Gabriela Zendoiaren 1.400 argazki-liburuak, San Telmo museora

Bildumagileak eta museoak akordioa sinatu dute lanok katalogatu eta eskuragarri jartzeko. Bi urteko epean egingo du lana museoak

Azkarate, Zendoia eta Soto, atzo, San Telmo museoan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gabriela Zendoia Bergaretxek (Donostia, 1958) azken 12-15 urteotan erositako 1.400 argazki-liburu San Telmo museoko gordailuetarako bidean daude. Atzo sinatu zuten akordioa Miren Azkaratek (Donostiako Udalaren izenean), Susana Sotok (San Telmo museoaren izenean) eta bildumagileak, museoan egindako ekitaldian. Ondoan zituzten Zendoiak berak museora bidalitako lehen 100 aleak, tartean, Alec Sothen Broken Manual, Daniel Mayriten You haven't seen their faces, Cristina de Middelen Afronauts eta japoniar egile askoren liburuak.

Gustura eta esker oneko agertu zen Zendoia ekitaldian. Bai San Telmo museoarekin, bai Donostiako Udalarekin, baita akordioa erdiesteko lagun izan dituenekin ere. Juan Pablo Huercanos aipatu zuen lehenik, haren bitartekaritzarik gabe ezinezkoa litzatekeela esateko. Donostiako Photobook Clubeko kideak ere gogoan izan zituen, haien begien bitartez hasi omen zen-eta ikusten bere bildumaren balioa. «Besteen begiradek egin dute bilduma nire bilduma. Ni hasieran ez nintzen jabetzen neukanaz. Sare sozialetan eta Photobook Clubean sartzeak ekarri nau egungora», esan zuen.

Fotolibros y algo más bloga izan du orain artean etxean pilatzen joan den liburuak gizarteratzeko tresna. «Azken urteetako argazki-liburu ugalketak konpultsiboki erostera ekarri nau. Hau ez da bilduma perfektua, baditu hutsuneak, baina nire kezken isla da». Gatazkak, gerra, poesia, egunkari intimoak, identitatea, nerabezaroa, krisi soziala, emakumeen borroka, memoriaren beharra... aurki daitezke liburuotako argazkietan.

Museoaren konpromisoa

Atzo sinatutako akordioaren arabera, museoak Gabriela Zendoia bilduma gordeko du bere Dokumentazio Gunean, hamar urtez «gutxienez». Susana Soto zuzendariaren esanetan, akordioaren xede nagusia «bildumari ikusgarritasuna ematea eta jendearentzat eskuragarri jartzea» da, bildumagileak berak hala nahi izan duelako eta museoa ere bat datorrelako horrekin. Zehazki, bi urteko epean bilduma katalogatzeko, kontserbaziorako beharrezkoak diren baliabideak bideratzeko eta eskuragarri jartzeko konpromisoa hartu du museoak. Horrez gain, bilduma aberasteko eta «argazkigintzaren egungo egoeraren eta etorkizuneko garapenaren ezagutzan sakontzeko» programazioa prestatzeko konpromisoa ere hartu du. Gaur bertan izango da lehen ekitaldia: Kazuma Obara fotokazetari japoniarrak Argazki-liburua: arte-objektu narrazioduna hitzaldia emango du museoan, 19:00etan. Iazko World Press Photo saria irabazi zuen argazkilariak, Jendea atalean, Txernobylgo zentral nuklearrari buruzko lan bategatik.

Argazki-liburuak izango ditu hizpide gaur Obarak, eta halako lanen azken hamarkadako loraldia nabarmendu zuen atzo Sotok: «Hizkuntza narratiboa eransten diote argazkiari; genero berri bat dira, eta munduko puntako museoetan tokia hartzen hasiak dira. Gabriela Zendoia bilduma azken loraldi horren lekuko oparoenetako bat da, eta puntako tokian jartzen gaitu bere lagapenarekin».

Jon Cazenave argazkilariak lehendabiziko argazki-liburua ekarri zuen gogora atzoko ekitaldian: Anna Atkinsen British Algae: Cyanotype Impressions (Alga britainiarrak: zianotipia inpresioak, 1843). Gaur arte halako lanek izan duten bilakaera eta eragina ere nabarmendu zituen: «Bilduma honek halako lanen poetikara, narratibara, konpromisora, protestara eta propagandara hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen digu».

Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak, azkenik, atzokoa San Telmorentzako «egun garrantzitsua» zela adierazi zuen, argazkigintzari balioa emateko bidean. Zendoiaren eskuzabaltasuna ere goratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.