Gaizkia ulertu nahi duen artefaktua

Anthoy Burgessen 'Laranja mekanikoa' nobela euskarara ekarri du Ion Olanok. Pertsonaien zein sistemaren «sadismoa» lantzen ditu

Ion Olano itzultzailea, Laranja mekanikoa liburua eskuan, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
«Hantxe geunden ni, alegia Alex, eta ene hiru druguak, alegia Pete, Georgie eta Tentel, zinez tentela baitzen Tentel, eta eseririk geunden Korova Esnetabernan geure rasudokei eraginez, erabakitze aldera zer egin arratsarekin, negu itzel ilun hozkirri sasiko baina lehor hartan». Ezagunagoa akaso Stanley Kubricken filmagatik Anthony Burgessen jatorrizko eleberriagatik baino, Ion Olanok (Donostia, 1983) euskarara ekarri ditu Alex eta druguen abenturak. Olanoren lehen itzulpen lana da Meettok argitaletxearekin egindako Laranja mekanikoa. Itzulpen bikoitza, nolabait, euskarara ekarri duelako, eleberriaz gain, Burgessek hartarako propio asmatutako nadsat hizkuntza.

Urte luzeetako lana argitaratu berri du Olanok, hamar urte baino gehiago igaro baitira bere kasa Burgessen nobela itzultzen hasi zenetik. A Clockwork Orange (Stanley Kubrick, 1971) filma ikusi zuen lehenengo: «Ez zitzaidan asko gustatu». Zalantzak zituen mezuarekin, «etsigarria» iruditu baitzitzaion pelikularen amaiera. Burgessen liburua irakurri zuenean aldatu zen dena: «Ikusi nuen obra hori ez nuela inondik ere ezagutzen».

Idazleak berak ere izan zuen arazoren bat edo beste Kubrickek egindako moldaketarekin. Uste zuen zinemagileak «ez zuela arduraz jokatu», eta, Olanoren ustean, Burgessek egin zuen horretarako ahalegina.

Ultraindarkeria ageriko gaia da kontakizun osoan: Alex bera «sadikoa» da, lagunekin elkartu ohi da arauak hautsi eta nahi dutena egiteko, jolasteko ia. Atxilo hartzen dute, ordea, eta berreziketa prozesu bat abiatzen dute harekin, Ludovico teknika, indarkeriazko iragana gainditu dezan.

Olanok liburuaren aurkezpenean azaldu zuen liburuko —eta, beraz, filmeko— indarkeria eszena ezagun batek Burgessen bizipenetan duela jatorria. Alex eta druguak idazle baten etxera sartzen dira, haren emazteak irekitzen die atea, eta jipoitu egiten dute bikotea, baita emakumea bortxatu ere. Bitartean, Singin' in the Rain abestia entzuten da filmean; protagonistak eta lagunek koreografia baten moduan disfrutatzen dute jipoia.

Idazlearen lehenengo emazteak, Llewella Isherwoodek, antzeko gertaera bat bizi izan zuen Bigarren Mundu Gerran, Londresen. «Hautsita geratu zen». Urte batzuk igarota, medikuak esan zion urtebetean hilko zela, buruko tumore bat zela eta. Orduan, Burgessek idazteari ekin zion ahalik eta diru gehien biltzeko. Bost eleberri idatzi zituen urtebetean; tartean, Laranja mekanikoa. «Ez da kasualitatea liburuan gertaera bortitz hori sartu izana. Bera [Burgess] da idazle hori, idazten ari den liburuak Laranja mekanikoa baitu izena».

Liburuaren eta filmaren artean, bukaeran dago alde nabarmena, Olanok azaldu moduan. Aurrez aipatu bezala, mezu etsigarria du Kubricken pelikulak: «Alex gaizto-gaiztoa da hasieran, eta gaizto-gaiztoa da bukaeran». Eleberriak, aldiz, proposatzen du eboluzio bat: «Pertsonaiak aldatzen dira, baina beren borondatez, ez kanpotik inposatuta».

Izenburuak berak eleberriaren amaiera horretan hartzen du zentzua, itzultzailearen ustean: «Gizakiok erabakitzeko gaitasuna daukagu gure ekintzen gainean. Bestela, ez bagenu izango gaitasunik aukeratzeko ongiaren eta gaizkiaren artean, izango ginateke laranja mekanikoak. Alegia, gauza bat itxuraz bizirik dagoena, baina barrutik mekanismo batzuek kontrolatzen dutena». Liburuan ez bezala, filmean ez da izenburuaren inolako aipamenik egiten, eta zentzua erabat ulergaitza da hura ikusita.

Hizkuntzarekin berrezten

Harkaitz Cano idazlearekin batera aurkeztu zuen liburua Olanok. Liburuaren epilogoa idatzi du Canok, bere ustean liburuan lantzen den gai garrantzitsu baten inguruan: berreziketa eta haren ezintasuna—. «Gizakia gaiztoa da berez ala inguruak giroturik gaiztotzen da?». Galdera horrek interes berezia pizten dio idazleari, eta, nahiz eta liburuak ere ez duen erantzun argirik ematen, baditu gogoetara eramaten duten hainbat pasarte.

Pertsonaia sadikoa da Alex, baina sistema bera ere sadikoa da harekin, «berreziketa lortzeko helburu edo aitzakiarekin». Hainbatetan landu da eleberria ardazten duen gaia, hau da, zenbait metodo erabilita, pertsonaren portaera alda daitekeen. Galdera hori egitean, zera izan ohi da ondorio nagusia, Canoren hitzetan: «Portaera bai, posible da aldatzea, baina izaera ez. Horren ondorioa litzateke heziketaren funtsa dela gure izaera disimula dezagun ikastea».

Berreziketa horretan, hizkuntzak betetzen du funtzio nabarmena, eta, funtzio hori azaltzeko, Burgessek hizkuntza propio bat asmatu zuen nobelarako: nadsat hizkuntza. «Errusieraki bat» da, eta erakusten du, Canoren ustean, idazlearen anbizioa: «Zertarako erabili denok erabiltzen dugun hizkuntza guk asmatu baldin badezakegu gure hizkuntza propioa?». Eta hori berreziketarekin lotzen du Canok, sistemak Alex pertsonaia berrezi nahi duen modu berean, Burgessek irakurlearekin egingo balu bezala esperimentua: «Sistema sadikoa da Alexekin, eta idazlea sadikoa da irakurlearekin».

Hizkera propio hori itzultzea izan da lanik nekezena Olanorentzat, baina baita liburuaren «baliorik handiena» ere. Nadsat hizkeran idatzitako 250 hitz inguru daude liburuan, eta, euskarazko edizioak atzealdean hiztegi bat badakar ere, jatorrizko lanak ez zion inolako lagungarririk eskaintzen irakurleari. Beste lan batzuetan ere egin izan zuen ariketa bera Burgessek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.