Mikel Hernandez Abaitua. Idazlea

«Gai eta estilo aldaketa bat behar nuen»

Iruzurra, beldurra, lotsa eta maitasuna. Horiexek, Mikel Hernandez Abaituaren azken nobelaren ardatzak. Dibertimendu gisa hasi omen zuen 'Airearen isla'; eta, konturatzerako, espero baino mardulagoa bihurtu ei zitzaion.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Etorriko haiz nirekin? (1991) izan zen lehena; Ohe bat ozeanoaren erdian (2001) bigarrena; trilogia osatzea agindua zeukan aspaldi; pentalogiaz ere mintzatu zen 2010ean. Euskal gatazkari buruzko saila itxi gabe dauka oraingoz, baina, Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959), «betiko gai ilunak» aldi baterako baztertzea eta bestelako idazkera bat jorratzea erabaki zuelako. Hortik sortua du Airearen isla (Elkar) nobela.

Etengabe idazten duten idazleetakoa zara?

Baietz esango nuke. Idazten dudan guztia ez da argitaratzen, baina, eta poliki, lasai idazten dut. Bestalde, fikzioa utzi nuen, tesia egiteko, baina ez diot inoiz utzi idazteari.

Airearen isla-k zerikusi gutxi du aurreko zure bi nobelekin osatzen hasitako trilogiarekin, bai gai aldetik bai idazketa aldetik. Tartean, doktore tesi bat idatzi duzu, esan bezala. Liburu hau arindua hartzeko ariketa bat izan al da zuretzat?

Hasiera batean, hori zen asmoa. Fikzioa ez zen idazketan aritu nintzen [Ramon] Saizarbitoriari buruzko tesiarekin, eta konturatu nintzen pixka bat herdoilduta nengoela fikziorako. Euskal gatazkari buruzko trilogia osatzeko hirugarren nobela nahiko prestatuta neukan: Italian gertatzen zen, behin baino gehiagotan egon nintzen aukeratutako tokian, dokumentatuta neukan, konexio batzuk zeuzkan hemen... Halako batean, plagio baten gaia atera zen, Saizarbitoriarekin eta Iñaki Aldekoarekin noizean behin egiten dudan tertulian, eta pentsatu nuen horren inguruan zerbait idaztea, pixka bat entrenatzeko.

Divertimento moduan?

Bai, hasiera batean bai. Erraza izango zela pentsatu nuen, zerbait laburra idaztea. Ehun bat orrialdekoa imajinatu nuen. Fikzioa izaki, gai literario hori norbaiten bizitzan gertatu behar zen, eta norbaiten bizitza hori eraiki. Amodiozko istorio bat pentsatu nuen. Konturatu nintzen aurreko bi nobeletan ez zegoela. Erabaki nuen nobela honetan ez zela inor hilko, inork ez zuela inor hilko; eta, desmaitasunaren ordez, maitasuna egongo zela. Behar nuen aldaketa bat.

Terapia moduko bat egin duzu liburu honekin, beraz.

Bai, terapia egin dut. ETAk berriro ekintzarik ez zuela egingo esan zuenean, neure buruari esan nion ez nuela gogorik gehiago idazteko horri buruz. Asko sufritzen nuen lehendik gai horrekin, eta horretaz idazteko beharra neukan. Hori ere terapia bat zen, nahiz eta jendea haserretu idazten nuenagatik. Horregatik, ETAren jakinarazpenaren ondoren, gai eta estilo aldaketa bat behar nuen.

Estilo aldetik, ez zait erraza egin hirugarren pertsona lehenaldian erabiltzea. Zehar estilo librea landu nahi nuen. Erabaki nuen hau ez zela izango nobela zaila egitura aldetik eta. Literatura zaila, iluna eta tristea egiten dudala esan izan didate, eta hau nobela tradizionalagoa izatea erabaki nuen, lasai ibiltzea. Eta, hala ere, ez zait erraza egin.

Hirurehun orrialde idatzi dituzu.

Orrialde bakoitza asko landu behar izan dut, irakurleak lan asko egin gabe irakur zezan. Aurreko bi nobelak baino zailagoa egin zait hau idaztea. Zerotik hasi nintzen guztiz. Fitxa piloa egin nuen, dena planifikatu. Eta dena xehetasunez kontatzea gustatzen zaidanez, bada, luzatu egin zitzaidan.

Zure liburuaren amaiera zoriontsua dela esango al zenuke?

Amaiera zoriontsua du. Bai. Egia esan, ez nuen pentsatu amaiera aldez aurretik. Beste batzuetan bai, baina honetan ez. Ez nekien seguru nola bukatuko zen nobela. Asko aldatu da idatzi ahala. Hasiera batean, nire asmo bakarra plagio literario batez aritzea zen.

Plagioaren gaiari gailendu zaio azkenean maitasun istorioa. Ez al da bigarren planoan geratu iruzurraren gaia?

Bai. Giro literario bat sortzeko asmoa neukan, baina ez dut hainbeste garatu azkenean. Alter ego batzuk sortu ditut, baina hori ere gehiago landuko nuela uste nuen. Ez da hala izan.

Literatura kritikari eta editorea da pertsonaia nagusia.

Bai, eta irrati esataria ere bai. Rock musika saio bat darama, gainera. Alde horretatik, ez naiz gauza izan nirekin zerikusia duten egoerak erabat atzean uzteko. Neskaren kasuan, lanbide ezohiko bat aukeratu nuen: autobus gidari bihurtu nuen; opera, artea eta literatura gustuko dituen gidari bihurtu ere. Kontua da orain emakumeak ikusten ditudala autobus guztiak gidatzen [barrea].

Plagioaren gaira bueltatu gaitezen. Benetako plagio kasu batean oinarrituta dago gainera.

Bai. Hitzez hitz kopiatutako testuak dira. Eta hortxe daude.

Ramon Saizarbitoria aipatu duzu lehen. Ramon Saizarbitoria aipatzen duzu liburuko hitzaurrean. Tesia egin duzu haren lehen lanei buruz. Beti duzu hor.

Bai. Lagun handia da. Azukre xehea gatz larria liburuan kontatzen nuen bezala, Oh Euzkadi!-koak etorri zitzaizkidan, eta hala ezagutu nuen. Aldez aurretik ere asko gustatzen zitzaidan. Koldo Izagirreren lana ere pixka bat ezagutzen nuen. Zergatik bai narrazio liburua, esaterako, izugarri maite diot. Saizarbitoriaren Egunero hasten delako Donostian ikasle nintzela irakurri nuen, garai hartako nire euskara kaskarrarekin. Hain normal eta modernoa zen, hain benetakoa zen kontatzen zuena...

Modernitatea aipatu duzu, eta nonbait irakurri dizut garai hartan euskal kultura erdal kultura baino modernoago ikusten zenuela. Gaur egun gauza bera esango al zenuke?

Irudipena besterik ez da, baina orain antzekoagoak gara denok. Garai hartan oso liluratuta nengoen Saizarbitoria, Jose Luis Zumeta, Mikel Laboa eta halakoekin. Aurrerakoiak ziren, abangoardia. Oso erakargarria zen ikustea jendea zeinen aurrerakoia zen ideologia eta arte aldetik.

«Literatura engaiatua gatazkari buruz hitz egiten duena da», irakurri dizut duela hamar urteko elkarrizketa batean. Zein da gaur egungo literatura engaiatua zure ustez?

Bueno, euskal gatazkari buruz aritzea literatura engaiatua egitea zela esan nahiko nuen. Eta noski, bazeuden beste gai asko ere literatura engaiatua idazteko. Esaterako, egoera soziala, injustiziak. Baina bueno, euskal gatazkaz beti saiatu naiz idazten eremu neutral batetik edo. Hori dela eta, batzuek esaten dute hori ekidistantzia dela eta gaizki dagoela. Eta, orain, beste batzuek diote ETArenak direla biktima bakarrak. Inori ez diot ikusi kontakizun osoa, objektiboa egiteko gogoa orain arte. ETAren biktimek esango dute beraiena askoz objektiboagoa dela, baina nire ustez ez da horrela. ETAk hildakoen ahaideak ez dira terrorismoaren biktima bakarrak. Eta bai, salatzen dut ETAk hil izana, baina zergatik joan behar dute hain urruti presoen ahaideak haiek bisitatzera, beren biziak arriskatuz, legeak hurbil behar dutela dioenean? Hori ezin da ukatu.

Fernando Aranbururen Patria irakurri al duzu?

Ez. Ez dut irakurri nahi izan. Ez daukat gogorik gai horretaz aritzeko. Beharbada, egunen batean idatziko dut horretaz, baina jende guztiari ari zaio kostatzen objektiboa izatea. Eta gainera, bilatu dute trikimailua objektiboak ez izateko. Ekidistantea izatea gaizki dagoela esan, eta besteen biktimak ikusteari uko egiten diote. Batzuk harrotu egin dira. Asko sufritu dute, baina horrek ez die ematen beste biktimak ez ikusteko baimena. Hemen egon zen Meliton Manzanas torturatzaile hura ere laudatu beharreko biktima bat da? Hemen zapalkuntza handia egon da. Hemen estatuak talde terrorista bat sortu zuen, aizu! Hori ere ezin da esan orain? Epaitu eta kartzelara sartu zituzten! Nire aitona fusilatu zutenen izenak ezin dira esan?

Hurrengo liburua izango ote duzu trilogiako azkena?

Bada, bi liburu ditut oraintxe buruan. Lehen aipatu dudan trilogiako azkena bat; eta gerra zibilari buruzkoa bestea.

Aipatu duzun aitona fusilatuaren ingurukoa?

Bai. Nire aitona [Jose Luis Abaitua Perez] fusilatu egin zuten Azazetan, beste hamabost pertsonarekin batera. Abertzalea zelako, EAJko Araba Buru Batzakoa. Xabier Landabururekin batera eraman zuten atxilotuta; frankisten aldeko testu bat mehatxupean sinatu arazi zieten. Horrekin askatu zituzten. Gero, Landaburuk ihes egin zuen; aitonak ez.

Landaburuk ihes, hain zuzen ere, nire beste aitonari esker egin zuen. Aitaren aitaren ganbara batean egon zen ezkutatuta; handik, aitonaren Citroen furgonetara jaitsi eta Gasteiztik alde egin zuen. Nire aitona hori abertzale batekin ezkonduta zegoen. Amona hori ere atxilotu egin zuten, abertzalea izateagatik, eta aitonak, emaztea kartzelatik atera ahal izateko, Landaburu ateratzeko erabili zuen furgoneta bera koronel baten zerbitzura jarri zuen. Koronelaren gidari lanak egin zituen.

Gai hori ere gogorra da.

Bai. Euskal gatazkari buruzko hirugarren alea, aldiz, ez litzateke hain gogorra. Baina zail egiten zait oraindik ere gai horri berriz ekitea. Baina horiexek dira buruan ditudan lanak.

Duela lau hilabete argitaratu zenuen nobela. Tarte bat ere har dezakezu, ala?

Lasai nago, baina pixka bat errudun sentitzen naiz beti, idazten ari ez banaiz. Ez dakit zergatik. Azkenean, zeure buruarekin ari zarenean idazteko lanean, on egiten dizu. Terapia moduko bat da, egia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.