'LA MONTAÑA'
Testua eta zuzendaritza: Mikele Urroz Zabalza, Iñigo Rodriguez-Claro. Antzezlea: Mikele Urroz Zabalza. Zuzeneko kamera: Lucia Ezker Rekalde. Soinu- espazioa: Jose Pablo Polo. Argiztapena: Fermin Izko. Lekua: Iruñeko Gaiarre antzokia. Eguna: Martxoak 6.
Gaiarretik pozez gainezka irten gara. La Montaña/Mendia proposamenaren kalitatea eztabaidaezina delako, baina, batez ere, deskubrimendu sentsazioaz atera garelako kalera. Gehitu horri Iruñeko antzokian publikoaren eta sortzaileen artean zegoen konplizitatea. Atzoko emanaldia eta ondoren ataria ikuslez bete zuen solasaldia ezagunen arteko erritual gisako antzerki moduan sumatu nuen nik. Eta hori gutxitan gertatzen da.
Gai originala da. Señor Serranoren The Mountain (2020) alde batera utzita, alpinismoa ez dut inoiz teatroarekin lotuta ikusi orain arte. Dena den, katalanen antzezlan hartan Everest mendira lehenbiziko espedizioa aitzakia argumentala baino ez zen egia-osteaz mintzatzeko; eta, hemen, berriz, mendia benetako protagonista dugu. Plaka tektonikoen talkatik jaiotzen da; hartara, gizakiak bezala, geruza ezberdinen batuketaren emaitza dela diosku protagonistak. Orobat dio mendiak asko ematen eta asko kentzen diela alpinistei, eta, batez ere, gailur altuenetan ibiltzen diren emakumeei. Eta askotan emazte horiek normalak baino ez dute izan nahi, eta, hartara, depresioak eta krisialdi existentzialak izaten dituzte batzuek.
Pablo Messiezen aginduetara hainbat aldiz lan egin du Mikele Urrozek, eta bakarrizketa formatuan aletzen dizkigu emakumezko alpinista baten kezkak eta oroitzapenak. Terapia saioetako aitorpenen lekukoak gara ikusleok. Protagonistak goi mailako alpinismoan ekiteari utzi nahi dio, baina altueraren grina kutsatu zion osabak bere errautsak haizatzeko eskatu dio zendu aurretik. Horrela, kontraesanean, beste behin Himalaiako tontor elurtu moduko batera igo beharko da. Lehengo eguna, bigarren eguna, hirugarren eguna... Arriskuan, Herioa ondoan. Bateragarria al da kirola baino gehiago den praktika hau eta familia? Eta bikote harremanak? Txikitako oroitzapenen errepresentazioak tartekatzen ditu aktoreak oso egiatia den puntako antzezpenean. Aldi berean, Luzia Ezkerren kamera grabatzen ari dena proiektatzen digute. Haren begirada zenitalari esker, eskalatzen eta elur-ekaitzaren zurrunbiloan sentitzen gara. Dispositibo osoak primeran funtzionatzen du kontatu nahi dutena irudikatzeko. Objektu pertsonalak, familiaren diapositibak, zuzeneko proiekzioa, maketak, mugimendu-sentsoreak sortzen dituen irudiak, soinuak aire bafadak imitatuz... Obra honetan ezer ere ez dago sobera. Kode garaikidea ondo ulertzen du publikoak.
Informazio gutxirekin joan da kritikari hau Gaiarrera, eta ez du hori ohikoa. La Montaña/Mendia 2023ko Erriberriko Jaialdian estreinatu zenean, ihes egin zigun antzezlanak, eta gauza bera gertatu zitzaigun Azpeitiko Dinamo Sormen Guneko egonaldian pieza borobildu zutenean ere. Gainera, kritikari diglosiko hau erdarazko bertsioa baino ez zegoela sinetsita zegoen. Barka nazazue, eta erne egon: Nafarroan zehar emanaldiak egingo baitituzte. Eta ea programatzaileek gainontzeko euskal lurraldeetan zabaltzen duten euskarazko bertsioa, bederen.