso dugulako». Esker onez abiatu zen Elias. «Euskaraz eta hutsetik sortu den antzezlan bati balioa ematea oso gauza ederra da. Oso dibertigarria, jolastia eta polita izan da sormen prozesua, eta hori saritzea plazer handi bat da».
Saria jaso izana lantalde osoari zor diotela gaineratu zuen, segidan, Gaztañagak. «Oso sormen kolektiboa izan da, zaintza erdigunean jarri duena. Askatasun handia izan dugu geure ekarpenak egiteko, eta horren ondorio izan da egundoko sorkuntza hau gauzatu izana». Kulturaz kooperatibaren laguntza ere eskertu nahi izan zuen Gaztañagak. «Haiek babestu dute obra ekonomikoki, eta haiek egin dute hau posible».
Olaizolak nabarmendu zuen obrak jaso berri duen sariak Kamikaz kolektiboaren ibilbideari egiten diola aitortza. «Gure esker ona erakutsi nahi dugu, baina, era berean, esan nahi dugu oso harro gaudela geuk egindako lan batek erantzun hau jaso duelako. Kamikaz kolektiboarentzat urrats handi bat da hau, horrek modua ematen baitigu pentsatzeko etorkizunean egingo ditugun lanetan zer kontatu nahi dugun».
Gaztañagak jakinarazi zuen, azkenik, sariak eman dien laguntza ekonomikoa erabiliko dutela etorkizuneko obra hori gauzatu ahal izateko oinarri gisa. «Ideia ederra genuela bagenekien, eta beti hain prekarioa izan den bidea pixka bat duintzea nahi genuenez eskatu genituen diru laguntzak, sariak ere horretan bide bat egiten lagunduko digu».
Galderaz jositako hiru kortse
'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlanak irabazi du Donostia antzerki saria. Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Iraia Eliasek zuzendu eta antzeztutako obra bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu