Literatura

Gaiztakeria samurtasunaren ondoan

Beatrice Salvioniren ‘Barrengaizto’ nobela euskaratu du Fernando Reyk, Txalapartarekin. Eleberriak bi neskatoren arteko laguntasuna du ardatz, eta Italia faxista agertoki. Lanak mahaigaineratzen dituen auzietako bat da ea pertsonak berez diren gaiztoak.

Fernando Rey itzultzailea, 'Barrengaizto' nobela euskaratu berria eskuetan, Iruñeko Sarasate pasealekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Fernando Rey itzultzailea, 'Barrengaizto' nobela euskaratu berria eskuetan, Iruñeko Sarasate pasealekuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko azaroaren 15a
05:30
Entzun

«Zaila da hildako baten gorputza gainetik kentzea». Esaldi hori du lehenbizikoa Beatrice Salvioniren Barrengaizto eleberriak. Idazleak kolpez erdiesten du eszenaren bortiztasuna irakurleari helaraztea, eta segidan egiten duen erretratuak are eta gehiago gogortzen du sentipena: «Hamabi urte nituenean ohartu nintzen horretaz, sudurra eta ahoa odoletan eta kuleroak orkatila batean katramilaturik nituela». Hitzok Francesca izeneko neskatoarenak dira, eta, zehazki, Italiako Lambro ibaiaren bazterrean bizitakoak gogoratzen ari da hura. Francescaren istorioa, baina, ez zen orduan hasi, ezpada Maddalena ezagutu zuenean; alegia, guztiek Barrengaizto deitzen dioten Maddalena ezagututakoan. Izan ere, hura ezagutu eta elkarren lagun bilakatu izanak baldintzatu zuen ondotik etorritako guztia. Non eta Italiako erregimen faxistan, 1930eko hamarkadan. Hori du ardatz Salvioniren Barrengaizto nobelak —idazlearen aurrenekoa da—. Orain, euskaraz ere irakur daiteke: Fernando Reyk itzuli du, eta Txalapartarekin eman.

Itzulpenaren aurkezpenean, Beatrice Salvioniren (Monza, Italia, 1995) lehenbiziko eleberriak izandako «ezohiko marketin errezeta» esplikatu du Txalapartako editore Garazi Arrulak, batik bat nabarmentzeko lanak zer-nolako sona hartu duen denbora gutxian. Kontatu duenez, La malnata jatorrizko lanaren argitaletxeak —Einaudi du izena— nahita atzeratu zuen nobela plazaratzeko data, lana guztiz prest izan arren, argitaratuko zenerako izan zitezen eginak zenbait itzulpen. Azkenerako, 2023ko udaberrian plazaratu zituzten bai italierazkoa bai eta beste zenbait erdaratako edizioak, eta, horrela, lana aldi berean argitaratu zen zortzi herrialdetan. Orain, 40 hizkuntzatan baino gehiagotan dago emana jadanik.

Bestalde, lanaren arrakastaren beste erakusle bat da telesail bat egiten ari direla eleberrian oinarrituta. Arrulak aitortu du horren atzean seguruenera badirela argudio literarioez aparteko motiboak, baina argitu du kritikak ere biziki goraipatu duela lana; besteak beste, Nollegiu saria eman diote. Orain, Salvionik bigarren nobela eman berri du, aurrekoari segida emateko: La malacarne.

Arrulak azaldu duenez, hain justu Reyk berak euskaratutako lan baten airea antzeman dakiokeBarrengaizto-ri: Elena Ferranteren Adiskide paregabea eleberriarena. Bai nobela horretan bai eta Salvionirenean bi neskatoren arteko adiskidetasuna delako funtsa batik bat, eta biak daudelako kokatuta Italian eta 1930eko hamarkadan. Hori horrela, bietan dute garrantzia besteak beste honako gai hauek: gerrak, sufrimenduak, libre izan nahiak. Gainera, Ferrante idazlearenak ez ezik, adituek Joyce Carol Oates idazle estatubatuarraren oihartzunak ere antzeman dituzte Salvioniren lanean. Edonola ere, konparazioetatik aparteko balorazioa egin du Reyk, irmo: «Lanak sekulako freskotasuna du».

