Galderak gorpuztuz

Igandera arte iraganen da Maitaldia festibala Miarritzen.. Dyptik hip-hop dantza konpainiak 'Dans l'engrenage' eta 'D-construction' ikusgarriak emanen ditu bihar eta etzi

Dans l'engrenage ikusgarria bihar emango dute. MAITALDIA.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Erritmo eta estilo ezberdinak, hainbat mugimendu eta hamaika hizkuntza. Denak dantzaren inguruan elkartu dira. Herbehereetatik, Burkina Fasotik, Amerikako Estatu Batuetatik, Italiatik, Danimarkatik eta beste hainbat herrialdetatik, dozenaka dantzari bildu dira egunotan Miarritzera (Lapurdi).

Telmo Esnalen Dantza filmak markatu zuen lehen pausoa, agorrilaren 30ean, baina festibalaren hasiera ofiziala irailaren 6an izan zen. Maitaldiaren 29. edizio hau dantza neoklasikoarekin hasi zuten, Herbehereetatik etorritako Jiri Kylian, Hans Van Man eta Nils Christe dantzari eta koreografo ezagunak gonbidatu baitituzte. Geroztik, hainbat dantzarik eskaini dituzte ikusgarriak, eta, horien artean, hona izen batzuk: Frida Dam Seidel eta Martin Harriaga, Danish Dance Theatre Danimarkako konpainia etaMyriam Naisy agertu dira eszena gainera. Hurbilagotik jinik, Matxalen Bilbao euskal koreografo eta dantzaria izan zen, atzo, Natalia Garciarekin bikotea osatuz. Transmisioa dutela ikuskizunaren ardatz, Serenity Suite izeneko sorkuntza erakutsi dute barda, Miarritzeko Koliseoan. Honela, nostalgiarik gabe, iragaten den denboraren gaia jorratu dute, dantzan.

Flamenkoa, dantza klasikoa, neoklasikoa, garaikidea eta hip-hopa ikus daitezke egunotan Biarritzen. Gainera, ikusgarriez gain, ikastaldiak, errepika publikoak, hitzaldiak, filmak eta erakusketak ere proposatu dituzte.

Karrika eta gogoetak

Maitaldia dantza maitatzeko baino gehiago ere bada, eta gai batzuen inguruan gogoetatzera bultzatzen dute bertan ematen dituzten ikusgarri batzuek. Migrazioa, bakardadea, maitasuna, bazterketa, bortizkeria... dantzaren bidez jorratzen dituzte egunotan.

Hain zuzen ere, gaurko sistemaren kritika moduan, Dans l'engrenage izeneko ikusgarria emanen du Saint-Etienneko (Frantzia) Dyptik hip-hop dantza konpainiak, bihar, 19:00etan. Gaia, gizakiaren mugak eta hark bere sistema propioari aurre egiteko duen gaitasuna. Souhail Marchiche eta Mehdi Meghari koreografoak dira ikusgarri horren sortzaileak. 90eko hamarkadan ezagutu zuten elkar bi lagunek, eta beti elkarrekin dantzatu dute, geroztik. Battle batzuk, lehenik, erakustaldi koreografikoak, eta Révélation sorkuntza muntatu zuten, 2006an. «Ohartu ginen ikusgarri laburrak baino gehiago, formatu hori —oren bateko ikusgarria— egokiagoa zela gaiak sakontzeko eta publikoa hunkitzeko», azaldu du Megharik.

Bamakora joan, eta hango lau dantzarirekin sortu zuten Dyptik konpainia, eta izen bereko ikusgarria sortu. Batere materialik gabe, karrikan hasi ziren dantzan, eta horrela sortu zuten D-construction ikusgarria. Etzi emanen dute, 14:00tan, Kasino aitzinean. Jendeak ba ote daki oraindik oldartzen, jazartzen? Antolatzen, elkartzen eta zerbaiti aurre egiten? Horrelako galderen inguruan hausnartu eta dantzaren bidez jorratu dute gaia. Gizarteari, sistemari eta indibidualismoari buruzko galderak transmititu nahi dizkiote publikoari. D-construction karrikan sortu zuten, eta karrikan emana izateko egin dute. «Horrelako gaien lantzeko, ez da karrika baino leku hobeagorik, errealitatea hor delako, inguruan», azaldu du Megharik. Jada 150 aldiz emana dute ikusgarria, eta, aldi oroz, «biziki ezberdina» dela uste du koreografoak. «Publikoaren araberakoa da, parte handi batean».

Sei dantzarik parte hartzen dute ikusgarrian, eta, eskaera azkarra izan dutenez, barneko ikusgarri gisa ere moldatu dute.D-construction ikusgarriaren segida Dans l'engrenage da, beraz, biek gai bera tratatzen baitute baina forma ezberdinean. «Kontsumo gizarte honetan gizakia nola dabilen erakutsi nahi dugu, beti presaka, beti gehiago nahian, beti sos gehiagoren bila, lanean itotzeko baldin bada ere». Hari beretik, sare sozialen, prentsaren eta itxurakeriaren kritika bat egiten dute, haien ustetan sistema hori «elikatzen» dutelako. Megharik gehitu du ez direla «epaile» gisa heldu, baina publikoko ikusleak etxera sartuko direlarik, duten bizitzeko manera zalantzan jar dezaten nahi dute dantzariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.