«Idatziko duzu zerbait gutaz? Erakutsi dizut, ikusi duzu! Hitz egin gutaz, bai?». Gizon palestinar bat mintzo zaio Joe Saccori, Nablusko Hiri Zaharrean, 1991ko neguan. Baina beste askoren ahotik ere antzeko mezua entzun zuen komikigile eta kazetari estatubatuarrak hurrengo egunetan. Palestinan eman zituen bi hilabete haietan, hitz egin zuen nekazariekin, manifestariekin, preso egondako lagunekin, haien senideekin, ospitaleetako gaixoekin, errefuxiatu guneetako biztanleekin... Palestina liburuan bildu zuen bidaia horren emaitza; komiki-kazetaritzaren azpigeneroan aitzindaritzat jo izan da obra, eta American Book saria irabazi zuen. Astiberrik euskaraz publikatu du orain komikia, Julen Gabiriak itzulita.
Duela urte batzuk irakurri zuen komikia itzultzaileak, eta, orain, «ikuspuntua apur bat aldatuta, dokumental moduan» hartu duela azaldu du. «Dokumental immertsibo bat da, eraman egiten zaituena istorioaren barrenera. Testualki askotxo eskatzen du liburuak, eta grafikoki nahiko txundigarria da; oso gainera etortzen zaizun komiki bat da». Palestinarren eguneroko latza zuri-beltzean erretratatu zuen egileak, haien kontakizunei eta ikusten zuenari segika.
Gabiriak Art Spiegelmanen Maus komikia ekarri zuen euskarara 2022an, eta, hain justu, lan hori aipatu du Palestina obraren testuingurua azaltzean. Izan ere, Maus-ek Pulitzer saria jaso zueneko eta liburu bakarrean argitaratu zuteneko garaian izan zen Sacco lurralde okupatuetan. «Ez dut uste berak hau askotan aipatu duenik, baina nik eragin hori ikusten diot. Esango nuke berak komikigintzaren mundutik hori jasoko zuela ziur, eta igual antzeko zerbait egin nahi izango zuela, baina nolabait aldenduz eta bere eremura ekarriz, bera kazetaria baita».
«Garai bateko erretratu baten moduan har daiteke komikia, baina egungoa ere baden egoeraren aurrekari historikoak ere ekartzen ditu».JULEN GABIRIAItzultzailea
Hain zuzen, Lehen Intifadaren amaiera aldean palestinarrek bizi zuten egoeraren kronika bat egiten du Saccok, baina gaurkotasunik galdu ez duena. Gabiria: «Garai bateko erretratu zehatz baten moduan har dezakezu, baina gaur egungoa ere baden egoera horren aurrekari historikoak ere ekartzen ditu, eta hori bereziki garrantzitsua da orain, gaur egungoa ulertzeko balio baitigu». Batik bat Gogora nazazu izeneko ataleko testu luzea eskaintzen dio egileak testuinguru historikoa aletzeari.
Egilearen azalean jartzeaz
Iazko udaberrian hartu zuen Gabiriak komikia itzultzeko ardura, eta prozesu «oso intentsoa» izan dela azaldu du. «Testu asko du, eta detailetxo asko kontrastatu behar ziren. Bestetik, egileak oso erregistro informala erabiltzen du, gazte kutsukoa, eta Estatu Batuetako pop kulturako erreferentzia asko, oso barne kontsumokoak».
Nolanahi ere, harentzat ez da hori izan zailtasunik handiena, baizik eta Saccoren tonua bere egitea. «Kosta egiten zait hitz zehatza aurkitzea; ez dakit sarkasmoa den, zinismoa, arinkeria, edo halako nagusitasun moral bat. Eta niretzat bere azalean kokatzea izan da zailena». Halako errealitate gordin baten erdian, txantxak maiz egiten ditu egileak, baita bere burua protagonistatzat hartu ere, eta horrek «deserosotasuna» sortzen ziola aitortu du Gabiriak. «Dena den, Saccok esan izan du bere hasierako asmoa zela hara joan eta gertatutako anekdotak kontatzea, arreta bere buruarengan jarriz. Baina nahiko arin konturatzen da, egoerak gaina hartzen dio, eta orduan hasten da baretzen, tonua aldatzen, protagonismo hori aparte uzten, eta errealitatean gehiago zentratzen».
Behin horrekin «berradiskidetuta», gozatu ere egin du bidean. «Itzulpena ja jolas moduan hartzen duzunean, gozamena da».