Musika

Gal Costa kantari brasildarra hil da

Brasilgo herri musikaren ikurretako bat izan da, eta hainbat musika mota landu ditu bere ibilbide luzean. 77 urterekin hil da.

Gal Costa kantaria, 2005ean, Bogotan emandako kontzertu batean. MIGUEL MENéNDEZ V. / EFE
itziar ugarte irizar
2022ko azaroaren 9a
17:31
Entzun

Brasilgo musikaren historian lorratz nabarmena utzi duen belaunaldi bateko kide izan da Gal Costa; mugimendu tropikalistaren barruko ahots handienetako bat, Caetano Veloso, Gilberto Gil eta Maria Bethaniarekin batera, besteak beste. Bossa novaren ondotik mamitu zen Brasilgo herri musikaren ordezkarietako bat izan da, hala, Costa, eta sanba eta rock doinuetara ere jo zuen aurrerago. Ibilbide oparo horri egindako aitortza heldu zaio azken urteotan —2011n, Grammy Latino saria eman zioten—, eta gaur zabaldu da haren heriotzaren berria: 77 urterekin hil da, Sao Paulon.

Bahia estatuko hiriburuan jaio zen Costa, Salvadorren, 1945ean. Musikazale handia zuen ama, eta gazte galdu zuen aita. Disko denda batean lortu zuen bere lehen enplegua, eta umetako lagun baten bitartez ezagutu zuen Veloso, zeina kantariaren konplize estua bihurtuko baitzen denborarekin. 20 urte bete gabe zituen Veloso, Gil, Bethania, Tom Ze eta garaiko beste puntako zenbait musikariren ingurura batu zenean. Haiekin egin zuen debuta, 1964an, Nós, por exemplo emanaldian, eta hiru urtera kaleratu zuen Domingo albuma, Velosorekin batera —hartan dator bere kanturik ezagunenetako bat, Coraçao vagabundo—.

1968an, Tropicália ou Panis et Circencis album enblematikoan parte hartu zuen, eta urtebetera kaleratu zituen bakarkako bere lehen bi lanak. Diktadura militarraren garaiko egoera politikoak estututa, hainbat artista eta musikarik herrialdetik alde egin zuten —Gilek eta Velosok, besteak beste—, baina Costak Brasilen geratzea erabaki zuen; zentsurari izkin egiten ahalegindu zen, ezkutuko emanaldiekin. 1970ekoa izan zen haren arrakastaren hamarkada; ordukoak dira, esaterako, Veloso eta Gil Londresen bisitatu ostean idatzi zuen Legal kantua (1970) eta Fa-Tal - Gal a todo vapor (1971) zuzeneko diskoa. Orduan bihurtu zen Costa erreferentziazko musikari, eta, hurrengo hamarkadan, nazioartera ere hedatu zen haren musikaren oihartzuna; urtean behin lan berri bat aurkezten segitu zuen ia-ia.

Duela bi hilabete ebakuntza bat egin zioten nodulu bat kentzeko, eta, horregatik, kantariak bertan behera utzi zuen urtea amaitu artean Europan egitekoa zen bira. Pandemiaren ostean, baina, agertokietara indarrez itzulita zebilen Costa, Las varias puntas de una estrella emanaldiarekin, zeinetan 80ko urteetan arrakasta handia izan zuten abestiak ere jotzen zituen; Açai, Nada mais, Sorte eta Meu Nome é Gal, besteren artean.

Kantariaren heriotzaren berri izan eta berehala azaldu dute atsekabea askok sarean, hala nola Lula da Silva Brasilgo presidente hautatu berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.