Nazioartean proiekzio handia duen artista da Gabriel Chaile (San Miguel de Tucuman, Argentina, 1985), hasieratik material «pobreekin» lan egin duena eta artea modu horretan ere egin daitekeela aldarrikatzen duena. Argentinan hasi zuen ibilbidea, eta Portugalen jarraitzen du egun, Lisboan beste lagun batzuekin partekatzen duen estudioan. Duela hilabete batzuk jaso zuen Donostiako Tabakaleraren eskutik bere lanaren lehen atzera begirakoa prestatzeko proposamena, eta beretzat ere erabat «argigarria» izan dela onartuz aurkeztu du emaitza, So eginez aldatu ginen izenpean. «Lana horrela erakustea hunkigarria da; baina sentsazio nahasiak ere sortzen ditu, beste sasoi batzuetako sentsibilitatea errebisatzea ere eskatzen duelako. Obra guztiek dute bere istorioa eta inguruan bere jendea, artista gisa zutitzen lagundu nautenak».
Andrei Fernandez kudeatzaile eta ikertzaileak egin ditu komisario lanak, eta dozena bat pieza dira denera, eskulturak, instalazioak eta marrazkiak, artistaren hastapenetatik hasi eta haren sorkuntzarik berrienetaraino. Elkarren arteko oihartzunak eragiten dituzten lanak dira, antzinakoa eta garaikidea, tokikoa eta globala zein norbanakoa eta kolektiboa elkarrizketan jartzen dutenak. Otsailaren 2ra arte egongo da zabalik.
Parabola (2013) da aretora sartu eta bisitariak topatuko duen lehen lana. Bere ibilbidearen hastapenak, eta zehazki, egun erabiltzen dituen materialen —kartoia, metala, argia, adreiluak, arrautzak, metala— hasiera markatzen duelako erabaki dute han jartzea. «Buenos Airesen bizi nintzen, egoera ekonomiko oso zail batean. Lagun batek eta biok espazio bat sortu genuen egiten genuena erakusteko, eta espazio hartan zegoen bakarra material hauek ziren», azaldu du.
Garai hartan, Atahualpa Yupanqui eta David Bowie asko entzuten zituela ere kontatu du, zeinak irudiak beste modu batera ikusten lagundu zioten, «modu onirikoago, metaforikoago batean». Zoruan zabaldutako kartoizko laukizuzen batek eta sabaitik zintzilikatutako pendulu batek osatzen dute, besteak beste, obra. «Pertsona batek lo egiteko moduko espazio bat eratu nahi nuen. Bibliako istorio batekin lotzen nuen; nola Jakobek lotan dagoen bitartean eskailera batean gora eta behera aingeruak ikusten dituen. Irudiaren elementu sinpleak eta poetikotasuna gustatzen zitzaizkidan».
«Eskasiaren ingeniaritza»
Handik ezkerrerantz eginda daude erakusketako obra gehientsuenak. Han daude, esaterako, adobez egindako tamaina handiko Chailen eskulturak —Veneziako Bienalean parte hartu zuen 2022an, eskultura handien sailarekin—. Irene Isabel (2024) aurkeztu du orain, tartean. Amari eta antzinako oinordetzari egindako omenaldi bat da, eta 2016an Argentinaren independentziaren bigarren mendeurrenaren harira egindako lan baten bertsio bat ere bada. «Argentina Argentina izan aurretik gertatzen zen horretan zentratu nintzen, eta nire etxekoen istorioekin —nire amona artisau indigena bat izan zen— eta arkeologiarekiko nire pasioekin konektatu nuen berriz».
Segidan datorren lanetako bat da Eskasiaren ingeniaritza (2012), artistak bere familiaren, lagunen, auzotarren jokabideak behatuz sortu zuena. Berogailu bat da izan, adreilu bat zuzenean korronte elektrikora konektatzean pizten dena. «Asko erabiltzen dira muturreko egoeretan, beste baliabiderik izan ez eta elektrizitatea lapurtzen duenean batek, adibidez. Espetxeetan ere erabiltzen da, eta aurrekoan batek esan zidan hemen bere aitonak ere erabiltzen zuela landa lanetan». Bere sormen prozesuekin loturarik ere ikusten dio artistak: «Nire lanean beti dago arazoak konpontzearen potentzialitatea».
«[Arrautzen eta adreiluen artekoa] Konbinazio oso berezi bat iruditzen zitzaidan; biak dira zelulak, eraikinena bata eta bizitza batena bestea»GABRIEL CHAILEArtista
Artistaren obran gehien errepikatzen den gaietako bat labe eskulturak dira, artistak erresistentzia komunitarioaren sinbolo bihurtu izan dituenak. Eta ildo bertsutik, eskultura bihurtutako eltze batzuk ere badira aretoan, «aurreko bizitza batean» Argentinako jantoki komunitarioetan erabili zirenak.
Eltzeak eta arrautzak. Parabola obran ikusiko du bisitariak lehena, eta biderkatuta topatuko ditu aurrerago beste obra batean. Kasu horretan, altura batera altxatuta eta sabaitik metalezko ardatz bana zuzentzen zaiela. Memorian gordetako irudi batetik datorrela azaldu du artistak: «Nire aitari lanera jatekoa eramaten nionetan, arrautza egosiak adreiluen gainean jartzen zituen; eta niri iltzatuta geratu zitzaidan irudia. Konbinazio oso berezi bat iruditzen zitzaidan, antzekoak dira eta ezberdinak aldi berean; eta biak dira zelulak, eraikinena bata eta bizitza batena bestea».
Forma komunitarioak
Erakusketaren eskuin hegalean, bestalde, obra handi batekin egingo du topo bisitariak. Tucuman oihana (2024) da, adobez, egurrez, metalez eta egur ikatzez egindako mural gisako bat, nahiz eta artistak «pelikula» deitzen duen. «Artea egitetik niri gehien gustatzen zaidan gauzetako bat irudikatu eta asmatu ahal izatearen magia da. Marrazki bizidunak ikaragarri gustatzen zaizkit, eta otu zitzaidan animazio bat egitea ondo legokeela. Gero ikusi nuen zer lan duen atzetik, eta labar artearekin oroitu nintzen. Nola kobetan margotutako irudiak mugitzen hasten diren suarekin, koben arkitekturagatik eta marrazkiak eginda dauden moduagatik». Ideia horiei segika, tapirusen arteko istorio bat sortu du Tucumango oihanean, eta aulkiak eta bisitariei marraztera gonbidatzen dieten orri zuriak jarri dituzte parean.
«Lisboako estudioa autoikasketarako eskola erako bat da. Hango kideak ez dira artista gisa autopertzibitzen, baina artearekin esperimentatzera animatzen dira»
GABRIEL CHAILEArtista
Haren atzean, berriz, Chailen lan egiteko modu kolaboratiboa gehien azaleratzen duen lana dago. Ez da berea, hark erakusketara gonbidatu duen Tomas Bargao Henriques artista portugaldarrarena baizik —jendaurrean aurkezten duen haren lehen lana da—. «Hemen jarri dugu lan eskultorikoa egin bitartean atzean gertatzen den guztia azpimarratzeko», azaldu du. Izan ere, elkarlanean jardutea zutarrietako bat da Chaileren jardun artistikoan. «Nire kasuan, lan eskultorikoa ez da lan bakartia, kolektiboa baizik. Lisboako estudioak sormen laborategi modura funtzionatzen du, autoikasketarako eskola erako bat da, ekoizten segitzeko dudan haztegia. Hango kideek ez dira artista gisa autopertzibitzen, baina niri gehien interesatzen zaidana da artearekin esperimentatzera animatzen direla».
Eduardo Txillidaren mendeurrena dela eta, eskulturak protagonismo berezia izan du aurten Tabakalerako programazioan, eta ildo horretan antolatutako erakusketetan azkena da Chailerena. Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak esan duenez, badira zenbait elementu Txillidaren eta artista argentinarraren obrak konektatzen dituztenak —«biek partekatzen dute tokikoarekiko, naturarekiko, telurikoarekiko interesa; eta biek lortu dute hizkuntza artistiko propio bat garatzea, norbere nortasun kultural propioari lotuta baina nazioarteko artearen hizkuntzarekin ere lotzen dena»—, baina bien artean badira sakoneko diferentziak ere, haren ustetan. «Historia kolonialaren zamarekin» lan egitearen bereizgarria aipatu du. «Gatazka sozial eta politikoen formarekin gaur arte irauten duen zerbait da hori. Erakusketan ikusiko ditugu horren erreferentziak eta baita gatazka horiei aurre egiteko modu komunitarioei dagozkien formak ere».