Gaizka Sarasolak irabazi du Cafe Bar Bilbao saria

'Lurrazpikoak' lanarekin nagusitu da euskarazko lanen atalean; Mikel Mikeo izan da garailea gaztelaniazkoetan

Sarasola ezkerrean eta Mikeo eskuinean, sariak jasotzen. ARITZ LOIOLA / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2014ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gaizka Sarasola Iartzabalek (Lesaka, Nafarroa, 1974) irabazi du Cafe Bar Bilbao euskarazko antzerki gidoi laburren lehiaketako saria, Lurrazpikoak lanarekin. Gaztelaniazko atalean, berriz, Mikel Mikeo Arraras (Atarrabia, Nafarroa, 1975) izan da irabazlea, La oferta Hutford lanari esker (Hutford eskaintza). Sarasolak 1.400 euro jasoko ditu sari gisa, eta Mikeok, 1.200. Horrez gain, saritutako bi idazlanak Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean argitaratuko dira, eta udaberrian Tartean konpainiak testu horien irakurketa dramatizatua egingo du taberna horretan.

Gaizka Sarasolaren Lurrazpikoak taberna batean gertatzen da, argia eten den gau trumoitsu batean. Linternen argipean, lau agurek meategian lan egiten zuten garaia oroitzen dute; etorkizun hobe batekin amets egiten zuten garaia ere izan zen hura.

Gaizka Sarasola txistularia eta musika irakaslea da. Mairu Antzerki Tailerra antzerki talde amateurraren bultzatzaileetako bat ere bada. Bere taldearen eta beste batzuen obretarako testuak eta musika idatzi ditu, Gilkitxaro taldearentzat, besteak beste. Horrez gain, Ixuriak eta Ez naiz deusen jabe diskoak argitaratu ditu Xabier Erkizia musikariarekin batera.

Mikel Mikeoren lan sarituak diruaren balioari buruzko dilema planteatzen du. Istorio horretan, morroi arrunt batek ezohiko proposamena jasotzen du: 50 milioi euro lortuko ditu «egia estali» eta espetxean hiru urte ematen baditu. Bi pertsonaia biltzen ditu obrak: Hutford, eskaintza egiten duena, eta Baldomero, onartu ala ez erabaki behar duena.

Mikel Mikeok Nafarroako Antzerki Eskolan egin zituen interpretazio ikasketak, eta bakarrizketa komikoak taularatzen dituen Movimiento Bola antzerki taldeko kide da gaur egun. Aipatu taldeak bi obra taularatu ditu dagoeneko, 59 Minutos eta VPO (Vivir para Pagar un hOgar), biak ala biak Mikeok idatzitakoak. Iaz bere bakarrizketen bilduma estreinatu zuen, Mikeando por la vida. Idazteaz gain, zuzendari lanak egiten ditu, antzeztu eta joko dramatikoko eskolak eman.

Mikel Martinez lehiaketaren sustatzaile eta aktoreak azaldu duenez, aldi honetan aurrekoetan baino lan gehiago aurkeztu dira: 16 lan euskaraz eta 27 gaztelaniaz. «Denetatik egon da: umorezko piezak, gizarte kritika egiten dutenak, dramak, parodiak, antzerki dokumentalista, surrealista... Kalitatea orokorrean oso ona izan da, batez ere euskarazko lanen atalean». Lanak baloratzeko orduan, kalitateaz gain, kontuan hartzen da deialdian eskatzen dena, hau da, «ekoizteko eta muntatzeko lan errazak izatea eta ordu erdi inguruko iraupena izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.