Fikzioa eta historia uztartuta idatzi du Garazi Albizuak Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak eleberria. XIV. mendean Gaizkileen muga zeritzon lurretan gertatutakoa kontatzen du; hots, garai hartako Leitza irudikatzen du, eta Nafarroako Erresuman zeuden ezinegonak, borrokak, traizioak, lapurretak, botere harremanak eta beste jasotzen ditu. Fikzioa bada ere, testuinguru historiko batean kokatzen dira kontakizunak: 1327tik 1346ra bitartean, hain zuzen.
Idazlearen arabera, urte korapilatsuak izan ziren haiek, eta hainbat pertsonaia sortu ditu orduko gatazkak, oztopoak eta ekintzak kontatzeko: «Obra korala da, fikziozko pertsonaiak eta pertsonaia historikoak bilbatuta. Irakurleak horien bidez, euren begiradekin, jasoko du gertatzen dena; lekuko izango dira».
Liburua hiru ataletan banatuta dago; hain zuzen, Leitzako «hiru dorre» erabili ditu Albizuak narrazioa zatikatzeko. «Dorreak protagonistak dira, harrizko protagonistak, eta lekuko erraldoiak». Horien artean dago, adibidez, Iberoko dorrea. XIV. mendean eraiki zuten, Evreuxeko Karlos II.aren erregealdian (1349-1387), mugan gertatzen ari ziren etengabeko erasoen aurrean burdinola babesteko. Toki batetik bestera izandako tirabirak eta bizimoduak biltzen dira, beraz, liburuan. «Protagonista batzuk hasieratik bukaeraraino helduko dira, baina beste batzuk bidean geratuko dira».
Iñaki Zubeldia aritu da edizio laguntzaile lanetan; adierazi duenez, hainbat erreferentzia historiko ageri dira narrazioan, baina pertsonaietan jarri du arreta. «Nafarroako Erresuman garai hartan zeuden borrokak, Gipuzkoako ahaide nagusien intrigak, deserriratutako hesituak, lapurren tentazio iturri ziren burdinolak, gotorlekuak... denetik ageri da obra honetan, baina, batez ere,pertsonaiek dute indar izugarria».
Istorioak «laburrak bezain zirraragarriak» direla iritzi du. «Uste dut obra hau baliabide oso interesgarria izan daitekeela gure antzinako historia ulertzeko, miresteko eta sentitzeko, bai gazteentzako eta baita helduentzako ere». Ilustrazioak Amaia Ballesterosek egin ditu.
Dibulgazio lana
Eleberriaren aurkezpenean izan da Mikel Zabaleta Leitzako Udaleko zinegotzia ere, eta proiektua nola sortu zen azaldu du. Haren esanetan, Leitzako Udalak urteak eman ditu Iñaki Sagredo historialari eta arkeologoarekin lanean, Leitzako Erdi Aroko dorreak eta historia lantzeko eta aztertzeko asmoz. Hainbat informazio inguratu dute bidean, eta udalaren nahia zen hori ahalik eta gehien zabaltzea: «Modu diferenteak daude; horietako bat izan daiteke Iñakik berak landuko duen liburu bat. Baina herrian bertan ezezaguna zitzaigun Iberoko dorrea gazteei nola helarazi ari ginela, pentsatu genuen modu bat ere izan zitekeela eleberri historiko bat egitea. Nolabait, Iñakik landutako informazio hori guztia fikzioarekin nahastu, eta irisgarriagoa eta gazteentzat erakargarriagoa izan zitekeen lan bat egitea».
Albizuari egin zioten, orduan, liburua idazteko proposamena, eta baiezkoa eman zuen hark. Helburua lortu dutela uste du. «Askotan aipatzen da 1512an hasi zen konkista, baina honekin guztiarekin azaltzen da nola bi mende lehenagotik ere presio eta tentsio handia zegoen. Gaztelako erreinuak, Gipuzkoatik barrena kasu honetan, erasoak eta presioa egiten zion Nafarroako Erresumari. Leitza mugan egonda, erasoak, suteak, lapurretak, hilketak eta miseria pairatu behar izan zituen, eta hori guztia ere azaltzea nahi genuen. Leitza ia hustu egin zen bi aldiz; oso momentu latzak izan ziren. Horioso ondo adierazten du Garazik liburuan».
Eleberria irakurtzea gomendatu du Zubeldiak, Leitzelarreako gertakizun «zirraragarri» eta paraje «zoragarri eta misteriotsuez» gozatzeko. Albizuaren idazteko modua ere goraipatu du: «Estilo trinkotua du; kontzisoa, elipsi askorekin, esaldi laburrekin... Estilo berezi horrek kolpatu egiten zaitu batzuetan, indar narratibo izugarria daukalako».
'Gaizkileen Galtzada' liburua kaleratu du Pamiela argitaletxeak
Historia eta fikzioa uztartuta, Garazi Albizua idazleak XIV. mendeko Leitza irudikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu