Gabriel Arestiren lehen garaiko poema argitaratu gabe bat topatu dute

Arestik 1955. urtean idatzi eta orain arte ezezaguna zen 'Errota gorria' olerkia eskuratu du Jon Kortazar EHUko irakasleak. Gaur dira 91 urte Aresti jaio zela.

Gabriel Aresti. BERRIA
Gabriel Aresti. BERRIA
edurne begiristain
2024ko urriaren 14a
15:22
Entzun

Gabriel Aresti poeta eta idazleak (Bilbo, 1933-1975) hainbat poema argitaratu gabe utzi zituen bizi zela, eta horietako batzuk argitara eman dituzte azken urteotan. Duela bi urte, esaterako, ikasle garaian gaztelaniaz idatziriko bi soneto topatu zituztela azaldu zuen Jon Kortazar EHUko Euskal Literaturako katedradun eta irakasleak. Bada, orain arte argitaratu gabe zegoen idazle bilbotarraren beste olerki bat eman du argitara Kortazarrek: Errota gorria.

«Nire laguna/ errota gorrian/ eiozu astiro/ nire maitasuna». Horrela du hasiera Arestik 1955ean idatzitako eta orain arte ezezaguna zen Errota gorria poemak. Jon Bernat Zubiriren familiak Kortazarren esku utzi du olerkia, eta haren zenbait pasarte ezagutzera eman ditu EHUko katedradunak Vocento taldeko egunkarietan. Jakinarazi duenez, Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia doktoreak eta berak aurrerago argitaratuko dute osorik olerkia, idazkiaren azterketa osatua egin eta gero.

Aresti jaio zela 91 urte bete dira gaur, eta data horren karietara eman du poemaren berri Kortazarrek. Orain arte ezezaguna zen olerki horrek Errota gorria du izenburu, eta Moulin Rouge azpititulu. Irakasleak aztertu du poema, eta, adierazi duenez, Osane Zubiri izeneko neska bati eskainia dagoen amodiozko olerki bat da. Arestiren lehen garaikoa da. Lehen bertsoak Meli Esteban orduan bikotekide zenari eta aurrerantzean eta hil arte emazte izango zuenari eskainita daude: «Orienteko perlea/ Nobia neurea/ Biotzeko puskea... Piko melatua/ sagar eztitsua». Poemaren beste pasarte batean, ordea, beste neska batekin gertatutakoa azaltzen dio Arestik Estebani; honela dio bertsoak: «Kantadu gura deutsut/ Amabi bertsotan/ Euskotar neska bate / Zer egindu eustan/ Ene biotza orduan/ Erdibitu jata/ Ikasi neban ondo/ Dolorea zer zan».

Kortazarrek gogora ekarri du Angel Zelaieta idazleak poetari buruz idatzitako biografian eman zuela Arestiren gaztaroko maitasun horren berri; haren arabera, emakume batekin ibili zen Aresti Meli Esteban ezagutu aurretik, eta neska hori Osane Zubiri Otazua zen (1937-2018). Poema honetan Arestik Estebani aitortzen dio Zubirirekin maiteminduta zegoela.

Olerkian, Arestik 1953ko urriaren 5ean gertatutako zerbaiten berri ematen du. Egun horretan lagun talde batek txangoa egin zuen Urbiako zelaietara, Aizkorriko mendilerrora, eta egun hartan zerbait berezia sentituko zuen neska batengatik. Honela deskribatzen du poetak: «Andratxu arek eukiten eban/ Ulle bellegi lastoa/ Eta begiak azul azulak/ Zelan balira itsasoa». «Andereño hark ile hori lastoa eta begi urdin-urdinak zituen, itsasoa balira bezala». Eta zera aitortzen du gero poetak: «An ezagutu neban neskea/ Bai azartuko nintzake/ Orain esaten bildur barikan/ Apur bat nebala maite». «Han ezagutu nuen neska. Orain ausartuko nintzateke beldurrik gabe esatera pixka bat maite dudala». Kortazarrek kontatu duenez, Arestik Errota gorri poema igorri zion Osane Zubiriri 1955eko Gabonetan, bere argazki batekin batera.

Arestiren eta Zubiriren arteko harremana amaitu zenean, idazleak Es preferible olvidar que sufrir boleroaren letra bidali zion neskari gutun batean. Bien arteko harremana islatzen duten argazkiak, gutunak eta aipatu poema gorderik izan dira orain arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.