«Interesgarria da ikustea nola bata [Francesca] dagoen arau sozialek lotu-lotua, eta bestea [Maddalena] pobreziak eta ospe txarrak lotua, eta nola duten biek helburu bera: libre izatea»

FERNANDO REYItzultzailea

Nobelako bi protagonista nagusien arteko harremana da horretarako osagai nagusietako bat. Hala Francesca zein Maddalena oso izaera diferentekoak direlako: Francesca familia oneko alaba da, eta, Maddalena, berriz, familia pobre batekoa, oso baztertua dago, eta jendeak sorgintzat dauka ia-ia, gaiztotzat. «Eta, adibidez, interesgarria da ikustea nola bata dagoen arau sozialek lotu-lotua, eta bestea pobreziak eta ospe txarrak lotua», erantsi du itzultzaileak. Haren esanetan, gainera, «hunkigarria» da ikustea bi neskatoek dutela helburu libre izatea, «emakumeari hain rol prefabrikatua ezarri zaionean ere».

Emakume izateari loturiko zapalkuntzei buruzko hainbat hausnarketa ere badira nobelan jasota, izan zeharka edo esplizituki. Hain zuzen, Txalapartak nobelaren atzeko azalean jaso du bat —Francescaren esaldi bat da, zehazki—: «Beharbada, handia eta emakumea izatearen funtsa hori zen: kontua ez zen odola galtzea hilero, ez eta gizonen komentarioak aditzea edo soineko politak izatea ere. Baizik eta, gizon batek begiradarekin ‘nirea zara’ esaten zuenean, ‘ni ez naiz inorena’ erantzutea».

Sortzetiko makurkeria

Nobela eszena gogorrez josia dago, hasiera-hasieratik. Italiako erregimen faxistan girotua izanik, asko dira bortizkeriaz blaitutako pasarteak, eta, gerrari loturikoak ez ezik, badira familia barreneko biolentziarekin ikustekoa duten zenbait eszena ere; hala nola aitek beren alaben kontra eginiko indarkeriari buruzkoak.

«Gaiztakeria bai, baina, hain zuzen, elkartasun eta maitasun handia dario nobelan kontatzen den istorioari. Eleberria bada, neurri handi batean, adiskidetasunaren aldarri bat»

GARAZI ARRULATxalapartako editorea

Gainera, gizakiak gaiztakeria berezkoa ote duen; hori da nobelak mahaigaineratzen duen galderetako bat. Gizakia sortzez eta betiko da gaiztoa? Arrulak ideia horrekin xaxatu, eta hala erantzun du itzultzaileak. Rey: «Ikusita historia gerren historia dela kasik, pentsa genezake gaiztakeria oso-oso barrenean dugula. Iruditzen zait gizakiak berezkoa duela berekoikeriarako joera apur bat, baina, bestetik, sentitzen dut maitasunerako eta besarkadarako sortuak garela; ez dakit». Eta hala, erdietsi dute Barrengaizto-ren beste deskribapen bat ematea ere. Arrula: «Gaiztakeria bai, baina, hain zuzen, elkartasun eta maitasun handia dario nobelan kontatzen den istorioari. Eleberria bada, neurri handi batean, adiskidetasunaren aldarri bat».

Editargi saria eman diote Fernando Rey itzultzaileari

Nafarroako Edizioaren Azoka egin zuten Iruñean urriaren hondarrean, Iruñeko Sarasateko pasealekuan, eta, besteak beste, bertan egin zuten Barrengaizto nobelaren aurkezpena. Fernando Reyk euskaratutako liburu zerrenda luze baten azken alea izan da, eta, hain zuzen ere, ibilbide hori aitortu nahi izan zion Nafarroako Editore Independenteen Elkarteak azoka horretan bertan. Editargi saria eman zioten, aitortza modura. Reyk 1997an plazaratu zuen lehenbiziko itzulpen literarioa —Sherlock Holmesen abenturak (Ibaizabal)—, eta, besteak beste, helduentzako 30 titulu baino gehiago euskaratu ditu ordutik, italieratik horietako asko. Itzulpengintzako Euskadi saria irabazi zuen 2007an, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez euskaratzeagatik (Igela, 2006).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.