Gainbehera baten kronika

Unai Villenak drogazaletasuna eta buruko gaitzak landu ditu 'Hauts haietatik' bere lehen nobelan

Lehen liburua du Unai Villena idazle elgoibartarrak. 2014an Igartza saria irabazi ondoren ondu du orain aurkeztutako eleberria. JUANCARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Luzaroan buruan jirabiraka izan ditu Unai Villenak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) orain paperera eramandako gogoetak. Erietxe psikiatrikoen egunerokoa eta drogen desintoxikazio zentroen errealitatea barrutik ezagutu duten hainbat ezagutu ditu idazleak, eta, azkenaldian, buelta asko eman dizkio gaiari. Gertuko kasu horietatik abiatuz, dokumentaziora jo zuen, eta ohartu zen bazegoela zer kontatua. Baita kontatu ere: eleberri itxuran jaso ditu hausnarketak, Hauts haietatik liburuan (Elkar). «Fikzio bat, errealitate batetik abiatua», autorearen hitzetan. Atzo goizean aurkeztu zuten lana Donostian, eta arratsaldean Beasainen (Gipuzkoa). Liburua, izan ere, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Igartza sariaren ondorio da; 2014an irabazi zuen Villenak saria, eta orduan jasotako bekaren fruitu da orain aurkeztutako liburua.

Drogen zurrunbiloan erori eta gain behera doan gazte baten istorioa kontatzen du eleberriak, haren lagun min baten begietatik. Droga mendekotasunean murgildua, buruko gaitza agertzen zaio protagonistari, eta errenkadan datozkio terapia, desintoxikazio prozesu eta erietxe psikiatrikoetako tratamenduak. Esperientzia horren kontakizuna josi du Villenak, baina tokia gorde dio salaketari ere: «Liburuak psikiatrikoan jasotako tratua salatzen du, eta baita hortik irten ostean gizartean duen estigma eta lagunarteko estigma ere. Hori guztia hor azaleratzen da».

Izan ere, gizartean buruko eritasunekiko dagoen jarrera du hizpide Villenak bere lanean. Gaiarekiko ezjakintasuna sumatzen du inguruan, eta baita aurreiritziak ere. Finean, eguneroko ogia izanagatik, oro har, urruti sentitzen dituelako gizarteak buruko gaitzak: «Halako zerbait gertutik bizi arte ez dugu kontzientziarik hartzen atzean dagoen guztiaz. Gertuko zerbait da, baina, aldi berean, urruna ematen du». Eta akaso horregatik, ez dira buruko gaitzak gainerako eritasunak onartzen diren modu berean onartzen: «Buruko gaitzena beste kontu bat da».

Antzera gertatzen da droga mendekotasunarekin ere, Villenaren ustez. «80ko hamarkadan, heroinak sekulako sarraskia eragin zuen Euskal Herrian, eta horrekin lotu ohi da droga mendekotasuna. Baina horrek iraun du, eta bada beste mendekotasun bat, anfetamina eta diseinuzko drogena, kalte asko eragin dituena, baina ikusezinagoa dena».

Arazorik larriena, ordea, bi faktoreak lotzerakoan dator; drogen mendekotasunak eta buruko gaitzek bat egiten dutenean. «Koktel horrek nora eza eragiten du». Eta hortik ere, bide batez, salaketa: «Droga mendekotasuna bada ere buruko gaixotasuna, baina gure osasun sistema publikoak ez du horrela tratatzen. Bi gauza ezberdin balira bezala tratatzen dira, oso lotuta daudenean».

Bidean geratutakoak

Protagonistaren bitartez, 80ko hamarkadaren hasieran jaiotakoen belaunaldiaren «zirriborroa» osatu du idazleak eleberrian, nahiz eta belaunaldien sailkapena erabat argi ez izan: «80ko hamarkadaren hasieran jaiotako belaunaldiak haurtzaro oparo eta gizarte hedonista bat bizi izan du, eta batzuk lortu dute aurrera egin eta oso ondo kokatuta egotea. Baina beste batzuk bidean geratu dira, eta nobelan bidean geratu den horri buruzko ikuspegia erakusten da. Beharbada ez da orokorra, baina hor dago».

Argazkia erakusteko, bestalde, «puzzle» egiturara jo du Villenak nobela antolatzerakoan. Hiru motatako atalak bildu ditu, gaiari buruzko ahots eta testigantza ezberdinak jasotzeko. Eta pasarte horietako askoren hasieran, azken hamarkadetako euskal musika taldeen kanta zatiak paratu ditu. Gomendioa ere egin du idazleak, kapituluari ekin aurretik kantu hori entzuteko, «erritmoak eta giroak» bat egiten duelako idatzitakoarekin. Finean, liburua «puzzle musikatu bat» dela uste du egileak.

Lanaren egitura «konplexua» dela aitortu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, baina konplexua izanagatik irakurtzeko arina dela dio, jakin-mina pizten duelako, «kuriositatez orria pasatzera» bultzatuz. Eta hori, azken batean, Villenaren dohaina dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.