«Sinplistak da liburu panfletario bat», adierazi zuen Hedoi Etxartek atzo Donostian, Sinplistak (Susa) aurkeztean, bere bigarren poema liburua. «Sinplistak da liburu manikeo bat», esan zuen pixka bat geroxeago. «Gaia konplexuegia dela dioenaren helburua normalki izaten delako gaiari buruz ez hitz egitea. Sinplistak da liburu bat gorroto dituena turista iritzi-emaileak; politikari buruz politikan aritu gabe iritzia eman nahi duten horien aurkakoa; Sinplistak dago osatuta karikaturaz. Dago jende histrionikoa, desplazatua, jende arrunta, hori delako gaur egun interesgarriena dena».
Argudioen sinpletasuna demagogiarekin nahasteak, gaiak konplexuak direla eta ertzasko dituztela esateak, erabateko zuzentasun ideologikoa bilatzeak edo eskatzeak… asko zabaldu diren jokabide politikoki zuzen batzuek, Etxarteren ustez, arazoen, injustizien eta gehiegikerien kontrako erreakzioak eragozten dituzte maiz askotan. Liburuan istorio asko kontatzen eta gai asko jorratzen baditu ere, ideia hori da Sinplistak liburuan nagusitzen direnetako bat, izenburuan ere isla argia izateaz gain.
Ikuspegi horrekin bat datorren honako adierazpen honekin hasi zuen liburuaren aurkezpeneko bere agerraldia poetak: «Artea eta propaganda gauza bera dira. Ni ez naiz takigrafo bat. Ez noa grebara ikustera mobilizazioa egoki garatzen den. Ez ditut langileak entzuten, ez ditut langabeak entzun behar, ez diet adostasunik adierazi behar. Greba orokorrean mintzo naiz mintzo denarekin, oihu egiten dut norbait oihu egitean %60an ados banago planteamenduarekin edo formarekin. Adibidez, 'Yolanda Barcina, putakumea' esaten badute, nik oihukatzen dut, nahiz eta niretzat putak denok garen eta puta ez den irain bat; eta ulertu hor badagoela gustatzen ez zaidan sexismo bat. Baina politika lehentasun kontu bat da, eta badakit putakumea dioenak ez duela lan merkatuko beste eskaintza bat mespretxatzen. Eta falazia filologikoan ez engaiatzeko aritzen direnen argudio horiek dira, zergatik ez esan?, klase mespretxu bat, oihu egiten ez hasteko aitzakiak. Eta nik esan nahi dut: Artur Mas gure etsaia da».
Poetak nondik idazten duen
Poeta non kokatzen den, poetak nondik idazten duen ere argitu zuen, ahobizarrik gabe: «Ni naiz Hego Euskal Herriko 219.000 langabeetako bat. Ni naiz Blanca Urgell eta Lurdes Auzmendik euskararen alde egin ez dituzten %9ko murrizketengatik lanik eta diru sarrerarik gabe gelditu den beste euskaltegiko irakasle bat. Eta nago, gainera, Isabel Zelaak Mariano Raxoiren babesarekin kaleratu zituen 3.800 irakaskuntzako publikoko irakasleekin batera. Eta nago baita ere atzo Isabel Zelaaren hitzak jaso zituzten kazetari gero eta prekarioago horiekin batera. Eta parean daude, horrela, nahiko modu manikeoan, 3.800 irakasle horiek bota zituzten une berean kontratatu zituzten 500 ertzain berri». Hori guztia dago jasoa liburuan, Etxartek dioenez, «eta baita ere behin-behinekotasun ekonomiko eta diskurtsiboak gure afektibitatea eta sexualitatea nola aldatzen duten, eta geure buruari zer tranpa egiten dizkiogun bizirik irauteko».
Adierazpen batzuetan, politikoki ez-zuzena izatearekin batera, formari begiratuta poetikoki ez-zuzentzat jotzeko modukoa da batzuetan Etxarteren liburuko poesia. «Sintaxi aldetik pobrea» da liburua eta, hizkerari dagokionez, sofistikazioaren antipodetan dago, egilearen iritziz. «Sinplistak oso hitz gutxirekin idatzita dago, eta ez du marrazkirik, azalekoa kenduta. Sinplistak ez da liburu berezi bat. Sinplistak ez da liburu berritzaile bat. Sinplistak da liburu intelektual bat, gizakiaren askapena nahi duen pertsona oro intelektuala delako, eta ezin duelako egin nahi duena».
«Hedoi Etxartek bezala ez du inork poesia idazten euskaraz», esan zuen Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak Sinplistak aurkeztean. «Hedoi Etxarteren poemek ez dute batere antzik beste inork idazten duen poesiarekin. Artifiziorik gabe idazten du ia, bizkor, biluzik, eta poema batzuetan zakarra ere iruditzen ahal zaio bati baino gehiagori Sinplistak, oso direktoa baita, izenburutik hasita».
Egilearen aurreko poema liburuarekin ere —Suzko liliak, Susa, 2008— ez du antzik edo zerikusirik Sinplistak liburuak, Arreseren ustez. «Lehen liburu hura eta hau guztiz dira diferenteak, alde guztietatik begiratuta, eta esaten ahal da Hedoi poeta berri bat dela liburu honekin». Etxarteren bigarren poema liburua «oso soziala» da, Arreseren iritziz. «Gaur egungo bizimodu arruntaz dihardu: amodioa eta sexua; lana eta langabezia; gizartea eta kultura; herriko azoka edo museoa; ideologiak eta politika; kapitalismoa edo borroka bortitza…».
Hiru zatitan banatuta dago liburua. «Sinfonia bat da», Arreseren ustez, «parte bakoitzean erabiltzen dituen gaiak bariazioak balira bezala errepikatu, garatu eta osatu egingo dituelako zatirik zati. Zati bakoitzak hamalau poema ditu, eta hiru zatiak simetrikoak dira: lehen zatiko lehen poemak zerikusia du bigarren zatiko lehenengoarekin eta hirugarren zatiko hirugarrenarekin; lehen zatiko bigarrenak bigarren eta hirugarren zatiko bigarrenarekin… Eta, obra musikal bat balitz bezala, interludioak ditu ezarriak atalen artean, arnasa luzeko bi poema».
47. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
«Gaia konplexuegia dela dioenaren xedea gaiaz ez hitz egitea izaten da»
Hedoi Etxartek 'Sinplistak' poema liburu «panfletario» eta «manikeoa» kaleratu duArgitaratu duen lana «intelektuala» dela adierazi du egileak,«gizakiaren askapena nahi duen oro intelektuala delako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu