Zeruaren eta infernuaren arteko guda bat. Horixe izango da Komedia madarikatua antzezlanaren abiapuntua. Tomas Afanena da jatorrizko testua, Saioa Iribarrenek zuzendu du pieza, eta haren gidaritzapean aritu dira Pabiloi 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiako sei aktoreak: Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sanchez eta Aitzol Villahoz Prieto. Gaur arratsaldean estreinatuko dute lana, Bilbon, Zorrotzaurreko Pabiloi 6 aretoan; antzokiaren urteko lehenengo estreinaldia izango da.
Gizartean puri-purian dauden gatazkak jarriko dituzte mahai gainean antzezlanaren bitartez. «Infernuaren eta zeruaren arteko guda zaharra kontatuko da; lurtarrak jainkotiarra oztopatzen duenean, ustekabeko bira bat emango du zeruaren eta infernuaren arteko antzinako borrokak», aurreratu du Saioa Iribarren zuzendariak. «Espazio apokaliptiko bat» erakutsiko dute, Luix Mitxelena aktorearen arabera: «Gerra garaia islatuko da, eta, azken finean, egoera horrek obra guztia girotuko du».
Antzezlana korala izango da. «Aktoreak ez dira sartu-irtenean ibiliko: oholtzan egongo dira une oro», adierazi du zuzendariak. Gainera, horietako bakoitzak pertsonaia batena baino gehiagorena egingo du. «Pertsonaia asko tartekatuko dira. Ni, esate baterako, lurtar guztien goi ordezkaria izango naiz, batetik; eta armadako kide bat, bestetik», kontatu du Mitxelenak. Erronka «oso aberasgarria» izan dela nabarmendu du aktoreak, eta pozik dago bizi izan duen esperientziarekin.
Oro har, «dramaren eta komediaren artean» mugituko da antzezlana, zuzendariaren arabera: «Oso gai potoloak modu komikoan plazaratuko ditugu». Gizakiaren manipulazioa eta botere harremanak izango dira, besteak beste, gai nagusiak. «Gaur egungo errealitatea islatuko dugu, ez da arrotza egingo», gaineratu du.
Tomas Afan egilearen Tríptico infernal da jatorrizko lana, eta haren egokitzapena egin du Iribarrenek: «Bi testu eskaini zizkidaten Pabiloi 6koek, eta hauxe zen horietako bat». Testua hasieratik iruditu zitzaion «interesgarria», baina zehaztasun batek piztu zion bereziki arreta: «Gidoia modu eskematikoan idatzita zegoen, eta horrek aukera eman digu gure irudimena praktikan jartzeko. Geure egin dugu testua bera». Idoia Barrondok ekarri du euskarara.
Datozen egunetan, obraren euskarazko eta gaztelerazko bertsioak emango dituzte. Gaurtik igandera bitarte, euskaraz taularatuko dute antzezlana, eta, otsailaren 3tik 26ra bitarte, berriz, gazteleraz emango dute. Emanaldiak ostiral, larunbat eta igandeetan izango dira.
Profesionalizazioa xede
Denera, hiru hilabete eman dituzte antzezlana prestatzen. Euskaraz egin dute sorkuntza prozesu osoa, eta azken asteetan aritu dira gaztelerazko bertsioarekin. «Euskarazko antzerkia sustatu nahi dugu, lekua eman nahi diogu», azpimarratu du zuzendariak. Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo aritu dira zuzendari laguntzaile gisa. Antzezle taldearen energia eta ikasteko gogoa ere nabarmendu nahi izan ditu Iribarrenek, eta harekin bat etorri da Mitxelena: «Lan giro oso erosoa izan dugu».
Aurreko aldietan bezala, oraingoan ere hautaproba baten bidez aukeratu dituzte Komedia madarikatua antzezlanean parte hartu duten kideak, eta Iribarrenek nabarmendu du kosta egin zitzaiela erabakia hartzea: «Guztira, 80 pertsona inguruk eman zuten izena, eta horietatik sei aukeratu behar izan genituen. Aukeraketa zaila izan zen: oso jende ona zegoen».
Pabiloi 6 Antzerki Laborategiak 2015ean abiarazi zuen Gazte Konpainia. Euskal Herriko bateko eta besteko antzerki eskoletan ikasketak amaitu dituzten ikasleei aurreneko esperientzia profesionala eskaintzea da asmoa, eta antzezlan bat taularatuz borobiltzen dute programa. Ordutik hona, hainbat aktore ibili dira hartan, eta, orotara, zazpi lan taularatu dituzte. Rey desnudo y chico muerto estreinatu zuten iaz, esate baterako. Oraingoz, Pabiloi 6 aretoko emanaldiak baino ez ditu iragarri konpainiak, baina aurrerantzean gehiago egiteko asmoa dute: «Ikuskizun arina da, eta jarraipena izatea espero dugu».